EKOGRAFIAK. Pantailari itzulia laurogei kiroletan

Asier Sarasola.
2008ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Barakaldotik Pekinerako bidean urrun geratzen da Lizarra. Ez ezazue irakurketa politikorik egin, ez dira-eta Patxi Lopez ez Dalai Lama ez akordio-politikoak azalduko gaurkoan. Alta, Malagaraino joango gara, Dima eta Italiatik pasatuko, eta aizkora eskutan hartuta ibili eta gero, errepideak ziztu bizian zeharkatuko ditugu Pekinera iritsi arte. Lizarrak urrun jarraituko du, halere.

Eguerdiz, Baskoniaren saskiratze irabazleak ikusiko ditugu. Azken unean helburua lortzen duenaren betetasuna ederki helarazten zion ikusleari Xabier de la Fuentek. Finalean, arabarren garaipena kontatzea merezi du gizonak, txapeldunordetza gehiegiren berri eman baitu aurten.

Edonola, Italiako mendateetara hurbilduko gara Usabiaga-Aramendi tandemarekin. Faboritoen artean diferentzia erabakigarririk gabe joan den etapari ahalik eta esangura handiena ematen saiatzen ari dira, baina telebistan ikusitakoak ez die tarte handirik uzten. Gainera, Euskaltelekoak ez dabiltza fin, edo iragarkikoak bidali dituzte lasterketa korritzera.

Baina jarrai dezagun aurrera, egin dezagun apustu ageri diren aizkolarietako baten alde. Emanaldiaren ostean, rally batean parte hartzen ari den autoaren barruko kamerak jasotzen duena ikusten zorabia gintezke. Ordurako zaila da jakitea nongo errepideak diren, baina ez dago balaztari eragiterik. Izan ere, Barakaldon agertzen baita ikuslea, etxeko harmailetan eroso antzean, bigarren B mailarako igoera faseko partida omen denari begira. Interes biziarekin jarraituko zuen ikusle bakarra ote dagoen jakitea oso zaila dirudi. Albisteen tartetxoarekin ez da hura ere lasaituko. Eta jarraian, eguneko helmuga, Ni Hao Txina, Judas Arrietak aurkeztutako saioa.

Basetxe-ko partaide ohiak gauzak begiratzeko orduan darabiltzan betaurrekoak janztea derrigorrezkoa izango da ikuslearentzat. Ikuspegi oso pertsonala da aurkezlearena, kirolarien Olinpiar Jokotarako prestakuntza serioaren aldean, kontrapuntu gustagarria. Guztiarekin ere, ez du txinatarrez barre egiten artistak, ez da haiek barregarri uzten saiatzen. Euskalduna ezagutu eta gero, txinatarrek gutaz pentsatzen dutena jakitea geratzen zaigu.

Eta Lizarra? Han, emakumezkoen goi mailako kirola gorderik daukaten bazterrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.