EITBk sukaldaritzari buruzko hiztegi bat sortu eta Interneten jarri du

EITBren webgunean kontsulta daiteke. 300 sarrera ditu, euskaraz eta gaztelaniaz batez ere

Zigor Iturrietak aurkezten du gaur egun ETB1ek duen sukaldaritza saioa: Txoriene. ETB.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sukaldaritzako telebista programetan eman behar diren azalpenetarako eta argibideetarako egiturak eta esamoldeak biltzeko asmoz, EITBk sukaldaritza hiztegi bat sortu du. EITBren webgunean jarri dute helbide honetan: www.eitb/eu/kultura/euskara/ kontsultak. Hiztegiak 300 sarrera inguru ditu, euskaraz eta gaztelaniaz —ingelesezko eta frantsesezko itzulpen batzuk ere badira—.

Asier Larrinaga EITBko Euskara Zerbitzuko buruak adierazi du hiztegia EITBko lanetarako pentsatuta dagoela, baina sukaldean euskaraz jarduteko interesa duen edonork erabil dezakeela. «Hiztegiaren berezitasuna hitz edo sarrera bakoitzaren fitxan dago. Fitxa guztietan aurkituko ditugu euskarazko eta gaztelaniazko formak. Horrekin batera, fitxa gehienetan plater izenak daude, hitza nola erabil daitekeen erakusten dutenak».

ETB sortu eta gutxira hasi ziren sukaldaritza programekin. Aurrenekoa 1984an aurkeztu zuen Hasier Etxeberriak: Zopa haundi. Lehen errezeta programa euskaraz, berriz, Karlos Argiñanok egin zuen, 2000. eta 2001. urteetan. «Urteotan ETB1eko sukaldaritza programetarako osatu behar izan ditugun hitz zerrendak, errezetak azaltzeko landu ditugun esapideak, pantailan idazteko moldatu ditugun plater izenak eta sukaldean aritzean sortu zaizkigun hizkuntza zalantzen argibideak biltzeko modu bat izan da hiztegi hau sortzea», azaldu du Larrinagak. Azkeneko urteetan, Arratsaldero pil-pilean tartea, Oihaneder bere saltsan eta Txoriene sukaldaritza saioak eman ditu ETB1ek. Zigor Iturrietak gidatzen du egun Txoriene, astegunetan, 15:05ean. Euskadi Irratiko Faktoria saioan ere badira urte batzuk sukalde kontuak uhineratzen dituztela.

Beste hiztegi batzuk

EITBrena ez da Euskal Herriko sukaldaritza hiztegi bakarra. Larrinagak nabarmendu du Hiztegi Batua izan dutela lehen erreferentzia, eta Leioako (Bizkaia) Ostalaritza Eskolaren webgunea ere garrantzitsutzat jo du: www.gastronomiavasca.net. UZEIk Jatetxe, Taberna eta Kafetegien hiztegia sortu zuen; eta Edorta Agirre gastronomian adituak elikadura hiztegi entziklopedia sortu eta Interneten jarri zuen, erabiltzaileen esku.

EITBko Euskara zerbitzuburuak nabarmendu du sukaldaritzarekin bezala beste arlo batzuekin ere sortu dituztela gaikako hiztegiak: «Emaitza Hikea datu basean dago orain, edonoren esku. Izan ere, Hikea datu base lexiko eta terminologikoa edonork kontsulta dezake EITBren webgunean».

Euskalkien erabileraren inguruan Larrinagak esan du ETBko sukaldaritza saioetako aurkezleak natural-natural mintzatu direla azkeneko urteetan euskara batuan. «Eta gonbidatuek euren aukerako euskara erabiltzen dute beti, inolako mugarik jarri gabe». Iruditzen zaio gonbidatuak «berakatz» edo «baratxuri» esatea ez dela arazo: «Azken batean, dena baita euskara batua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.