Eusko Jaurlaritzak eta EITBk sinatutako 2022-2025 aldirako kontratu programa atzo iritsi zen Eusko Legebiltzarrera, EITBren kontrol batzordera. Zehaztasun gutxi izan ziren. Zehaztasunak eman baino gehiago, EITBren printzipioen eta konpromisoen errepasoa egin zuten Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak. Zerbitzu publikoa izan zen bien agerraldiaren ardatza.
Kontratu programak «joko eremu egonkor eta egoki» bat eskaini nahi dio EITBri, «etengabeko bilakaeran dagoen sektore batean», Zupiriaren esanetan. «Azken hamar urteetan errotik aldatu da ikus-entzunezkoen panorama munduan eta gure artean».
Diru kontuak izan ziren emandako zehaztasun apurrak. Hasteko, EITBk zenbat diru jasoko duen Eusko Jaurlaritzatik inbertsioak egiteko, digitalizaziorako eta egokitze teknologikorako. 51,9 milioi euro izango dira lau urtean: 7,8 milioi euro aurten; 18,3 2023an; 14,4 2024an; eta 11,4 2025ean.
Ustiapen gastuetarako ez dute zehaztu urtez urteko kopururik. Aurtengo kopurua hartuko dute hurrengo urteetarako abiapuntu gisa —147,7 milioi euro-, eta urte bakoitzeko aurrekontuetan zehaztuko dute kopurua. «Betiere», zehaztu zuen Zupiriak, «bermatuta zerbitzu publikoaren betebeharrei eta langileen kostuei erantzuteko adinakoa izango dela».
Kontratu programan, EITBk hamar konpromiso hartu ditu. Horien artean dago euskara eta euskal kultura sustatzea. Aldekoak onartu zuen horretarako ekoizpen eredua aldatu beharko dutela, «kontsumo digitalaren testuinguru berrian gure eskaintza zabaltzeko». Tokiko hedabideekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu zuen.
Primeran eta Miramon
Gaingiroki aipatu zituen EITBk esku artean dituen bi proiektu garrantzitsu: Primeran streaming plataforma eta Miramon Faktoria. Lehena garatu egingo dutela esan zuen. Bigarrena martxan jarri behar dela, «eta sektorearentzat oso lagungarria izango dela etorkizunera begira». Miramon euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpenen gunea izatea nahi dute.
EITBko zuzendari nagusiak zehaztu zuen 52 milioi euro izango dituztela inbertsioetarako. Eusko Jaurlaritzak emandako diruaz gain, Europako Batasuneko funtsetatik ere dirua jasotzea espero dute.
Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietako ordezkariek, EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideek, txalotu egin zuten kontratu programa. Gorka Alvarez EAJko legebiltzarkideak Primeran plataforma eta Miramon Faktoria nabarmendu zituen: bata, «etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresna delako; bestea, «elementu eraldatzaile garrantzitsua izan daitekeelako».
EH Bilduk jarri zizkion aitzakia gehien kontratu programari. Hasteko, hura egiteko prozeduragatik. Jasone Agirre legebiltzarkideak salatu zuen bazegoela aukera gauzak beste modu batera egiteko, baina Eusko Legebiltzarreko alderdiei ez zaiela aukera eman ekarpenak eta zuzenketak egiteko. «Eta, askoz ere larriagoa dena», jarraitu zuen, «ikus-entzunezkoen sektorea eta EITBko langileak entzun gabe egin duzue, ez duzue inor entzun».
Agirrek ikus-entzunezkoen araudiari buruzko bi hutsune aipatu zituen: batetik, EITBri buruzko legea oso zaharra dela, 1982koa; bestetik, ez dagoela ikus-entzunezkoei buruzko legerik, Eusko Jaurlaritzak horretarako eskumena badu ere. Ikus-entzunezkoen kontseilu bat ere sortu beharko litzatekeela esan zien Zupiriari eta Aldekoari.
Kontratu programan kalitate oneko edukiak aipatzen dira. Agirreren arabera, horiek sortzeko bermatu egin behar dira lan baldintza duinak. Aldekoak erantzun zion «lehentasun nagusia» dela behin-behinekotasuna murriztea. Baita langileria berritzea ere, hasieratik dauden langile asko erretiroa hartzen ari baitira.
Gustavo Angulo Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen iritziz, agiria ona da, baina kontratu programan ageri diren konpromisoen %90 betetzen dira egun; EITBk barneratuta ditu: «Beraz, ekimena falta zaio».
EITBk 60 milioi euro izango ditu lau urtean inbertsioetarako
EITBren 2022-2025 aldirako kontratu programa aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Egonkortasuna eman nahi dio erakundeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu