Ezer erosi gabe inor gutxi ateratzen da egun hauetan Irungo Ficoba eraikinetik (Gipuzkoa). Berrikuntzak ikusi, probatu eta, nahi izanez gero, erosi egiten ditu hara joaten denak. Hainbat erostera joaten dira, baina bada ikusmiran joaten denik ere. Izan ere, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien azoka egiten ari dira Ficoban atzotik.
Azokaren hiru pabiloiak zeharkatzean, ingurumena abiapuntu duten hainbat produktu ikus daitezke. Guztira 160 saltoki daude, eta nork bere produktuak eskaintzen ditu.
Atzo zabaldu zuten Bioterra, eta bihar iluntzean itxiko dute. Bitartean, ikusi, dastatu eta erosteko aukera zabala izango da.
Krisi ekonomikoak eragina duen arren, gora egin du azken urteetan Ficoban ekologiaren inguruan bildu den ekoizle kopuruak, eta, haiekin batera, baita erosle kopuruak ere. Iaz baino %15 erakusmahai gehiago daude aurten azokan.
Naturari kalterik egin gabeko produktuak saltzen dituzte: ekologikoki landutako arropak, apaingarriak, jakiak... Gainera, aditzera ematen dute etxeak nola eta zein materialekin eraiki, natura hainbeste hondatu gabe.
Azokara sartu bezain laster ikus daitezke saltzaileak bezeroei azalpenak emateko erabiltzen dituzten teknikak. Batzuek publiko zabalago bati azaltzen dizkiete euren produktuak, proiektore baten laguntzarekin; beste batzuek, masajeak ematen dituzte han bertan; besteek, arrautza frijituak eta oilasko erreak prestatzen dituzte zartagin berezi batzuekin. Bisitariek adi-adi entzuten dituzte azalpenak.
Hiru gunetan bereizita
Erakusketa hiru gunez osatuta dago: Geobat lehen pabiloian, Naturall bigarrenean, eta Bioterra hirugarrenean.
Geobiologiari, bioeraikuntzari, energia berriztagarriei eta kudeaketa ekologikoari buruzko erakusmahaiak daude lehen pabiloian. Han daude Energiaren Euskal Erakundeak jarritako bi auto elektriko. Handik gertu dago Alet energia berriztagarrien enpresa. Bertako arduraduna azalpenak ematen ari zaio aurrean bildu den taldeari: «Gehienbat, berokuntza sistemari dagokiona lantzen dugu». Biomasa galdarak ezartzen dituzte, eta honela azaldu du salmahai horretako arduradunak: «Biomasa galdarek ez dute ez gasolio edo propanorik erabiltzen, ez baitute energia fosilik behar. Egurra edo pelleta (egur prentsatua) erabiltzen dute. Ekologikoa izateaz gain, energia kostuen %80 aurrezten da».
Etxe bat eraikitzean ingurumenaren babesa kontuan hartu nahi bada, derrigorrezkoa da lehen pabiloian arreta jartzea. Han bada etxebizitza non kokatzen den eta eraikitzeko zer material erabiltzen den materialak kontuan hartzen duen salmahairik ere.
Bigarren pabiloia osasunaren eta ongizatearen gunea da: kosmetika, higiene naturala, ehungintza eta osagai naturalak aurki daitezke han, besteak beste. Edozein alorretan egin daitezke aurrerapausoak ingurumena babesteko, baita haurren eremuan ere. Bigarren pabiloiko Meitai Maitie postuan, telazko pixoihalak, motxilak eta kristalezko botilak eros daitezke, besteak beste. Salmahai horretako arduradunak azaldu duenez, geroz eta jende gehiagok jakin nahi du berrerabil daitezkeen produktuen berri. «Pixoihal berrerabilgarriek oso harrera ona izan dute. Zaborra murriztu eta dirua aurrezten da. Gainera, ez du produktu kimikorik, zorionez haurren azalarentzat».Azaldu du haur bakoitzarekin 2.000 euro gasta daitezkeela betiko fardelak erabilita. Fardel berrerabilgarrien kasuan, 220 euro balio du sorta batek, eta betiko balio dute.
Osasunarekin lotura duten erakusmahai ugari daude bigarren pabiloian. Bada etxea garbitzeko azken berrikuntzak aurkezten ari denik ere. Vrowerk Kobold enpresa xurgagailu bat aurkezten ari da alergia edo asma dutenentzat egindakoa. «Duela sei hilabete atera zen merkatura. Material birziklagarriz egina dago, eta egokia da arnasteko zailtasunak dituztenentzat», esan du salmahai horren arduradun Maite Otamendik. Azalpenak eman dituen bitartean, hainbat lagun xurgagailua probatzen aritu dira, salmahaian bertan jarri duten zola bereziaren gainean.
Hirugarren pabiloia nekazaritza ekologikoko ziurtagiria duten elikadura enpresek osatzen dute. Ingurumena errespetatuz eta produktu kimikorik erabili gabe egindako jakiak dastatzeko aukera ematen dute erakusmahaiek. Besteak beste, gazta, jogurtak, ogia, gozoa eta barazkiak dastatu daitezke.
Denetariko jarduerak
Azokaren osagarri gisa, gainera, hainbat hitzaldi prestatu dituzte, bisitariengan ingurumenari buruzko kontzientzia areagotzeko. Gaur, etxeko ura berotzeko eguzki berogailuen txanda izango da. Hitzaldi batzuk ere izango dira: toxikorik gabe nola bizi; burujabetasun energetikoa nola lortu; eta klima aldaketaren nondik norakoak. Biharko jardunaldia, berriz, barauari buruzko hitzaldi batekin hasiko da; tailer bat ere egingo da biosaltokietan frutak eta barazkiak nola maneiatzen eta kudeatzen diren erakusteko.
ATZEKOZ AURRERA
Ekologiaren mesedetan
Produktu ekologikoen eta ingurumenaren babesaren aldeko Irungo Bioterra azokan, 160 erakusmahai daude hiru pabiloitan banatuta; bihar arte egongo da zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu