Ezarian

Ehun urte hitzak gurutzatzen

Denbora-pasa dira batzuentzat, eta adierazpen artistikoa besteentzat; hitz gurutzatuek ehungarren urtemuga ospatu dute oraintsu. Luma elkarteari esker, badago hitz jokoak euskaraz egiteko aukerarik.

Irunen egiten dute Euskal Herriko hitz gurutzatuen txapelketa. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Xabier Etxebarria - Iñaki Larrañaga
2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Irudikatu, edozein egunkaritako hitz joko batean, hurrengo esaldia: «Munduko egunkari askotan ageri den ehun urteko hitz jokoa». Bati baino gehiagori hitz gurutzatua etorriko zaio burura, ziurrenik. Jarritako baldintzetan pentsatzen jarriz gero, hiruretako bi betetzen dituela dirudi. Alde batetik, ez dagoelako dudarik munduko egunkari askotan agertzen dela. Eta, bestetik, hizkiekin eta hitzekin jolasten den heinean, hitz jokoaren ezaugarriak bereganatzen dituelako.

Beraz, lehen bi baldintzak beteta, azken baldintza betetzen ote duen jakitea falta da soilik: mendeurrenarena, alegia. Bada, hitz gurutzatuan pentsatu duenak guztiz asmatu du, joan den abenduaren 21ean bete baitziren ehun urte hitz joko hori lehen aldiz argitaratu zenetik.

Lehen hitz gurutzatua New York World egunkariaren Fun gehigarrian argitaratu zen, 1913ko abenduaren 21ean. Joseph Pulitzer zen egunkariaren jabea, eta Arthur Winne izeneko kazetari ingeles baten eskutik irten zen, Liverpooldik (Erresuma Batua) AEB Ameriketako Estatu Batuetara salto egin zuenean, lan bila.

Hasierako hitz gurutzatuaren oihartzuna bizkor zabaldu zen AEBetan, eta 1920ko hamarkadarako herrialdeko egunkari nagusiek bazuten hitz gurutzatuentzako tokia denbora-pasen atalean. Ondoren, mugak gainditu eta bizkor hasi zen hedatzen Europa zein munduko beste hainbat txokotan, betiere tokian tokiko hizkuntza eta ezaugarrietara egokituz. Egunkarietatik salto egin, eta, denbora-pasa desberdinen artean, hitz gurutzatuek toki berezia hartu zuten denbora tarte txikian. Hainbat aldizkari espezializatu izan ziren horien hurrengo jomuga. Horren erakusgarri da mota horretako lehen argitalpena, 1924an kaleratua. Gauzak horrela, familia osoentzako denbora-pasa bihurtuz joan zen gutxinaka.

Ordutik gaur egun arte, tarteko denborak betetzeko eta itxaronaldiak arinago bihurtzeko ohiko jolas bihurtu da, eta aldizkari edo egunkarietatik harago, teknologia berrietan ere bere tokia egin du. Hala, sarean, sakelako telefonoetan edota beste hainbat euskarritan aurki daitezke egun hitz gurutzatuak.

Horretan diharduten diseinatzaileen irudimenari esker, hitzak gurutzatzen zituen eredu sinpleenetik, silabetakoak, gaietakoak edota irudiekin osatutakoak sortuz joan dira. Baita maila desberdinetakoak ere. New York Times egunkaria, adibidez, hitz gurutzatuen zailtasun maila handituz joaten da asteko egunek aurrera egin ahala.

Askorentzat denbora-pasa soil bat dena adierazpen artistiko gisa ere hartu dute beste batzuek. Hala, Marius Serra ikertzaileak «azpigenero literario» moduan irudikatu ditu hitz gurutzatuak, sortzailearen eta denbora-pasa egiten duenaren artean «esperientzien konexioa» gertatzen dela uste baitu. Hainbat tokitan, lehiaketak ere egiten dituzte. Horietan, arrakastaren gakoa hizkuntzaren ezagutza egokian, gaurkotasunaren jarraipenean eta erreferentzia kulturaletan dago. Horren adibide da Xedera elkarteak Irunen (Gipuzkoa) antolatzen duen txapelketa. Xedera elkartea, txapelketa antolatzeaz gain, Luma euskarazko hitz jokoen aldizkari espezializatu bakarra argitaratzeaz arduratzen da.

Txapelketak Euskal Herrian

Txapelketaren azken edizioa iaz egin zuten, azaroaren 23an. «Ikusi genuen nazioartean mota horretako txapelketak egiten zirela, eta gu ere ausartu ginen. Badira oso txapelketa zaharrak, Belgikan ospatzen dutena, esaterako. Bigarren Mundu Gerraz geroztik antolatzen dute», dio Josean Elosegi Luma aldizkariko arduradun eta txapelketaren antolatzaileak. Euskal Herrikoari oraindik bide luzea geratzen zaio tamaina horretako txapelketarekin parekatzeko. Hala ere, zazpigarren aldia da txapelketa egiten dutena, eta «oso kontent» daude. Ohikoena da txapelketa gehienetan hiru taula proposatzea, «normalean gurutzegramak», eta akatsik gabe eta lasterren egitea izaten da partaideen xedea. Irungoan ere horrela aritu ziren iaz parte hartu zuten 34 lagunak.

Zifra txikia badirudi ere, Elosegik badu bere arrazoia: «Ulertzen dugu jende gehiago ez egotea, nolabaiteko maila eskatzen baitugu. Gure aldizkarian eskaintzen duguna gauza oso ludikoa izaten da, baina hau beste maila batean dago». Azken edizioan goiz partean hasi ziren lehian, Irungo Ola sagardotegian, lau lagun geratu ziren arte. Horiek jokatu zuten finala; zutunik, jendez inguratuta.

Hainbat arlotan gertatu bezala, klixez beteriko mundua da hitz jokoena. Helduekin lotzen dituzte askok, baina Luma-ko arduradunak argi dauka, estereotipo horietatik kanpo, jende askok daukala hitz gurutzatua mahai gainean jarri eta eskuan bolaluma hartzeko ohitura: «Pertsona gaztea zein heldua izan daiteke zalea; molde askotako jendeak egiten ditu gurutzegramak».

Ohitura hori euskaraz izateko lorpenaren bidean, Xedera elkarteak badu zeresana. Luma aldizkaria da gaur egun hitz gurutzatuak euskaraz egiten dituen hilabetekari espezializatu bakarra. Mende honen hasieran sortu zuten Luis Manterolak eta Elosegik berak. Dena den, ofizioa —eta afizioa— aspalditik datorkie.

Elosegik 1970eko hamarkada bukaeran kokatu du gaur egun ezagutzen diren euskarazko hitz gurutzatuen ibilbideen hasiera. Aurretik ere egiten zirela aitortu du, eta horren adibide jarri ditu Arantzazuko fraideek argitaratzen zituzten Anaitasuna aldizkariko jokoak eta Mitxelenak eta haren kideek Burgosko kartzelan (Espainia) egiten zituztenak. «Baina oso oinarrizkoak ziren», haren iritziz. 70eko hamarkada bukaeran hasi zen eremu berri horretan lanean, euskal prentsa modernoaren etorrerarekin batera. Egin-en egin zituzten lehen urratsak hark eta Manterolak. Deia-n, berriz, Felipe Lisazo oriotarrak ziharduen antzeko zereginean. «Hasieran, formatu txikiko gurutzegramak egiten genituen, 11x11koak», dio Elosegik. Gogorarazi du garai hartan hasi zirela nolabaiteko diziplinarekin lanean, egunerokotasunari atxikita. Urte batzuk geroago, Iñaki Agirresarobe irundarra gehitu zitzaien proiektura.

Euskaraz, zailtasunik ez

Hasiera hartako pauso handiena Manterolak eta Elosegik eman zuten, Enbido izeneko aldizkariaren bost zenbaki kaleratu zituztenean. 80ko hamarkada bukaeran atera zituzten salgai. «80 orriko aldizkaritxoak ziren, eta bertan mota guztietako jolasak zeuden», azaldu du. «Hasieran, asko landu gabekoak ziren, dena eskuz egina: arkatzez eta paperaz». Gogoan du Macintosh ordenagailua erabili zuten lehen aldia ere, eta nola berrizendatu behar izan zituzten joko guztiak, izen gehienak erdaraz baitzeuden. «Gure oinarria kanpoan zer egiten zen ikustea zen, hasieran behinik behin», dio Elosegik.

Begi bistakoa da hizkuntza bakoitzak berezko ezaugarriak dituela, baina Elosegik ez du ikusten zailtasun berezirik ezberdintasun horietatik harago. Dena den, euskarak r hizki asko dituela esan ohi da, eta Luma-ko arduraduna bat dator esapide horrekin: «Euskara r asko dituen hizkuntza da, eta, ohiturarik izan ezean, pixka bat zaildu egiten du hasieran. Dena den, gure lan nagusia hitzak nola deklinatu erabakitzea izan da». Jolasak nor deklinabidean sortzea erabaki zuten aspaldi, «bestela erotuko ginatekeelako».

Ez zuten ezer berririk asmatzeko helbururik izan; «munduan egiten zena euskaraz egitea baizik». Hala ere, Elosegik uste du, alde horretatik, tokian tokiko hizkuntzek badutela berezitasunik. Horren adibidetzat jo du hurrengoa: «Gauzak Euskal Herritik eta euskaldunontzat egiten ditugu gurean, eta hori oso garrantzitsua da. Kolonbian eginiko gurutzegrama bat hartuz gero, ziurrenik arazo asko izango genituen hura bukatzeko. Hitzak ulertuko genituen ziurrenik, baina, batez ere, kultura arloan izango genituen arazo gehienak. Guztiz ezberdina izango litzateke». Hain urrunera joan gabe, hari ere antzeko zerbait gertatu zitzaiola nabarmendu du, Zuberoan eginiko taula batekin: «Txukun egina zegoen, baina ezin izan nuen hura bukatu. Kasu askotan, euskalkiek arazoak sor ditzakete».

Azkenaldian informatika programei esker hitz gurutzatuak egiteko prozesua erraztu dela dirudi. Hala ere, zerbitzu horiek mugak dituztela ohartarazi du Luma-ko arduradunak. Hala ere, badaki etorkizuna bide horretatik etorriko dela; euskarri teknologiko berrietatik, alegia. Dena den, bizi luzea iragarri die hitz gurutzatuei: «Uste dut iraungo dutela, baina ez dakit noiz arte. Oso baliagarriak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.