Ekoizpen ereduak aldatzeko bidean

I-Ener energia berriztagarria sortzeko sozietate herritarrak astelehenean ekinen dio lehen egitasmoa egikaritzeari. Uztaritzeko bi instalaziotan eguzki panelak ezarriko dituzte, energia sortzeko.

Uztaritzeko Kiroleta kirol zentroaren ezkerreko paretan eguzki panelak ezarriko ditu I-Ener energia berriztagarrien proiektuak sustatzeko sozietateak. BOB EDME.
Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko energiaren %99 inportatua da». Hala baieztatu duI-Ener sozietateko Bixente Uhalde langileak. Energia berriztagarrien proiektuak sortu eta bultzatzeko eratu zenI-Ener 2014an. Sortzean, bi helburu nagusi finkatu zituen sozietateak: energiaren ekoizpena berriz Euskal Herrian kokatzea, eta energia berriztagarrietan osorik oinarritzen den eredua sustatzea.

I-Enerren lehen proiektua datorren astelehenean egikarituko dute, Uztaritzen (Lapurdi) hain zuzen. Arrauntzeko ikastetxeko teilatuan eta Kiroleta kultur zentroko ezkerreko paretan eguzki panelak paratuko dituzte. Dena den, bi asteren buruan hasiko dira energia ekoizten.

Uztaritzeko Herriko Etxeari proiektua interesatu zitzaiola aipatu du Uhaldek. Orduan, instalazio horiek utzi dizkio I-Enerri urtean euro baten truke. «Leku publikoak dira, eta ezin dizkigute musu truk utzi. Hortaz, euro bat ordainduko dugu. Prezio sinbolikoa da», azaldu du Uhaldek. Orokorrean, harreman ona dute herriko etxeekin, eta erantzun onak jasotzen ari dira. Beharrezko kapitala lortzen dutenean, bi proiektu abiatuko dituzte: Hendaian eta Makean (Lapurdi).

Uztaritzeko ikastetxean eguzki panelak paratzeko, adibidez, 25.000 euro lortu dituzte: herritarrek hamar mila euro inbertitu dituzte, eta gainontzekoa bankuek mailegu gisa utzita eskuratu dute. Energia salduz lortutako diruaz ordainduko dituzte maileguak. Uhalde pozik agertu da parte hartzearekin, «nahiko zabala» izan delako. Akzioak erosiz parte hartzen dute herritarrek, etaI-Enerren webgunean bertan dago horretarako aukera.

Dena den, I-Ener ez ditu panelak jartzen. Kudeaketaz arduratzen da. Materiala beste enpresa batzuei erosten diete. Epe laburrera gertuko enpresak izan daitezen nahiko lukete, Uhaldek dioenez: «Lehen proiektuarentzat, Europatik ekarri ditugu panelak. Ez Asiatik, ez Amerikatik.Baina datozen proiektuetarako Frantzian lortuko ditugu. Espero dugu hemendik gutxira euskal enpresei erostea». Halere, instalazioa egiteko Euskal Herriko enpresak baliatzen dituzte.

Haien bide orria Euskal Herrian energia berriztagarrien proiektuak sustatzea denez gero, Hegoaldean jarduten den Goiener kooperatibarekin elkarlana egitea gustatuko litzaieke, Uhalderen esanetan. Oztopoa, ordea, Europak jartzen du. «2015eko urtarriletik goiti partikularrentzat muga aldatuko zutela erran zuten. Baina berdin jarraitzen dugu. Guk ezin diegu Hegoaldeko enpresei energia saldu. Frantziakoei saltzera behartuak gara».

Uhalde da I-Enerreko lehen soldatapeko langilea. «Proiektuen segitzeaz arduratzen naiz, eta ekoizpen proiektuen atzemateaz ere bai», azaldu du Uhaldek. Alderdi tekniko eta komertzialaz arduratzen da.

Europako deialdi baterako hautatua izan zen I-Ener, eta bertan lortutako diruarekin, hilabete batzuez Uhalderi soldata bat ordaintzeko adina lortu zuten. Greenplay Europa mailako proiektu bat da, eta hautaketa horren bidez, I-Enerrek lan eginen du Euskal Herriko hogei etxetako elektrizitate kontsumoa murrizteko. Udalbiltzak ere diruz lagundu du sozietatea, langileari soldata bermatzeko.

Oraingoz, eguzki panelekin soilik egiten dute lan, baina etorkizunerako, beste energia berriztagarrien ekoizpen moduez hausnartu dute, Uhaldek helarazi duenez: «Haizea, ura eta biomasa energia berriztagarriak dira, baina ezin da zernahi egin. Ikusi behar da non txertatzen duzun, edota nondik datorren».

Uhaldek uste du energia ekoizpen eta kontsumoaren ereduak aldatzen ari direla pixkanaka bada ere. «Bada zer egiteko energia berriztagarrien inguruan. Gurea hastapen bat da. Gero eta jende gehiagok egiten du apustu energia berriztagarriaren alde». Badago, ordea, eguzki panelak jartzearen aurka azaltzen denik: «Mentalitate kontua da. Batzuek ez dute onartzen panelak ikustea teilatu gainean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.