1. Lehen lasterketa
1919. urtean egin zen Behobia-Donostia lehen lasterketa, Fortuna kirol elkarteak antolatuta. Orduan, ibilbideen ohiko distantziak bost eta hamar kilometro artekoak ziren. Horrela, ezustea izan zen hogei kilometro luze zituen lasterketa bat antolatzea. Kirol eta antolakuntza aldetik erronka bat zela esan zuten garaiko hedabideek.
22 korrikalarik hartu zuten parte lehen lasterketan, denak gizonezkoak, eta hamalauk zeharkatu zuten helmuga. Horrela, Juan Mugerza korrikalari elgoibartarra izan zen aurreneko irabazlea.
2. Ibilbide aldaketak
1919tik 1963ra bitartean, hamalau aldiz egin zen Donostia-Behobia lasterketa. Gero, geldialdi baten ondoren, 1979. urtean berreskuratu zen. Urte hartatik, segida izan du edizioak.
Lasterketa berreskuratu zenean, ibilbideari beharrezko aldaketa batzuk egin zizkioten. Izan ere, autobidea egin gabe zegoen, eta ez zeuden nahikoa alternatiba N-1 errepidea itxita edukitzeko lasterketak irauten zuen bitartean.
2014. urtean, ibilbidea berrantolatzeko eta hasierakoa berreskuratzeko urratsa egin zen.
3. Modalitateak
Estilo eta ezaugarri ezberdinetako Behobia-Donostia lasterketak izan dira. Egungo parte hartzearekin pentsaezina da, baina erreleboka egindako karrerek ere izan dute beren tokia.
Lehen zortzi urteetan jarraian egin zen lasterketa, eta, pausa baten ondoren, 1936. urtean eutsi zioten berriz. Ohiko Behobia-Donostia lasterketetatik aldenduta itzuli zen, eta berritasun arrastoek berpiztu zuten. Hala, erreleboka egin zen lasterketa hura. Lau korrikalarik osatutako taldeek hartu zuten parte; bakoitzak bost kilometro egin behar zituen. Zarauzko Euzko-Gaztedi taldeak irabazi zuen lehen edizio hura, eta ordubete, zazpi minutu eta 20 segundo behar izan zituzten ibilbidea amaitzeko.
Izan zuen jarraipenik modalitateak, eta sei lasterketa egin ziren guztira modu horretan: 1936, 1941, 1942, 1949, 1951 eta 1963 urteetan, hain zuzen. Azken garaipena C.A. Jaizkibel talde militarrak lortu zuen, eta errekorra ere ezarri: ordubete, minutu bat eta 26 segundo behar izan zituzten.
4. Emakumeak
1979. urtean hartu zuten parte lehen aldiz emakumeek, eta Begoña Zuñiga izan zen aurreneko txapelduna.
Bestalde, iragan urtean 50/50/25 egitasmoa jarri zuten martxan antolatzaileek, eta beste mugarri bat ezarri zuten. 2025ean korrikalarien erdiak emakumezkoak izatea du helburu. Hala ere, egitasmoa zifretatik harago doala azaldu du Arantza Rojo Fortunako Komunikazio koordinatzaileak: «Aldaketa soziala bultzatu nahi dugu». Aurten izena eman duten lasterkarietatik %25,8 dira emakumezkoak: inoizko portzentajerik altuena.
Egitasmo horrekin lotuta dago aurtengo lasterketako berritasunik esanguratsuena: irteera berezia izango da eliteko emakumezkoentzat. Lasterketa ordubete eta hogeita bost minutu azpitik egin duten korrikalariak sartzen dira multzo horretan. Aurten izena eman dutenetatik, 78 emakume daude marka horren azpitik.
5. Errekorrak
Ibilbide zaharra (1979-2013) eta berria (2014-2018) banatu behar dira errekorrak aztertzeko orduan. Hala, zaharrean, gizonezkoetan Alberto Juzgadok du denborarik onena. 1996. urtean lortu zuen, eta ordubete azpian egin zuen ibilbidea; 59 minutu eta 20 segundo behar izan zituen. Emakumeetan, berriz, Tirhas Gebre izan zen azkarrena 2011. urtean: ordubete, zortzi minutu eta zazpi segundoan amaitu zuen.
Ibilbide berrian, Aroa Merinok joan den urtean hautsi zuen marka emakumezkoetan. Bera izan da azken hiru lasterketetako burua, eta hiru garaipen jarraian lortu ditu. Azken aldian, ordubete, bederatzi minutu eta 41 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Gainera, badu pasadizo kurioso bat errekor horrek. Izan ere, helmuga zeharkatu aurretik garaipena ospatzen hasia zen Merino, eta bozgorailuetatik errekorra egitea posible zuela esaten hasi zirenean abiadura azkartu behar izan zuen. Gizonezkoetan, berriz, Carles Castillejok egin zuen denborarik onena, 2016an, ordubete eta hemeretzi segundorekin.
Palmares oparoena, aldiz, Maria Luisa Irizarrek du. Zazpi aldiz izan da txapeldun: 1980, 1983, 1984, 1985, 1993, 1994 eta 1995. urteetan.
6. Elbarriak
1983. urtean hartu zuten parte lehen aldiz arauz kanpoko funtzionaltasuna zuten atletek: bost izan ziren. Partaideen kopuruak gora egin du harrezkero, eta sona eta maila handiko lasterkariak irten dira bertan. Tartean, Mustapha Badid: Paralinpiar Jokoetan sei urrezko domina ditu; eta Philipe Couprie: sei domina lortu ditu Paralinpiar Jokoetan, horietako bi urrezkoak.
Aurtengoa 35. aldia izango da. Kemen Pertsona Ezinduen Kirol Klubarekin elkarlanean antolatzen dute lasterketa; elbarriek osatutako kirol elkarte bat da.
Bestalde, lehen aldiz, gorrentzako sailkapen berezia egingo da. Zazpi maila banatzen dira: gurpil aulkietako atletak; esku bizikletak; mugimendu ezintasuna dutenak; adimen urrikoak; ikusmen urrikoak; patinatzaile elbarriak; eta gorrak.
7. Kontaketa
Txip bidezko kontaketa sistema ezarri aurretik, eskuz hartzen ziren denborak. Sistema ezberdinak jarri behar izan zituzten praktikan. Helmugan hamabi errail jartzen zituzten, eta 80 pertsona baino gehiago behar ziren lasterkari bakoitzaren denborak eta dortsalak apuntatzeko.
2000. urtean egin zen denbora neurketa automatikoa ezartzeko lehen saiakera, baina ez zuen arrakastarik izan. Parte hartzaileen %10i huts egin zien. Apurka, hobetuz joan da txip bidezko neurketa sistema, eta eraginkorra da egun; dortsalean bertan eramaten dute korrikalariek.
8. Hazkuntza
2002. urtean izan zuen izen emateak gorakada nabarmena. 11.000 dortsal saldu ziren urte hartan, eta lehen aldiz itxaron zerrendan sartu ziren hainbat lasterkari. Haziz joan da geroztik kopurua, eta aurten, seigarrenez, 30.000 parte hartzaileren muga gainditu du. 2015ean jo zuen goia: 33.780 pertsonak eman zuten izena, baita dortsal guztiak bukatu ere. Azken urteetan beherakada apal bat jasan du, baina, aurten, berriro ere 33.000 parte hartzaileen langa gainditu da.
Hazkuntzak badu harremana zabalkundearekin. Leihoak irekita ditu Behobia-Donostia lasterketak, eta herrialde ezberdinetako geroz eta korrikalari gehiagok hartzen dute parte. Katalunia, Madril eta Valentziatik etorriko dira aurten lasterkari gehienak.
9. Trihas Gebre
2010. urtean, lehen aldiz lau korrikalari etiopiarrek hartu zuten parte Behobia-Donostian. Komunikazio arazo bat egon zen, eta, irteerara joan behar zutenean, lasterketa egiteko oinetakoak falta zituzten; bertan zituzten denbora neurtzeko txipak ere. Horren ondorioz, azkenak irten behar izan zuten. Hala ere, Tirhas Gebrek orduko denborarik onena egitea lortu zuen: ordubete, zortzi minutu eta 34 segundoko marka ezarri zuen. Alta, ezin izan zuen lasterketa irabazi, ez baitzuen denborak balio, baizik eta helmuga nork zeharkatzen zuen aurrena. Maria Lopez de Tejada izan zen aurrena: ordubete, hamabost minutu eta hamar segundoko denborarekin.
Hurrengo urtean, berriz hartu zuen parte Gebrek, eta, lasterketa irabaztearekin batera, ibilbide zaharreko errekorra egin zuen.
10. Heriotzak
Heriotzak dira Behobia-Donostia lasterketaren alde iluna. Lau hildako izan dira guztira. 2002an izan zen lehen ezbeharra. Asier Torrestek bihotz gelditzea izan zuen helmugara iristeko metro batzuk falta zirela, eta ospitalean hil zen gero.
Zortzi urte geroago, 2010ean, Cesar E.B. zorabiatu egin zen Kursaaleko zubira iristen ari zela, eta ospitalean hil zen.
Arantza Ezkerrok bihotz-biriketako geldialdia izan zuen 2013. urtean, ibilbidea amaitzeko bi kilometro eskas falta zitzaizkiola.
Azken ezbeharra, berriz, 2015. urtean izan zen. Jose Javier Sueskun zorabiatu egin zen, eta, ospitalera larri eraman ondoren, han zendu zen.
11. Hauteskundeak
Lasterketaren urtemuga izateaz gain, badu berezitasunik aurtengo lasterketak: Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin batera egingo da. Lasterketak iragarritako datari eustea erabaki zuten antolatzaileek. Hainbat lasterketa zeuden iragarrita egun horretarako, baina gehienak bertan behera gelditu dira. Ez da izan Behobia-Donostiaren kasua. Egunez aldatzea pentsatu zutela azaldu du Arantza Rojok, baina zehar kalteak handiagoak zirela azpimarratu du, eta, antolatzea posible zela ikusita, aurrera egitea erabaki zutela.
Bost saihesbide jarriko dituzte lasterketaren egunean, herritarrek arazorik izan ez dezaten bozkalekuetara iristeko. Igarobide horietako hiru Donostian egongo dira, eta beste bi, Irunen.
Ehun urte, hamaika bitxikeria
Igandean izango da Behobia-Donostia lasterketa. 100 urte bete ditu aurten, eta izen emateen kopuruak gora egin du. Istorioz beteriko historia du. Urtemuga izateaz gain, Espainiako Gorteetako hauteskundeekin batera egingo da aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu