Produktu ekologikoak, bizimodu osasuntsua eta kontsumo arduratsua dira asteburuan Gasteizen egingo duten Bioaraba feriaren hiru zutabe nagusiak. Filosofia horrekin bat egiten duten 75 erakustoki baino gehiago jarriko dituzte Iradier Arena eraikinean. Ekologiak atal bat baino gehiago dituela erakutsiko dute: besteak beste, nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, arropa eta osagarri naturalak landuko dituzte.
Beste bizitza eredu bat badela erakutsi nahi dute azokaren bidez. Ekoizterakoan nahiz kontsumitzerakoan ingurumena errespetatu daitekeela sinesten dute antolatzaileek, eta kontzientzia bultzatuz gero, naturarekiko jarrera arduratsua izan dezakeela gizarteak. Horretarako, topagunea antolatu dute hainbat esparrutan adituak diren profesionalek, ingurumenarekiko konpromisoa duten enpresak, instituzioak eta gaian interesa dutenak biltzeko. Bigarren ekitaldia du aurten azokak. Joan den urtean 30.000 bisitari joan ziren hara, eta aurten beste hainbeste izatea espero dute antolatzaileek.
Erakustokiak jarriko dituztenak, batez ere, arabarrak izango dira. Baina handik kanpoko jendeak ere parte hartuko du. Horien artean izango dira, besteak beste, nekazariak, abeltzainak eta ekoizleak. Mota guztietako elikagaiak erosi ahal izango dira: barazkiak, gazta, fruta, gozoak, ogia, sagardoa, txakolina, olioa, haragia... Dena den, elikaduraz harago doa egitasmoa, eta,bestelako produktuak ere izango dira eskuragarri: arropa, garbiketarako produktuak, kosmetikoak...
Produktuak erosteaz gain, bezeroek haien kezkak zuzenean saltzaileei azaltzeko aukera izango dute. Gainera, hitzaldiak prestatu dituzte, jendea informatzea baita egitasmoaren helburu nagusietako bat, naturarekin arduratsuak izan daitezen. Helduak ez ezik, haurrak ere azokara joatea nahi dute, haien heziketan eragitea beharrezkoa dela sinetsita.
Atzo ireki zuten feria, eta, gaur, 11:00etatik aurrera egongo da zabalik. 12:00etan izango da antolatutako lehen ekintza: Artepan, Gascoi eta Orikitxa markako produktuen dastatzea izango da. Horren ostean, 13:15ean, eraikin ekologikoak lastoz egiteko sistema bat aurkeztuko dute. Arratsaldean, 17:30ean, Gasteizko Waska jatetxeko Carlos Davalos sukaldariak erakustaldia egingo du, eta, hura amaitutakoan, 18:30ean, antzeko erakustaldi bat izango da Slow Food elikadura moduaren berri emateko.
Bihar, 12:30ean, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko kideek hitzaldia emango du. 17:00etan, hidrogenoarekin aberastutako uraren onuren berri emango dute, eta, horren ostean, Javier Lorentek barre terapia landuko du. 19:00etan, Utarak kontzertua emango du.Bioaraba feriaGaur, 11:00etatik 21:00etara, eta, bihar, 11:00etatik 20:00etara, Gasteizko Iradier Arenan.
Ekologiaren topalekua
Produktu ekologikoak eros daitezke gaur eta bihar Gasteizko Bioaraba ferian. Hitzaldiak emango dituzte jendeak ingurumena errespeta dezan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu