Bilboko Hau Pittu Hau konpartsak Euskara saria eman zion atzo Errigora herri egitasmoari. Duela hamar urte hasi ziren Nafarroa hegoaldeko elikagaiak Euskal Herri osora eramaten, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Irati Abio kidearen ustez (Bakio, Bizkaia, 1983), Errigoraren hazkundea «nabarmena» izan da.
Zelan hartu duzue saria?
Egia esan, pozik. Hau Pittu Hau konpartsak, guk bezala, auzolana eta euskara ditu oinarri. Beste eremu batean zure lan bera egiten duen eragile batek aitorpen hori egitea ohorea da.
Errigoraren oinarriak euskara eta elikadura burujabetza dira. Nola uztartzen dituzue biak?
Badirudi batak ez duela zerikusirik bestearekin. Baina biak auzolanarekin elkartuz, bi kanpaina egiten ditugu urtero. Udazkenean saski batzuk osatzen ditugu Nafarroako produktuekin, eta euskal herritarren eskura jartzen ditugu. Bildutako diruaren laurdena Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratzen dugu. Hasieratik ikastolekin, AEKrekin eta Sortzen-ekin egin dugu lan. Eta 2019an, Agerraldia jarri genuen martxan, euskara sustatzeko egitasmoa. Udaberriko kanpainan, elikadura burujabetzak hartzen du pisu handiagoa: olioa, kontserbak, pasta... Dena Nafarroan ekoitzita eta euskaraz etiketatuta. Ekoizleek ikusi dute euskaraz ere lan egin dezaketela. Gainera, euskara planak jarri dituzte martxan.
Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuan eragin nahi duzue. Zein da bertako egoera?
Zaila da. Ez dago borondate politikorik zonifikazioa gainditzeko eta Nafarroa osoan euskara hizkuntza ofiziala dela aitortzeko. Egoera hori aldatzeko, lanean ari dira pila bat euskaldun eta euskaltzale. Hor segituko dute, tinko. Oraindik borroka asko egin behar da; eta borrokarako grina badago.
Zenbateraino da beharrezkoa udazkeneko kanpainan lortutakoaren laurdena euskalgintzara bideratzea?
Errigoraren funtsetariko bat da. Beti bideratu da %25 euskalgintzara; hori ezin da eztabaidatu. Euskalgintza bultzatzeko, beharrezkoa da ekarpen ekonomikoa: 1.800.000 eurotik gora bideratu ditugu horretara. Diruaz gain, auzolana ere garrantzitsua da. Ehunka boluntariok egiten dute lan %25 hori bideratu ahal izateko. Auzolana Euskal Herri osoan egiten dute euskaltzaleek eta elikadura burujabetzan sinesten dutenek.
Ekonomikoaz gain, zer beste ekarpen egiten dio Errigorak euskarari?
Errigoraz gain, beharrizan bat ikusi genuen beste egitasmo bat sortzeko. Zerbait egonkorra eta antolatua nahi genuen, Agerraldia bezala. Errigoraren alaba moduan aurkeztu genuen arren, orain bere bidea egiten du. Herri eta eskualde batzuetako eragileekin harremanetan dabil. Argi geneukan ez ginela Nafarroa hegoaldean sartuko ezer egongo ez balitz bezala. Jendea antolatuta dago: euskara egunak antolatzen dituzte, gazte taldeak lanean ari dira euskara bultzatzeko... Guk egin duguna da sare bat sortu. Eta sare hori indartzeko topaketak egin ditugu: iaz, lehenengoa; eta, aurten, bigarrena. Sare hori indartzea da asmoa, denok elkarrekin norabide bat definitzeko eta norabide berean lan egiteko.
Hamarkada bat igaro da lehenengo kanpainatik. Zer-nolako garapena izan du Errigorak?
Oinarria eta funtzionamendua mantendu ditugu, baina asko hazi da; bi ekoizle zituen hasieran, eta 23 ditu orain. Gero eta eskaintza zabalagoa egiten diogu Euskal Herriari. Eta salmentak ere asko handitu dira: 10.000 eskatzaile inguru izaten ditugu udaberriko kanpainan; udazkenekoan pixka bat gutxiago, besterik ez. Banaketak antolatzeko espazio batzuk txiki geratu zaizkigu; esaterako, lehen nahikoa zen euskaltegiko gela batekin, eta, orain, bi gela behar ditugu. Sarea handituz joan da; orain, berrehun herritan baino gehiagotan egiten dira kanpainak, boluntario askoren lanarekin. Hazkundea, beraz, nabarmena izan da.
Eta nolako bilakabidea izan du euskarak Nafarroa hegoaldean?
Nabaria da ilusioa piztu dela: Euskal Herrian badago mugimendu bat Nafarroa hegoaldeari begira dagoena; eta horrek hauspoa ematen du. Errigorarekiko jarrera baikorrak ere azpimarratu nahiko nituzke. Ekoizleen kasua termometroa izan daiteke: ekoizle batzuek ez dute inoiz euskara plan batean pentsatu, eta guztiek egin dute. Nafarroan euskaraz lan egiteko eta bizitzeko apustua da hori.
Duela hiru hamarkada baino gehiago ezarritako zonifikazioa salatzen duzue. Nafarroako Gobernua osatu berritan, aldaketarik egongo da?
Gobernuan egongo diren alderdiek argi utzi dute zonifikazioarekin jarraitzeko apustua egingo dutela. Beraz, eragile guztiok borrokan jarraituko dugu: euskara nafar guztien hizkuntza dela aldarrikatzen jarraituko dugu. Nafar guztiek izan behar dituzte eskubide berak, bizi Iruñean, bizi Tafallan, bizi Garesen.
Nola ikusten duzu Errigoraren etorkizuna?
Ilusioaz. Aurtengo udazkeneko kanpaina berezia izango da, hamargarren urteurrena ospatuko dugu eta. Etorkizun luzea ikusten diot egitasmoari: jende ugari dago lanean ilusioz. Prest daude kanpainarekin jarraitzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko. Beraz, etorkizun oparoa ikusten diot.
Bilboko Aste Nagusia. Irati Abio. Errigora herri egitasmoko kidea
«Ekoizleek ikusi dute euskaraz ere lan egin ahal dutela»
Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana uztartzen ditu Errigora egitasmoak. Boluntario ugariren lanari esker, hamar urte daramatza Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuan lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu