1900. urteko Otsagabiko (Nafarroa) auzokideen egunerokoa zen hori. Ehun urte beranduago, Orhipean festa antolatzen dute herrian, XX. mendeko bizimodua gogoan izateko. Urtean behin, kaleak garai hartako elementuekin apaintzen dituzte, eta auzokideak 1900. urteko arropekin janzten dira. Aurtengoa festa egiten duten hogeigarren urtea da. Sergio Itsaso Orhipean elkarteko kideak «amets» gisa definitzen du abuztuaren azken astean antolatzen den ekintza: «Begiak itxi, eta, konturatu orduko, XX. mendearen hasieran zaude. Garai hartako jendea, kaleak, lanbideak ikusten dituzu».
Orhipean elkarteak antolatzen du jaia. Elkarteko kide gehienak herriko jendea dira, eta borondatez lan egiten dute. Haien helburua da herriari ikusgaitasuna ematea. «Pandemia osteko bi urteetan ez genuen ezer antolatu. Herriaren eta ikusleen erantzuna, ordea, ona da oraindik», adierazi du Itsasok. Azken urteetan, ikusle «ugari» izan dituzte. Elkarteko kidearen hitzetan, aurreko urtean 3.000 lagun elkartu ziren Otsagabian. «Gehienbat, Nafarroatik eta Euskal Autonomia Erkidegotik etorri ohi da jendea». Berak kuriositatea duen edonori gomendatzen dio hurrengo ostiralean hasi eta larunbatean amaituko den festa.
Ardien bidea bueltan da
Azken urteetan ez dute antolatu, baina aurten ardi bidea ikusteko aukera ere izango da. Itsasok aurreko urteetan egin ez izanaren arrazoiak aipatu ditu: «Ardiak eta akerrak menditik jaitsi behar dira, eta batzuetan urduritu egiten dira». Aurten, ordea, herriko artzain baten prestasuna dela eta, antolatu ahal izan dute ekintza. «Haren ardurapean egongo da artaldea, ezer gertatu ez dadin ziurtatzeko. Neurriak hartuko ditugu arriskurik egon ez dadin».
Itsasoren hitzetan, herritarren gustuko ekintzen artean dago oihalgileen lana erakusten duen postua. «Bertan, langileek artilea nola erabiltzen duten ikusten da. Artile zatirik onena galtzerdiak egiteko erabiltzen zen, eta zati txarra, aldiz, koltxoiak betetzeko gordetzen zuten», azaldu du Itsasok. Elkartekoek diotenez, artilearekin lan egitea ez zen etxeko lan batera bakarrik mugatzen. «Zentzu zabalagoa zuen». Herriko jendearentzat, elkarrekin harremanetan jartzeko une bilakatzen zen. Artilearekin lan egiteko elkartzen ziren auzokideen etxeetan; neguko arratsalde eta gau luzeak igarotzen zituzten. Hori dela eta, toki berezia du oihalgileen postuak Orhipean antzezlanean.
Matatxerri ekintzara ere jende asko joaten dela adierazi du Itsasok: «Txerriak nola hiltzen zituzten eta tripakiak nola egiten zituzten erakusten dute». Aurten, larunbatean izango da, garbitzaileen lana erakusten duen antzezpenaren ostean.
Orhipean
Abuztuaren 25etik 26ra, Otsagabian (Nafarroa).