Eklipseen sekretuak deskubritzen

BERRIAlagun familientzako esperientzia berezia egin dute Donostian, Aranzadi zientzia elkartean. Virginia Garcia astronomoak tailer bat eman du eklipseen inguruan.

Eklipseen inguruko tailerra egin zuten, atzo, BERRIAlagunentzat. JON URBE / FOKU
Eklipseen inguruko tailerra egin zuten, atzo, BERRIAlagunentzat. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Zeintzuk dira Ilargiak hartzen dituen formak edo Ilargiaren faseak?», galdetu du Virginia Garcia astronomoak. Neska-mutikoek berehala erantzun dute, txandaka: «Ilberri, ilbete, ilbehera eta ilgora». Astronomiaz bazekiten zerbait atzo Aranzadi zientzia elkartearen Donostiako egoitzara joan ziren neska-mutikoek, eta Garciari esker, jakintza askoz handiagoarekin irten ziren handik. BERRIAlagunentzako esperientzia berezia izan zen. Eta sarrera ordaindu zuten guztiek eguzki eklipseak ikusteko betaurrekoak eraman zituzten etxerako. Hain zuzen ere, datorren larunbatean, martxoak 29, eguzki eklipse partziala ikusi ahalko da Euskal Herrian.

Birtxi farozainarena egiten du Garciak Pirritx, Porrotx eta MarimototsenZerua lapurtu dute disko-liburuan. Eta modu horretan aurkeztu zuen bere burua familien aurrean. Adi-adi ziren neska-mutikoak denbora osoan, eta galderak egiteko ere baliatu zuten tarteka.

Eklipseen inguruko tailerra, BERRIAlagunentzat.
Virginia Garcia astronomoa, atzo, Aranzadi zientzia elkartearen egoitzan (Donostia). JON URBE / FOKU

Lurraren eta Ilargiaren mugimenduez mintzatu zen tailerrean Garcia. «Ilargiak ez du argi propiorik. Guk ikusten dugun argia eguzkiaren isla da, baina Ilargia ere denbora guztian mugitzen ari da. Toki batean ala bestean kokatuta egon, Eguzkiak argia ematen dio alde batean edo bestean, eta, horregatik, forma desberdinarekin ikus dezakegu». Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean kokatzen denean, zer gertatzen da? «Itzalean ikusten den aurpegia ikusten dela». Ilargiaren aurpegi osoa ikusi artekoak ere azaldu zituen; ziklo osoa, beraz. Translazio osoa egiteko, zenbat denbora behar da? Neska baten erantzuna, berehala: «28 egun».

Badatoz eklipseak

Ilargi eklipseen eta eguzki eklipseen aldeak ongi azaldu zituen Garciak. Ilargi eklipseak ikusteko, ez dira betaurreko bereziak behar; Euskal Herrian ikusi ahalko den hurrengo ilargi eklipse osoa irailaren 7an izango da. Ilargia erabat estaltzen denean gertatzen da hori. «Ilargi gorri-laranja ikusten da halakoetan».

«Eguzki eklipseak beti ilberri fasean gertatzen dira, Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean kokatzen denean. Eguzkiak argia ematen dio Lurrari». Eta Ilargiak ezkutatu egiten du Eguzkiaren diskoa. Datorren larunbatean, martxoak 29, eguzki eklipse partziala ikusi ahalko da Euskal Herrian. Garciak iragarri zuenez, Aranzadi egoitzako aparkalekuan eklipsea ikusteko deialdia egingo dute. Teleskopioak ere aterako dituzte. «Eguraldi txarra egiten baldin badu, egoitzara sartu eta Internet bidez ikusi beharko dugu».

Eklipseen inguruko tailerra, BERRIAlagunentzat.
Neska-mutikoek adi-adi entzun zuten eklipseen inguruko azalpena. JON URBE / FOKU

Baina Aranzadiko astronomoak begiz joa du beste data bat: 2026ko abuztuaren 12a. Egun horretan, eguzki eklipse osoa ikusi ahalko da Iberiar penintsulan. Euskal Herriko toki batzuetan besteetan baino hobeto ikusiko da, baina, %100 ikusteko eta denbora luzeagoz, Gaztela Leongo (Espainia) toki batzuetara joateko gomendioa egin zuen Garciak. Edo itsasora. Edonola ere, eguzkiari begiratzeko, betaurreko bereziak jartzea derrigorrezkotzat jo zuen astronomoak. Haur batek komentatu du: «Oso erosoak dira». Beste batek argi esan du: «Ez da ezer ikusten». Hala behar du, baina adi egoteko ohartarazi zuen Garciak: «Ez dute betaurreko guztiek balio: plastiko berezi batekoak dira hauek».

Betaurrekoekin ez ezik, amaieran osatu zuten eskulan txikiarekin eta Eklipseak liburua erosita ere itzuli ziren batzuk etxera. Eta farozainaren lezioarekin: «Astronomia denok gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.