EITBko langileek bertan behera utzi dute biharko greba

Gaztea eta EITB Musika irratietako langileek grebara deitu zuten biharko, lan baldintzak hobetu ditzatela eskatzeko.

Joan den urteko Gaztea sariak. GAZTEA
Joan den urteko Gaztea sariak. GAZTEA
Iratxe Muxika
2025eko martxoaren 5a
15:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar ziren ospatzekoak Gaztea sariak, eta biharko deitua zuten greba Gaztea irratiko eta EITB Musikako langileek ere. EITBk atzo jakinarazi zuen ez zutela saririk emanen, eta gaur langileek bertan behera utzi dute greba. 

Espresuki aukeratua zuten langileek gaurko eguna, Gaztea sariak hagitz garrantzitsuak direlako EITBrentzat. Zuzendaritzak sariak bertan behera utzi dituenean, baina, langileei ez zaie zentzuzkoa iruditu greba egun horretan egitea, azaldu dutenez. «Oihartzun handiko egun batean egin nahi genuen greba, eta biharkoa guretzat egun normal bat bilakatu da». Hortaz, greba hurrengo baterako uztea erabaki dute. 

Aspaldi hasi ziren Gaztea irratiko eta EITB Musikako langileek baldintza hobeak eskatzen, baina EITBko zuzendaritzako kideek denbora eskatu zieten; hala kontatu dute Gaztea irratiko langileek: «Esaten ziguten egonkortze prozesua bukatutakoan jarriko zutela arreta gure eskaeran». Egonkortze prozesua bukatu den garaian, berriz joan dira langileak zuzendaritzari atea jotzera. «Erantzuna izan da EITB osoan berrikusiko dituztela langile bakoitzaren kategoria eta ardurak. 21 hilabeteko epea eman digute erabakien berri emateko». Ia bi urte luzatuko zaie borroka, eta horregatik deitu zuten grebara. Baldintzak hobetzea eskatzen dute: animatzaile musikalaren figura desagertzea, erredaktore kategoria aitortzea eta kategoria horren barrenean aitzinera egin ahal izatea. 

Orain 35 urte sortu zuten animatzailearen figura, Gaztea irratia sortu zutenean. Euskadi Gazteako langile guztiak animatzaile musikalak ziren, ez erredaktoreak; bertzeak bertze, irrati saio konbentzionala egiten zutelako: abestiak aurkeztu eta jarri. «Kontua da Euskadi Gaztearen ibilbidea, bertako langileen lana eta irratiaren jarduna asko aldatu direla», adierazi dute langileek. Gaur, elkarrizketak, lehiaketak, albisteak, magazinak eta bertze hainbertze saio mota egiten dituzte irratian; hala ere, animatzaile musikal soilak dira EITBko zuzendaritzarentzat. «Horixe eskatzen dugu, kategoria berrikustea eta erredaktore kategoria aitortzea». Hitzarmena «geldi» dagoela irizten diote langileek; izan ere, kontratuak erraten duenaren arabera, «abestien aurkezpen inprobisatuak» egin behar dituzte, ez bertzerik. 

Profesionalki garatzea

«Euskadi Irratian eta beste leku askotan, adibidez, lau kategoria mota daude eta erredaktoreak dira denak: A mailako erredaktorea, B erredaktorea, C erredaktorea eta D erredaktorea», azaldu dute irratikoek. Lanean hasi berritan, D motako erredaktore gisa arituko da langilea, baina, epe bat igarota, automatikoki pasatuko da C mailako erredaktore izatera. Eta horrela joanen da, pixkanaka, profesionalki garatzen eta aitzinera egiten. «Gu, ordea, geldituta gaude. Gure artean ere aldeak daude lan kargari eta arduren banaketari dagokienez: batzuek C kategoria izango lukete, beste batzuek B eta beste batzuek A; baina denok gara animatzaile musikalak, eta ezin dugu garapen profesionalik izan».

EITBko zuzendaritzak erantzun bakarra eman die langileei: eurek eskatzen dutena zail dela betetzea. «Hiru bat lankide joan ginen zuzendaritzarenera, eta haiek garbi esan ziguten hain kolektibo txikia izanda [Eusko] Jaurlaritzak ez zuela eskaera onartuko, eta ez zirela haien aurrera joango». Ez dakite mugimendu horrek zer ondorio eraginen duen Gaztean, baina langileek borrokan jarraituko dute. «Esan digute nahi beste greba egiteko, baina haiek ezin dutela guri soilik eragiten digun baldintzarik aldatu». Erantzun horren aitzinean, estrategikoki jokatu nahi dute langileek, eta horregatik erabaki dute hobe izanen dela grebarik ez egitea. 

Greba bertan behera utzi duten arren, Gaztea irratiko langileak «oso pozik» daude jendearen atxikimendua dela eta. Sarietan parte hartzekoak ziren zenbait musikarik bat egin dute mugimenduarekin, eta bertze artista ugari batu zaizkie. Hurrengo urratsak buruan, atxikimendu handiagoa lortzeko lanetan ari dira orain, eta adierazi dute saiatuko diela datozen egunetan beren erabakien berri ematen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.