Ehun urte xarea biziberritzen

Ehun urte bete dira xarea Irurara iritsi zenetik. Historia gorabeheratsu hori biltzen duen aldizkari bat osatu dute. Hurrengo larunbatean izango da ospakizunaren egun handia

Xare partida bateko irudia, Irurako San Migel jaietan. IRATI SAIZAR / TOLOSALDEKO ATARIA.
Nagore Arin.
Tolosa
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Euskal pilotaren modalitaterik ikusgarriena da». Hitz horiekin definitu du xarea Mikel UzkudunIrurako (Gipuzkoa) Ametsa pilota elkarteko ordezkariak. Jokalari ohia da, eta pilota modalitateak izan dituen gorabehera ugariak oroitu ditu. 1919. urtean heldu zen xarea Irurara (Gipuzkoa), eta garai ilunak izan baditu ere, bizirik jarraitzen du. Ipar Euskal Herrian sortu zen xarea, eta apaiz baten bitartez iritsi zen Irurara: «Joxe Jauregi izena zuen apaizak, pilotazalea zen, eta 1911. urtean etorri zen Irurara. Xareak ekarri zituen. 1919. urtean haren iloba bat etorri zen. Xarea gustatu egin zitzaion ilobari, eta jokatzen hasi ziren: biak bakarrik hasieran, eta herriko jendearekin ondoren».

Iritsi zeneko garai hura oroitu, eta ehun urteko bidea ospatuko dute irurarrek: ekintza anitz antolatu dituzte hurrengo astean egiteko. 70 gazte ari dira xarea ikasten: 9 urterekin hasten dira, baina 11-12 urte artekoek eta 13-14 urte artekoek soilik parte hartzen dute txapelketetan. 70 ikasle dira, 50 mutil eta 20 neska. Mutilek Iparraldeko txapelketetan parte hartzen dute, Hegoaldean Irura baita xare jokalariak dituen herri bakarra. Gipuzkoako txapelketa ere egiten dute, baina irurarrak dira lehiakide guztiak. Nesken kasuan, ez dago irurarra ez den beste lehiakiderik, Iparraldean ere ez; beraz, haien artean soilik jokatzen dute. «Irailean, herriko festetan, lehen aldiz emakumeen arteko xare partida bat jokatu da, lehen aldiz munduan, eta harro gaude».

Uzkudunek esan duenez, hiru ardatz behar dira xareak bizirik jarraitzeko: «Eskola, txapelketak eta taldea. Eskola bazegoen, baina beste biak falta ziren». Azkenengo urteetan itzalpean egon da xarea herrian, baina 2017. urtetik hona berriz ere indarberritu da: «2017. urtean erretiratu nintzen ni, eta laguntza eskatu zidaten, berriz ere zerbait egiten hasteko». Irura oasi bat da, Uzkudunen arabera: txapelketak etxetik kanpo lotu behar dituzte. Ez dira guztiak joaten lehiatzera: «Teknifikazio taldea deiturikoa sortu dugu, gazte guztiek ezin baitute elkarrekin jokatu. Batzuk artaldetik aldendu behar dira, eta talde bereziak prestatzen ditugu txapelketei begira. Momentuan hiru teknifikazio talde ditugu, eta teknifikazio talde horientzat antolatzen dira txapelketak».

Hurrengo astean ospatuko dute mendeurrena:«Aldizkari bat argitaratuko dugu, eta hori izango da egitasmo nagusia», esan du. Urte horietan bizi izandako gorabeherak jasoko dituzte, historiaren parte izan diren norbanakoak presente. Horrez gain, ekintza anitz antolatuko dituzte. Egun handia larunbatean izango da. «Topaketak egingo dira goizean, baita artisau tailerrak ere. Xare erakustaldi txiki bat ere izango da, eta arratsaldean Iparraldeko ligako lehen finalerdiak egingo dira», kontatu du.

Ehun urte gorabeheratsu

Ibilbide maldatsua izan du xareak Iruran. Indartsu iritsi bazen ere, gainbehera ugariak izan ditu: lehena, 1936ko gerraren ondoren. Gerora berreskuratu zuten, baina 1940. eta 1945. urteen artean galdu egin zen berriro. 1952. urtean itzuli zen, Munduko Euskal Pilota Txapelketaren harira: «Pilotari batzuek lehenengo aldiz jokatu zuten». Txapelketaren ondoren berriz ere desagertu zen, 1970era arte. «1970ean berriz ere jokatu zen Munduko Txapelketa, baina ez zuen inork parte hartu, inork ez zekielako jokatzen». Mugarri izan zen gertaera hori, eta gerora, loraldia etorri zen, «urrezko aroa». Etorkizunari begira, «baikor» dago Uzkudun: «Zaila da. Globalizazio egoera batean gaude, eta xarea modalitate murritza da. Hala ere, lana ongi egiten bada, aukera dago aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.