Ezin bestela izan; 64 dira istorioak, xake taularen laukiak adinakoak. «Bildu nitzakeen beste horrenbeste ere, baina...». Xake zaletasuna berreskuratu ez ezik, haren inguruko historiaz ikasteko, istorio orotarikoei eta ertzei erreparatzeko idatzi du Gari Berasaluzek (Getaria, Gipuzkoa, 1974) 64 begirada liburua (UEU). Aitarekin ikasi zuen xakean, haur zela; aitaren lantokiko txakurrak Karpov zuen izena.
Zer egiten zuen Zarauzko haur batek xakean eta ez, adibidez, surfean?
Garai hartan, oso jende gutxi ibiltzen zen surfean Zarautzen. Gaur egun, oso ohikoa da. Hala ere, ni ez nintzen xakean ere askorik ibiltzen; eskolan zerbait, eta herri mailako txapelketaren batean, baina ez askorik ere. Ohikoagoa zen futbolean aritzea, gure kasuan plaierotan; xakea laugarren edo bosgarren mailakoa zen. Gaur egun, 102 elkarte daude Euskal Herrian, eta, zorionez, askoz ere errotuago dago herrietan eta eskoletan.
Gauza bat da xakearen inguruko zaletasuna izatea eta beste bat horren inguruko liburu bat idaztea.
Pizgarria izan da, batetik, xake zaletasuna ahaztua nuela, alboratua. Eta, bestetik, The Queen's Gambit telesaila ikusi nuen, eta neure buruari egin nion galdera hori izan zen: azken 30 urteetan zergatik ez dit inork hitz egin xakeaz? Gaur egungo hedabideetan apenas ikusten dudan xakeari buruzko ezer; ia desagertua dago. Hasi nintzen batean eta bestean peskizan, neuk irakurri nahiko nukeen liburu hori idatzi nahian. Ez da xakearen teknikari buruzko liburu bat, baizik eta xakearekin loturiko hainbat kontu, istorio eta ertzi buruzkoa.
Fischer, Spaski, Karpov, Kasparov... Izen horiek datozkio zaleari burura, batez ere, baina...
Bai, niri ere horiek zetozkidan, baina xakearen historia askoz ere zabalagoa da, eta batez ere arreta ematen zidan zenbat emakumezko xake jokalari ez ditugun ezagutu. Ez nituen ezagutzen emakume txapeldun handiak. Ariketa bat izan da xakearen historia ikasteko. Azken hamarkadetan, Polgar ahizpak ezagutu genituen bereziki, baina beste emakume asko geratu dira itzalpean. Horretan, xakea ez da izan beste esparru batzuk baino ez okerragoa eta ezta hobea ere.
Kontraesanik sortu dizu jokoaren izaera hierarkiko, militar eta erregezaleak?
Bai, lagun batek ohartarazi zidan horixe bera, baina, kontrapuntu modura, badago beste begirada batez ikusten duenik ere: beste batzuentzat, helburu handiak lortzeko herria ondo antolatzearen metafora da xakea. Edota emakumeen ahalduntzea islatzen duen jokoa, dama nahi duen lekura mugitzen delako; edo monarkiaren kontrakoa, erregea akabatzea baita helburua.
Zinematografikoa edo literarioagoa da xakea?
Bai zinemak eta bai literaturak erabili dute xakea pertsonaiak sortzeko. Zineman, adibidez, pertsonaia arriskutsuak, plan maltzurrak, heriotzaren gerturatzea islatzeko erabili izan da, edo batzuetan erotismoa islatzeko ere bai. Literaturan ere, antzeko zerbait, bai xakearen historiak eta baita taulak ere joko handia eta aitzakia ematen baitute.
Aurten asko zabaldu da Iruñe aldetik 2021 Ekialdearena da leloa. Xakea ere ekialdearena al da?
Bai, erabat. Xakeak islatu ditu Ekialdearen eta Mendebaldearen borrokak ere; geopolitika erabat islatu da xakean. Bi mundu erabat desberdin islatu dira xakearen bidez ere. Sobietarrek iraultza garaian erabaki zuten xakea eskoletara eramatea,balio garrantzitsuak transmititzen dituela uste zutelako. Ekialdean, xakeak izugarrizko garrantzia du, baita gaur ere; aldiz, Mendebaldean, beste kirol eta arlo batzuk lehenetsi ditugu. Ekialdean berariaz landu eta zaindu dute xakea.
Gurean ere, Nafarroan garrantzi handiagoa izan du?
Nafarroan xakea hautazko ikasgaia da, eta Europa osoan Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola aitzindaria izan da xakea eskolara eramaten eta hezkuntzan erabiltzen. Oso istorio polita dago horren atzean...
Konta, konta...
Jose Luis Gorostidi zen ikastolako zuzendaria 80ko urteen amaieran,eta Alvaro Ablanedo xake jokalari eta zaleari proposatu zion xake eskolak ematea. Hark ez zekien euskaraz, eta urtebete eskatu zion zuzendariari euskara ikasteko. Baita lortu ere, eta euskaldunduta hasi zen xake irakasle modura, 1989an. Ez hori bakarrik, 2000ko martxoaren amaieran Anatoli Karpov Iruñera ekartzea lortu zuen, eta, besteak beste, haurrekin xakean aritu zen hura.
Aitarekin jokatzen zenuen umetan; orain berreskuratu duzu etxean jokatzeko ohitura. Lehia ere bada xakea. Amorrua eragiten dizu galtzeak?
Bai, baina ikasteko ere balio du: akatsak neuk egin ditut, eta alferrik hasiko naiz errua besteari botatzen. Ikasteko, egoera berrietara moldatzeko ere balio du xakeak.
ATZEKOZ AURRERA. Gari Berasaluze. Idazlea
«Ekialdean berariaz zaindu dute xakea»
Jolasa eta jokoa. Lehia eta estrategia, baina baita zientzia, artea, poesia eta bizitza ere. Guztiak islatzen ditu xakeak. Alderdi horiek bildu ditu Berasaluzek '64 begirada. Xake taularen zuri-beltzean' lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu