Frantziako Tourra

EITBko berrehun langile arituko dira Tourraren etapen emanaldietan

Ander Izagirreren 'Maillot horia, Bilbotik Baionara' dokumentala estreinatuko dute hilaren 29an.

Gaurko aurkezpena, Bilbon. EITB
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 7a
12:28
Entzun

EITBk ahalegin handia egingo du Frantziako Tourraren lehen hiru etapetan. Bilbotik, Donostiatik eta Baionatik irtengo dira lehen hiru etapa horiek, eta talde publikoak hedatze plan berezia prestatuko du: berrehun langile baino gehiago arituko dira beharrean lasterketa emateko —haien artean 40 kamerari eta 50 kazetari—. Gainera, hamahiru unitate mugikor erabiliko dituzte zuzeneko emankizunak egiteko.

EITB hedabide laguntzailea izango da Tourraren lehen hiru etapa horietan: elkarlanean arituko da txirrindularitza lasterketaren antolakuntzarekin.

Esate baterako, hilaren 29an txirrindulari taldeen aurkezpen ofiziala egingo dute Bilboko Guggenheim museoan, eta munduko berrehun herrialdetan ikusiko da Euskal Telebistaren seinalea. Bost unitate ibiltari erabiliko dituzte horretarako, eta Xabier Usabiaga arituko da aurkezle.

Hilaren 30ean, berriz, ETBko albistegiak Deustuko Unibertsitatearen kanpoaldean egingo dituzte, han jarritako plato batean. EHUren Bizkaia aretoko terrazan beste set bat prestatuko dute, eta han egingo dituzte ETB2ko En jake eta Nos echamos a la calle programak.

Uztailaren 1ean, 2an eta 3an, ETB1ek On Tour saio berezi eta luzea egingo du: 12:00etatik 18:30ak arte, zuzenean emango dute lasterketa. Analisiarentzako tartea ere izango dute. ETB1en Gaur egun albistegia ematen ari den orduan, bestalde, lasterketa ETB2n ematen arituko dira. Lasterketaren kontakizuna Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak, Pedro Mari Goikoetxeak eta Alfonso Arroiok egingo dute.

Uztailaren 3an, Baionatik egingo dute On Tour saioa, 13:00etatik 18:15era. Biba zuek! arratsaldeko magazina ere Lapurdiko hiriburutik aurkeztuko dute egun horretan Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere lasterketa zuzenean emango dute uztailaren 1ean, 2an eta 3an. EITBk, gainera, minutuz minutuko kontakizuna egingo du Instagram sare sozialean, Instalive bidez. Eta egun horietan sortzen diren eduki guztiak EITBren webgunean jarriko dituzte.

Bestelako edukiak ere bai
Tourraren bueltako bestelako edukiak ere zabalduko ditu datozen asteetan EITBk. Ander Izagirre kazetariak, esate baterako, Maillot horia, Bilbotik Baionara dokumentala egingo du, eta hilaren 29ko gauean estreinatuko du ETB1ek. Euskal Herrian egingo diren hiru etapetako leku esanguratsu eta bide zailenak aztertuko ditu Izagirrek, eta garai batean Tourrean parte hartu zuten txirrindulariekin hitz egingo du: besteak beste, Miguel Mari Lasa, Julian Gorospe, Marino Lejarreta, Fede Etxabe, Iban Mayo eta Joane Somarriba elkarrizketatuko ditu.

Bestalde, aste honetan bertan Tandema podcasta estreinatu du EITBk. Mikel Astarloza txirrindulari ohiak egiten ditu aurkezle lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.