Ehun urtez mila metroan

Urbiako ermitak ehun urte bete ditu gaur. Jose Adrian Lizarralde frantziskotarrak sustatutako herriko talde bati esker eraiki zuten 'Artzainen katedrala' gisara ezagun dena. Egitarau xume bat antolatu dute mendeurrena ospatzeko.

Urbiako ermita eraikitzen ari zireneko argazkia, 1924koa. INDALECIO OJANGUREN
Urbiako ermita eraikitzen ari zireneko argazkia, 1924koa. INDALECIO OJANGUREN
unai etxenausia
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Mendien gainaldean, mila metroan, haizeak antzinako istorioak xuxurlatzen dituen lekuan eta lizarrek bidea erakusten duten magalean dago Andre Mariaren Urbiako ermita  (Oñati, Gipuzkoa), Artzainen katedrala esaten diotena. Urbia, Oltza, Laskaolatza eta Arbelarko txaboletako artzainek eta haien familiek fede eginkizunak gertu eta eroso betetzeko eta iganderoko meza entzutera Arantzazura jaitsi beharrik ez izateko eraiki zuten ermita; aurretik, ordu luzez ibiltzen baitziren Arantzazuraino joateko.

150 lagun baino gehiago bizi ziren Aizkorriren magalean; 30 edo 40 familia zeuden han. Aita Jose Adriano Lizarralde frantziskotarrak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1884–Bilbo, 1935)  ahaleginak eta bi egin zituen artzainek baseliza propioa izan zezaten, eta lortu zuen. Hain zuzen ere, fedez eta ahaleginez kontsolamendu bila igotzen zirenen deboziozko baselizak mende bat bete du gaur. Euskal mendizaletasunaren ikurretako bat da, urtebete geroago irekitako ostatuarekin batera.

Eguneko kronika

«Mendian sekula ikusi gabeko jendetzarekin», egunkariek idatzi zutenez, 1924ko irailaren 28an inauguratu zuten Urbiako ermita. Arantzazuko frantziskotarren liburutegian eta artxiboan badute gordea baselizaren gaineko informazioa. David Cano egungo Arantzazuko Frantziskotarren Liburutegi eta Artxiboko teknikari oñatiarrak partekatu du eskura daukan informazioa: «Orduko prentsako kronikek diotenez, 4.000 lagun inguru bildu ziren egun hartan Urbian. Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik joan zen jendea».

Inaugurazio data ez zen kasualitatea izan. Euskal Herriko Alpinismo Federazioak Ferrocarriles Vascongados konpainiaren egutegiaren arabera ezarri zuen, tren berezi bat bidal zezaketen igande bakarra baitzen. Gainera, egun hartako ilargi beteak mesede egin zien Urbiaraino zihoazen gaueko ibiltariei. Garai hartako kroniken arabera, mendigoizale bilbotarrez betetako tren bat goizaldeko hiruretan abiatu zen Atxuritik, eta egunsentian Oñatin aliroia abestu zuten. Egun hartan guztira 30 autobus eta ehundik gora auto iritsi ziren Arantzazura.

54012792617 a29efa9747 o
Ermitaren inaugurazio eguneko argazkia, 1924ko irailaren 28an. INDALECIO OJANGUREN

Auto bat zelaira igotzea lortu zuten, lekukoen arabera. Artxibozainak kontatu du gutxik dakiten egun hartako anekdota: «Garai hartako testuinguruan jarri behar gara. Bi auto Urbiara igotzea proposatu zuten egun horretan: bata, Arabako aldetik, eta bestea, Arantzazutik. Arabatik zihoana ez zen iritsi, baina Arantzazukoa, bai. Harrigarriena zera da, aukera gutxien zituenak lortu zuela nola edo hala iristea. Horixe izan zen Urbiako zelaira igo zen lehen autoa».

Auto eta guzti eman zioten hasiera inaugurazio egunari. Prozesioa goizeko zortzietan hasi zen, tronuratu behar zuten Ama Birjinaren irudiarekin, aurrean Segurako (Gipuzkoa) dantzariak eta txistulariak zituela, eta lau mikeletek lagunduta. 2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten segizioan, eta Gipuzkoako diputatuak ere bazeuden bertan. Ordubete lehenago, Iruñeko prelatua, Segurako eta Oñatiko alkateak, eta garai hartako beste pertsona ezagun batzuk oinez atera ziren Urbiarantz. Goizeko hamarretan, prozesioa zelaietara iritsi zen, eta Mugika apezpikuak eta Arantzazuko frantziskotarrek harrera egin zioten.

Baseliza sagaratu eta aire zabaleko meza solemnearen ondoren, aurreskua dantzatu zuten, eta biribilketa batekin amaitu zuten; Arabako eta Gipuzkoako diputatuek, alkateek eta kirol klubetako lehendakariek parte hartu zuten. Ondoren, ostatuko lehen harria bedeinkatu eta telefono publiko bat inauguratu zuten. Bazkari ofiziala Partzuergoak antolatu zuen, eta aire zabalean zerbitzatu zuten. Artxiboetan begiratu besterik ez dago jakiteko zer jan zuten: arrautza nahasiak, legatza ozpinarekin, oilaskoa pepitorian eta urdaiazpiko gozoa arrautza irutuekin. Postrerako, Bergarako opil betegarriak, Urbiako gazta eta fruta.

Segurako txistulariek animatu zuten bazkalostea, eta, amaitzean, ikuskizunak hasi ziren: aizkolariak, ahari jokoak, zaldi lasterketak, dantzak eta bertsolarien emanaldiak.

Ermitak gordetzen duena

Marcelo Guilabert arkitekto azpeitiarra arduratu zen ermitaren obraren diseinuaz eta lanak zuzentzeaz, eta Enrique Uriartek azkar asko eraiki zuen ermita, Demetrio Goitia langileburuarekin eta haren kuadrillarekin. Partzuergoak lursaila utzi zien, eta bertako harria erabiltzeko baimena eman zien, ermita dotorea eraikitzeko. Ia ehun urte geroago, inguruko ikur izaten jarraitzen du baselizak. Santos Etxeberria Oñatiko alkatea izan zen proiektuaren diruzaina, eta bera buru zen udalbatza izan zen 1.000 pezetako [6 euro] ekarpena egiten lehena.

Oñatik egin zuen ekarpenik handiena, eta beste 2.340 pezeta [14 euro] batu zituen, herri harpidetza baten bidez. Inguruko beste herri batzuek ere parte hartu zuten: Legazpiko Udalak 500 pezeta [3 euro] eman zituen, eta bertako herritarrek, 455 [2,73 euro]; Zegamak, berriz, 250 pezeta [1,5 euro] eman zituen udalarenak eta 721 pezeta [4,33 euro] herritarrenak. Mutiloan 83 pezeta [0,5 euro] bildu zituzten.

«Ermita ezagutzeko aukera paregabea da urteurrena. Azken finean, museo bat bezalakoa da, ehun urteotako historia eta istorioak gordetzen dituena. Jendea animatzen dut gaur ermita bisitatzera etortzera»

DAVID CANOArantzazuko Frantziskotarren Liburutegi eta Artxiboko teknikaria

Ekarpen ekonomiko horri dohaintza artistikoak gehitu zitzaizkion. Ignacio Zuloaga margolari eibartarrak Doloretako Ama Birjinaren olio margolan bat eman zuen opari, Arantzazuko Santutegian gorde zituzten elementuetatik eta balizko lapurretetatik babesteko. Bestalde, Julio de Beobide Zumaiako (Gipuzkoa) irudigileak egurrean zizelkatu zuen gaur egun ermitan gurtzen den irudia.

Beste ongile batzuek materiala eman zuten: Jose de Urreztieta abokatu donostiarrak teilaturako behar zen egur guztia eman zuen, Ubaldo Segura Legazpiko industrialariak teilak eman zituen, Union Cerrajera de Mondragon burdineriaz eta sarrailez arduratu zen, eta Patricio Etxeberriak gaur egun oraindik ermitako kanpai-horman entzuten den kanpaia egin zuen.

Lizarren bidea

Ordea, ez da ermita bakarrik, hura inguratzen duen paisaiak egiten du berezi Urbia. Ermitak beste urte dituzte inguruan landatutako arbolek, eta horiek markatzen dute baselizara doan bidea. Fededunei bidea markatzeko balio zuten lehen; egun, mendizaleei ere laguntzen die lainoek dena estaltzen duten egunetan.

Ermita inauguratu eta urtebetera, 1925ean, lehen lizar landaketa egin zuten Urbian. Arantzazuko frantziskotarren liburutegian artxibatutako dokumentuen arabera, 770 lizar landatu zituzten bi ilaratan, Elorrolatik ostatura eta errekastora. Zuhaitz horiek ingurunea edertzeaz eta itzala emateaz gain, ibiltarientzako erreferentzia gisa ere balio dute, bide zuzenetik gidatuz. 60ko hamarkadaren hasieran, bostehun lizar gehiago landatu zituzten, gaur egun ezaguna den paisaia osatu arte.

Lizarrak, landatu berri. INDALECIO OJANGUREN
Lizarrak Urbian, 1930ean, landatu berritan. INDALECIO OJANGUREN

Ermitaren 40. urteurrenean, 1964an, festa handi bat egin zuten Lizarralde frantziskotarraren omenez. Orduan, beste landaketa handi bat egitea erabaki zuten, aurretik jarritako asko apurtu egin zituztelako. Frantziskotarren artxiboen arabera, landareak Arantzazutik Urbiara eraman zituzten mando, asto eta zaldietan, eta 1963ko abenduaren 4an amaitu zituzten lanak, 568 zuhaixka landatuz, auzolan jardunaldi batean bizilagunen laguntzari esker.

«Arbola horiei», eta berezko paisaia «ederrari esker» da hain ezaguna Urbia, Canoren iritziz: «Urbia bezalako parajeei esker daude Euskal Herrian hainbeste mendizale. Lehen, fededunak joaten ziren Urbiara, baina, orain, mendira gozatzera doazenak ere badaude».

Ehun urte geroago

Gizartea nabarmen aldatu da azken hamarkadetan, eta erlijio praktikak nabarmen egin du behera. Herri eta hirietan mezatara joaten direnak gero eta gutxiago dira, eta are gutxiago dira Urbia bezalako eremu menditsuetara joaten direnak. San Ignazio eguna da gaur, eta ermita irekiko dute bere ehungarren urteurrenean.

Ermita, baina, oso egun gutxitan ireki ohi da; izan ere, azken urteotan nabarmen murriztu dira bertan egiteko ospakizunak. «Ermita ezagutzeko aukera paregabea da urteurrena. Azken finean, museo bat bezalakoa da, ehun urteotako historia eta istorioak gordetzen dituena. Jendea animatzen dut gaur ermita bisitatzera etortzea».

Baseliza, gaur egun. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Urbiako baseliza, gaur egun. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Egitarau nahiko xumea antolatu dute gaurko. Lehenbizi, 11:30ean, meza izango dute, baselizan bertan. Jarraian, 12:30ean, kontzertua eskainiko dute. Et Incarnatus hari tresnen orkestra ariko da aurrena, eta Alaitz eta Maider trikitilari bikotea ondoren. 15:00etan, Zabale eta Lutxurdio trikitilariek girotutako erromeria hasiko da. Canok fedea du eguraldian, lagundu egingo diela alegia. «Eguraldi onaren esperoan gaude, eta ea ez duen euririk egiten, Urbiaz gehiago gozatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.