Youssoupha. Rap kantaria

«EHZk publiko berria eta desberdina ezagutzeko aukera emanen digu»

YOUSSOUPHA.
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Mabiki Youssouphak ( Kongo, 1979), Youssoupha izenez ezagutu rap kantariak, gaur emanen du kontzertua Euskal Herria Zuzenean festibalean. 2007an bere bakarkako lehen diskoa kaleratu zuenetik arrakasta handia izaten ari da Frantzian bizi eta frantsesez kantatzen duen artista.

2007an kaleratu zenuen zure lehen bakarkako diskoa À chaque frère (anaia bakoitzari) izenekoa, eta, geroztik, izugarrizko arrakasta izaten ari zara rap munduan. Nola iragan ziren zure hasierak rap munduan?

Bakarkako diskoa atera baino lehen ere rapean aritu izan naiz urte anitzetan. Lagunekin ekin nion rapean hasteari, eta, pixkanaka, bakarkako bidea hasi beharko nuela ohartu nintzen, taldekideek ez baitzuten segitu nahi izan. Bakarkako bidea egiteko ideia asumitu behar izan nuen. Ondotik, bakarlari gisa izan dudan arrakastarekin sorpresa handia izan nuela argi da, ezin baituzu hori gertatuko denik aurreikusi. Santza handia izan dudala uste dut, ez baita beti izaten aukerarik ikusgarritasuna izateko. Baina egun argi dut garrantzitsua ez dela arrakasta, baizik eta rapean segitu ahal izatea.

Maiz erraten da egiten duzun rapa egun nagusitzen den rap estilotik desberdintzen dela.

Bai, ados naiz ideia horrekin, nik ere hori aldarrikatzen baitut nire rap estiloari begira. Ez diot garrantzirik ematen modan dagoen rapari. Nik rap ona egin nahi dut; beste guzia berdin zait.

Rap herrikoia egiten duzula diozu.

Bai, hala da. Rap herrikoia egiten dudala esaten dudanean, herrikoiaren zentzu positiboaz mintzo naiz. Ez dut rapeatzen komunitate konkretu batentzat, baizik eta rapa gustuko duten herritar guzientzat.

Zuretzat rapak zer esan nahi du? Bizitzeko modu bat al da?

Rapa, hip hopa bezala, kultura bat dela esango nuke, mundua ikusteko modu bat. 25 urte inguru dira rapa Frantzian indarra hartzen hasi zela, eta dantzari, artista ugari barne biltzen dituen kultura da. Musika moderno eta gaztea dela esango nuke. Lehen, kultura marjinala zen, eta, egun, masa kulturaren barne da rapa.

Aurtengo martxoan kaleratu berri duzu zure azken lana, Noir desir (nahi beltza) deitua. Zein da zure azken disko horren filosofia?

Disko hau disko etxerik gabe kaleratu dugu; hau da, guk geuk ekoitzitako lana da egin duguna. Ondorioz, diskoa besteei alderatuz independenteagoa dela errango nuke, konplexuak alde batera utzitako diskoa baita. Nahi nuena egiteko askatasun gehiago izan dut urrunago joan ahal izateko aukera eman didala.

Diskorik saltzen ez den garai hauetan, urrezko diskoa da jada zure azken lana.

Bai, sekulako santza izan dudala uste dut ikusiz nola saldu eta saltzen ari den. Gainera, diskoa independentea izanez, arrisku gehiago hartu ditugu lan hau kaleratzeko; baina azken finean konplexurik gabeko diskoa denez, jendearen gustuko izan da inoiz baino gehiago. Arriskua aukera bilakatu da.

EHZn azken lana aurkeztuko al duzu? Zer espero dezake publikoak zure kontzertuaz?

Gaurko kontzertuan azken diskoa aurkeztuko dugu, baina baita betiko klasikoak kantatu ere. Oholtza gainean nirekin batera DJa egoteaz gain, musikariak izanen dira. Beste ikusgarritasun bat emanen dio kontzertuari.

Urbano festibalean jo berri duzu, hiri kulturak sustatzea helburu duen festibalean. EHZk gauza gutxi ikusteko du horrelakojaialdiekin. Zer espero duzu bizitzea EHZn?

EHZn, ezagutzen ez dudan publiko berri eta desberdin baten ezagutza egiteko parada izanen dut. Gainera, izanen den publikoarentzat, rapa ez denez beren eguneroko ogia oro har, gure musika eta mundua ezagutarazteko aukera izanen dugu. Pozik gaude.

EHZk bere burua gune autonomotzat definitzen du, etaegitasmo herritar gisa. Holako ingurune batean kontzertuak emandakoa al zara?

Bai, Palestinan eta munduko beste hainbat txokotan horrelako lekuetan kontzertuak emandakoa naiz. Horrelako eremu aldarrikatzaileek raparen klimarekin topo egiten dutela uste dut. Kontent gaude giro horretan jo ahal izateaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.