Komunikazioa. Unax Ugalde. Aktorea

«Ekoizpen hauek irekiak eta eztabaidarako aproposak dira»

'El asesinato de Carrero Blanco' telefilmaren bigarren eta azken atala emango du gaur gauean ETB2k. Argalarena egiten du Ugaldek.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Gaztea izan arren, ibilbide oparoa du Unax Ugaldek (Gasteiz, 1978). 21 urterekin joan zen Madrilera, eta han A las once en casa, El Grupo eta Periodistas telesailetan aritu zen, besteak beste. 2002. urtetik aurrera, ordea, zinema munduan murgildu da. Savage Grace, Love in the Time of Cholera, Che, el argentino eta Bon appétit filmetan agertu da. El asesinato de Carrero Blanco aurkeztu bezperan, Baztan film ertaina grabatzen egon zen. Egunotan Erroman da 3Dko Dracula berezi batean lanean.

Azkeneko urteetan ez duzu telebistarako lan egin. Telebistako ikus-entzule askok gogoz hartuko zuten berriro zu bertan ikustea. Zer diozu?

Tira, nik ere badut gogoa haiek zinemara joateko gu ikustera. Desio bikoitza izango da. Carrero Blancorena beste film bat da, telebistarako film bat azken finean. Aurrekontu handia da. Eta hala ere, film baten aurrekontuarekin bi egin ditugu. Lan asko egin genuen, lan gogorra.

Zinemaren lan moldeetatik ezberdina izan da ala beste film batean aritzea bezala izan da?

Ez da berdina. Telebistarako ekoizpenetan ez duzu hain eroso lan egiten. Azkar egin behar da dena, baldintzak ez dira berdinak. Dena den, casting-a sekulakoa zen. Eta Nacho Faerna gidoilari eta ekoizlea beti egon da aktoreoi laguntza ematen. Emaitzarekin pozik gaude.

Gidoia pasatu zizutenean zer zenekien Carrero Blancori buruz eta atentatuaz?

Dezente nekien. 1980ko Operación Ogro filma aspaldi ikusia nuen, eta gaiaz asko irakurria nuen. Ostera, telefilma egiterako orduan ez nuen berriro filma ikusi. Ez nuen beste interpretazio batzuen «kutsadura» jaso nahi. Baneuzkan istorioari buruzko datu batzuk, baina liburu gehiago irakurri nituen, eta pertsona batzuekin hitz egin nuen, Argala hobeto ezagutzeko. Garrantzitsua da nabarmentzea hau thriller politiko bat dela, eta ez biografia bat. Pertsonaietan naturaltasuna lortu behar zen, ez bakarrik datuak eta datuak eman.

Telefilman Carrero Carrero da, baina Argala Arriaga da. Zergatik ez dute Argalaren izena mantendu?

Nik uste dut lege arazoak daudela hor.

Ekoizle eragileak adierazi zuen ETAko kideen pertsonaiak dramatizatu egin nahi zituztela. Ezin zirela guztiz fidelak izan.

Benetako historian esan dezakeguna da Argala ETAko teoriko garrantzitsua izan zela. Haren diskurtso politikoa handia zen. Marxista ona zenez, asko irakurtzen zuen. Langileen egoera garrantzitsua zen berarentzat, eta askatasun nazionalarekin uztartzen zuen. Thriller politiko honetan, aldiz, haren alde teoriko hori oso gutxi agertzen da.

Nolakoa izan zen Miguel Bardem zinemagilearekin lan egitea?

Oso ona. Berarentzat ez zen lan erraza izan, ia 90 pertsonaia baitzeuden. Grabaketak zailtasun ugari zituen. Eta atzekoz aurrera joan ginen. Baina aktoreengan konfiantza asko izan zuen eta taldea primeran koordinatu zuen.

Telefilmak zer esana emango duela iruditzen zaizu?

Bai, noski, zer esana egongo da. Ekoizpen hauek irekiak dira, eta benetan zer gertatu zen eztabaidatzeko aproposak. Iluntasunera argia ekartzeko oso ona da. Askok aldaketa bat espero dugu, eta atzera begiratzea garrantzitsua da aurrera joateko. Telefilm honi esker jendeak gaiaz hitz egingo duela uste dut.

Duela egun batzuk Mikel Elizalderen Baztan filmean parte hartu duzu. Zer pertsonaia jokatu duzu bertan?

Agote batena egiten dut. Agoteen mundua eta errepresioa agertzen dira filmaren zati batean, eta bestean XX. mendera egiten du jauzi.

Euskaraz filmen bat egiteko gogorik ba al duzu?

Ez dut gogoa euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez interpretatzeko. Niretzat, pertsonaia eta filma dira garrantzitsuenak. Euskaraz baldin badator, egingo dut, noski.

Eta zure hurrengo filma zein da?

Dario Argento zinemagilearen Drácula filma grabatzera noa Erromara. Hiru dimentsiotan izango da, eta, horrenbestez, datorren urtean zinemazaleek Unax Ugalde betaurrekoekin ikusiko dute [kar-kar]. Rutger Hauer-ek Van Helsingen rola jokatzen du, Tomas Krechmann ere hor dabil. Nik Jonathan Harkerrena egingo dut, Francis Ford Coppolaren bertsioan Keanu Reevesek egiten zuen pertsonaia. Zoratzen nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.