Animazio Soziokulturaleko unibertsitate aditua eta Bigarren Hezkuntzako filosofia irakaslea da Andeka Larrea (Bilbo, 1972).
EAJk, PSE-EEk eta PPk EITBren legea berritzearen aurka bozkatu dute, eta adierazi dute legebiltzarreko lantaldearen lanaren ostean etorri behar duela zuek mahai gainean jarritako eztabaida. Zenbat itxaron beharko da?
Ez dakigu. EITBko erreformarako lantaldea sortzeko eztabaidan adierazi genuen finkatu egin behar zela epe bat amaitzeko. Konpromiso bat behar zela horretarako. Ezetz esan zuten, eta abstenitu egin ginen. EAJk, PSEk eta PPk diote lantaldearen lana amaitu arte itxaron behar dela, legearen aldaketei ekiteko, baina ez dago eperik. Lantaldeak txostena egiten duenean, testu horrek ez du inor behartuko ezer aldatzera. Guk proposatu dugu aldi berean beste talde bat sor zitekeela legea aldatzeko. Uste dugu aldi berean egin daitezkeela biak. Baina gobernuak eta PPk ez dute halako asmorik. Botoa azaltzeko mintzatu ziren atzo, baina eztabaidarako txanda ez zuten baliatu. Blokeatu egin zuten eztabaida. Harritu gaitu EH Bilduren jarrerak, abstenitu egin baitzen, eta espero genuen aldeko botoa emango zuela.
Proposamenean diozue EITBko administrazio kontseiluko kideak profesionaltasun irizpideen arabera hautatu behar direla. Horretan adostasunik lor dezakezue beste taldeekin?
Ez daukat batere argi. EH Bildurekin adostasuna errazagoa izan daiteke. Baina Jaurlaritzako taldeek, EAJk eta PSEk, aldaketa estetiko bat baino ez dute nahi. Gizarte zibilak administrazio kontseiluan pisua izatea eskatzen dugu, eta alderdi politikoek gero eta indar txikiagoa izatea. Horregatik eskatzen dugu gizarte kontseilua sortzea. Ematen du gobernuaren asmoa ez dela hori.
Zuek proposatzen duzuen administrazio kontseiluak deialdi publikoz aukeratuko luke EITBko zuzendari nagusia. EITBren independentziarako bermea izango litzateke?
Uste dugu baietz. Hautagaiek proiektuak aurkeztu beharko lituzkete. Proiektuak nola neurtu aztertu beharko litzateke. Edonola ere, gure proposamenak eztabaidatzeko prest gaude.
Arriskua egon al daiteke balizko erreforma atzeratuz joatea, eta beste legealdi bat galtzeaEITBren eredua aldatu gabe?
Bai, aurreko legealdian batzorde berezi bat sortu zuten, baina ez zuen bere asmoa bete. Lantalde berria hilaren 20an osatuko da. Baina uste dugu ez dagoela asmorik lantalde horri bizia emateko.
Bestalde, Euskalduna naiz, eta zu? saioaren aferaren harira, EITBk esan du kontrol neurriak hartzeko ordua dela. Nola egin behar da kontrol hori?
Legebiltzarrean euskal komunikazioari buruzko legea sortu beharko litzateke, eta horren barne sortuko litzateke ikus-entzunezko kontseilu bat. Halako polemikak sortzen direnean, ikus-entzunezko kontseilua tresna egokia litzateke erantzuna emateko. Baina EITBk berak ezin ditu kontrolak ipini. Kanpoko organo independente bat behar da.
Madrilen izan da kalapitarik egunotan Podemosekin. APM Madrilgo Prentsa Elkarteak salaketa bat egin du, adieraziz Podemoseko ordezkari batzuek kazetariak estutzen eta iraintzen dituztela. Zer diozu?
Frogarik baldin badago, joan daitezela epaitegietara. Antza denez, ez da inolako frogarik egon. Nolanahi ere, Irene Monterok [Podemoseko bozeramailea Espainiako Kongresuan] esan du prest dagoela elkartekoekin biltzeko, eta argitzeko ustezko presioak zertan diren.
Kazetaritza desligitimizatzeko saiakerarik ez du egin Podemosek?
Ez, halakorik ez. Kazetaritzarekiko eta kazetariekiko errespetuamantentzen da, eta ez dugu zalantzan jartzen kazetaritzako profesionalen lana. Beste kontu bat da dauden interes mediatiko batzuk. Podemosen aurka ildo editorialak egon badaude, eta guztiz zilegi da. Joko mediatikoan eta politikoan onartu behar da komunikabide bakoitzak bere interesak defendatzen dituela.
Ba al dago Euskal Herrian adierazpen askatasunik?
Ez guztiz. Twitterren, adibidez, azkenaldian epaiketak ikusi ditugu. Adierazpen askatasunaren aurkako estrategia ez dakit oso definitua dagoen, baina keinuak eta erasoak daude. Defendatzen dugu artistek kritika soziala egiteko izan beharko luketen adierazpen askatasuna. Kezkatzeko arrazoiak badaude alor horretan.
Andeka Larrea. Podemos Euskadiko kultura eta komunikazio arloko arduraduna
«EITBn aldaketa estetikoa baino ez dute nahi EAJk eta PSEk»
EITBren legea berritzeko proposamena aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemosek. Ez zuen babesik jaso. Eztabaida «blokeatu» egin zutela dio Larreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu