Elikadura. Eko-tik

Ekolapikoa jangelan; eta gure etxean?

2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Azken asteetan Ekolapiko egitasmoa askoren ahotan dabil. Duela lau ikasturte jarri zen martxan eskola jantokietan elikagai ekologikoak eta menu orekatuak txertatzeko programa. Egun, 5 ikastetxetan martxan da eta egunean 500 neska-mutikok menu ekologikoa jateko aukera dute. Hala ere, egunero eskoletan jaten den menu kopurua askoz handiagoa da. Ekolapikoa eskola denetara ezin da iritsi, baina zer gertatzen da gure etxeetan? Zenbat menu edo otordu egiten dira egunean? Jakina da, dugun lan erritmoagatik, askok bazkaria etxetik kanpo egiten dugula, baina zer gertatzen da gainontzeko otorduekin?

Ziur gehienok etxean gosaltzen dugula edo beharko genukeela, eta ziurrenik afaria ere etxean egiten dugu, familia giroan. Hamarretako eta merienda ohitura gutxi dugu nagusiok, baina etxeko txiki gehienek jaten dute mokadutxoren bat goiz erdian eta arratsaldean eskolatik atera eta gero. Nolakoak dira, baina, etxean egiten ditugun otorduak? Ekolapikoren osagaietatik oso urruti al daude? Ekolapikoren osagai nagusiak gure etxean txertatzea ez da horren zaila. Horretarako, bertako garaian garaiko barazki eta fruta ekologikoak menu orekatu baten barruan sartu behar ditugu etxeko lapikoan. Hasiera baten zaila dirudien arren, geroz eta errazagoa da bertako produktu ekologikoak lortzea. Hona hemen adibide erabilgarri batzuk: herrian egiten diren betiko azoketara joan gaitezke barazki ekologikoak erostera. Herri gehienetan izaten dira asteroko azokak, eta gure baserritarrak pozik asko jaisten dituzte mimoarekin ekoitzitako barazkiak azoketara, guk etxean plater goxoak presta ditzagun. Bertako barazkiak belar denda batzuetan ere aurki ditzakegu. Belar dendetan, gainera, hainbat produktu lor ditzakegu gure otorduetarako; gosaltzeko azukrerik gabeko labore ekologikoak, adibidez, eta makarroi integralak, etxean prestaturiko tomate goxoarekin jateko besteak beste. Egun, herri askotan kontsumo taldeak jarri dira martxan. Bertakoa, garaikoa eta ekologikoa kontsumitzeko aukera bikaina ematen digu ekimen horrek, eta ekoizleei zuzenean erosteko aukera ona da. Taldearen arabera, hainbat produktu lor daitezke; barazkiak, lekariak, arrautzak, ogia, esnekiak edo haragia. Erosketa poltsa modu erosoan betetzeko aukera bikaina.

Beraz, Ekolapikoa etxean txertatzea ez da horren zaila; agian, kontsumo ohitura batzuk aldatu beharko ditugu, baina ziur asko, emaitza ikustean, pailazo ezagunek dioten bera esan dezakegu: «Ez izan tontolapikoa, hautatu Ekolapikoa!»

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.