Ehulea

Ana Oliver Ruiz: «Ehungailua esku artean dudanean, mundua geratu egiten da; polikiago doa»

Torborg Larsson amona ehuntzen ikusten zuen txikitatik. Matilde amak zuen tailerrak, berriz, lilura sortzen zion: «Biengandik jaso dut ehungintzarako pasioa; beraiek helarazi didate dakidan guztia».

Ana Ruiz Oliver, ehungailuarekin, Donostiako bere tailerrean. JON URBE / FOKU
Ana Ruiz Oliver, ehungailuarekin, Donostiako bere tailerrean. JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Gros auzoan unibertso propio bat sortu du Ana Oliver Ruizek (Sopela, Bizkaia, 1996). Larsson Textil Design tailerreko ateazeharkatzean badirudi denbora geratu egiten dela. Oliverrek ahots leuna dauka, eta hitz egiten duen erritmo berean egiten du dena, mimoz: zorroak, kuxinak, tapizak, tapaukak, xalak... Denak dira pieza bakarrak. Ikastaroak ere ematen ditu Donostiako Nafarroa hiribideko 50. zenbakian.

Amonarekin hasi zen dena...

Bai. Torborg Larsson da amona. Suediako etxalde batean jaio zen, eta, han, etxe guztietan dauzkate egurrezko ehungailuak. Amona Bilbora etorri zen lanera, eta hemen ezagutu zuen aitona. Aitona Malagatik etorri zen lanera, eta pentsioan ezagutu zuten elkar. Orain Suedian bizi dira. Matildek, amak, amonarengandik ikasi zuen, eta nik biengandik jaso dut ehungintzarako pasioa; beraiek helarazi didate dakidan guztia. Hari eta artile artean hazi naiz. Ehungailu txiki batean jartzen ninduten txikitatik.

ANA OLIVER RUIZ EHULEAREN TAILERRA
Ana Oliver Ruizen tailerrean ateratako argazkia. BERRIA
Etxean, orduan, beti izan duzue ehungailua?

Bai. Nire aitak ehungailu erraldoi bat oparitu zion amari ezkontzean; sala osoa hartzen zuen. Ni amaren soinean egoten nintzen bera ehungailuan lanean ari zen bitartean, edo mozorkekin zegoen bitartean... Ama Suediara ikastera joan zen gero, etxalde batera, sei hilabetez, eta bueltatu zenean tailerra zabaldu zuen Larrabazterran (Bizkaia). Bost urte izango nituen. Arratsaldeetan han egoten nintzen etxeko lanak egiten. Amak artean bere etxean jarraitzen du klaseak ematen. Duela hogei urteko ikasleekin jarraitzen du.

Eta zuk haren bideari jarraitu diozu...

Duela urtebete zabaldu nuen tailerra. Lehen, etxean aritzen nintzen, baina urrats hau egitea oso inportantea izan da. Pozarren nago. Tailerrak erakusleiho handia dauka, eta jende asko geratzen da begira. Astero sartzen da baten bat galdetzera. Jada 30 ikasle ditut; gazteenak 30 urte ditu, eta zaharrenak, 75. Mutil bakarra batu zaigu, baina oso giro polita dago. Asko gozatzen dut beraiei irakasten. Ederra da ikustea zein harro dauden beraien eskuekin egindako zerbait ikusten dutenean.

ANA OLIVER RUIZ EHULEAREN TAILERRA
Ana Oliver Ruiz ehulearen tailerra, Donostian. BERRIA
Larsson Textil Design. Hori da tailerraren izena.

Bai. Ezin zen bestela izan. Larsson nire laugarren abizena da. Oso naturala izan da izen hori jartzea. Ez nuen askorik pentsatu. 

Dena den arkitektura ikasi zenuen...

Bai. Eta oso gustukoa dut, baina ez lanerako. Oso estresagarria da, etengabeko borroka bat. Hemen, berriz, bakean sentitzen naiz. Ehungailua esku artean dudanean mundua geratu egiten da; polikiago doa. Burbuila batean bezala nago. Batzuetan pentsatzen dut mende bat lehenago jaio behar nintzela... Oso azkar bizi gara. Berehala aspertzen gara denarekin; zorroarekin, bikotekidearekin... Ez ditugu gauzak behar bezala zaintzen. Gogaitu egiten nau horrek. Geldotasuna aldarrikatzen dut.

Nola egiten da tapiz bat?

Lehenik eta behin, irazkia egin behar da. Txirikorda bat egiten da ehungailuan jartzeko. Egin nahi duzunaren araberakoa da irazkia. Luzetara jarritako hariek osatzen dute. Gero, bilbea eginez zoaz, horizontalean sartzen diren hariak. Liluragarria da. Mundu infinitu bat da. Gauza piloa egin daitezke. Neguan alpakazko eta merinozko tapaukak egin nituen, eta ama eta biok udarako kapazu bat egin dugu orain teknika berri batekin. Lan honen gauzarik ederrenetako bat da pieza bakoitza bakana dela jabetzea. Beste inork ez duela pieza hori. Inork zapaldu ez duen elurra zapaltzea bezala da. 

ANA OLIVER RUIZ EHULEAREN TAILERRA
Ana Oliver Ruiz ehuleak egindako tapiza. Bere tailerren dago ikusgai. BERRIA
Natura omen da zure inspirazio iturria... 

Eta formak, koloreak, bolumenak, testurak, geometriak... Edertasuna... Oso purista naiz. Material naturalak gustatzen zaizkit, lihoa, kotoia, korda, errafia... Norberaren irudimena ere oso inportantea da.

LOTSabako

Kolore bat?
Lihoarena.

Erreferente bat?
Annie Albers. Aitzindaria izan zen.

Leku bat?
Donostia. Maiteminduta nago hiri honekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.