Hedabideak

Ehun urte bete ditu BBCk, Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak

1922ko urriaren 18an hasi zen BBC irratiz emititzen. Hiru urte geroago bihurtu zen publiko. Gaur egun ez dago garairik onenean, baina astero 492 milioi pertsonako audientzia du oraindik.

BBCren egoitza nagusia, Londresen. ANDY RAIN / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 18a
15:52
Entzun

Erresuma Batuko irrati ekoizleen talde batek 1922ko urriaren 18an sortu zuen British Broadcasting Company Ltd. Haren helburua zen irrati zerbitzu bat eskaintzea modu esperimentalean. Konpainia 1927ko errege dekretu batek bilakatu zuen publiko —ordutik izena du British Broadcasting Corporation—, eta 1932an hasi zen telebista gisa lehen probak egiten; 1936an, berriz, erregularki emititzen. 1954ra arte mantendu zuen telebistaren monopolioa, eta 1960ko hamarkadara arte irratiarena. Gaur bete ditu ehun urte.

Ospatzeko, beste ekintza batzuen artean, bideo bat osatu dute BBCko langileek. Euren buruari barre egin diote han: BBCko albistegiak ehun segundoz akatsak egiten izena du bideoak (100 seconds of BBC News going wrong, ingelesez), eta hainbat une barregarri bildu dituzte han.

Ehun urteotako kronologia bat ere osatu dute, urtez urte hedabideak egin dituen ekarpenik nabarmenenak aipatuz. Horien artean nagusi dira BBCren historiari dagozkionak: irratiaren lehen emisioa, 1922an; futbol partida baten lehen kontakizuna, 1927an; BBC telebistaren sorrera, 1936an; lehen emisioa atzerriko hizkuntza batean, arabieraz, 1938an; emakumeei espresuki eskainitako lehen saioa, 1946an; Doctor Who telesailaren estreinaldia, 1963an; Teletubbies-en lehen emisioa, 1997an; BBC Onlineren sorrera, urte berean...

Baina badaude, noski, hedabideak kontatu dituen gertakizun historikoak ere tartean: Bigarren Mundu Gerraren amaiera, 1945ean; 1948ko eta 2012ko Olinpiar Jokoak; Elizabeth II.ak kargua hartu zuenekoa, 1952an; Ingalaterraren garaipena Munduko Futbol Txapelketan, 1966an; Apoll XI.a espaziontzia Ilargira iritsi zenekoa, 1969an; Charles Galeskoaren eta Lady Diren ezkontza, 1981ean; Malvinetako gerra, 1982an...

Garai zaila

Gaur egungoa, ordea, ez da BBCren historiako garairik onena. Azken urteetan murrizketak izan ditu hedabide publikoak, batez ere kontserbadoreak gobernuan daudenetik. Izan ere, Boris Johnson lehen ministro ohiak behin baino gehiagotan gaitzetsi zuen BBCk brexit-arekin izan zuen jarrera; haren aldekoen aurka egitea egotzi zion. Ez hori bakarrik: eliteen ardurez soilik kezkatzen zela esan zuen, eta langile klasearen kezkez ez.

Horren adibide da urtarrilean Johnsonek ikus-entzunezkoen zerga izoztu izana bi urterako. Hori dela eta, BBCk maiatzean iragarri zuen aurrezteko plan bat jarriko zuela martxan, eta mila langile inguru kaleratuko zituela (22.000 zituen guztira). Telebista eta irrati kate batzuk ere kendu zituen taldeak, edo Internetez soilik emititzera pasatu zituen.

Dena den, eta ikus-entzuleen beheranzko jarrera ere nabarmena den arren, astero 492 milioi pertsonako audientziadu BBCk oraindik, taldeak emandako azken datuen arabera. BBCren nazioarteko zerbitzuak 40 hizkuntzatan emititzen du, eta Erresuma Batuarentzat tresna garrantzitsua da nazioartean eragiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.