Ehun ilustrazio, ehun kanta

Olrait Studiok eta 'Gaztezulo'-k 'Kantu eskukadak' liburua ondu dute, euskal eszenaren erakusle

Gartxot, Beñat Rodriguez, Sara Zozaia eta Gaizka Izagirre, Kantu eskukadak liburuaren aurkezpenean. J. CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Musikarekiko pasioak ezinbestean dakarren bizitzeko (eta hiltzeko) modu bat ederki islatzen du abestiaren letrak eta helarazten duen indarrak». Beñat Rodriguezek (Olrait Studio) hitz horiek eskaintzen dizkio Kuraia taldearen Zebra (RNRHJBD) abestiari. Ilustrazioan, berriz, esku bat erditik gurutzatzen du ezpata batek. «Zentsuratzaileak izorratuz». Hori da Kantu eskukadak liburu bereziaren aurreneko kanta. Halako ehun aukeratu ditu Rodriguezek, eta bakoitzari ilustrazio bat marraztu eta testu bat idatzi die. Eskuak beti daude presente ilustrazioetan. Gaztezulo-k argitaratu du liburua Olrait Studiorekin batera, eta egunotan Durangoko Azokako denda birtualean eros daiteke, 25 euroan.

Euskaraz abesten duten 100 talde ba al daude? Hori izan zen liburu sortzen ari zela Rodriguzek bere inguruan gehien entzun den galdera. «Harridura hori euskaraz sortzen den musikaren oparotasunaz kontziente ez izatetik sortzen da. Horregatik, ilustrazioen bidez, estilo desberdinekiko izan nitzakeen aurreiritziak kanpo utziz, euskal musikaren sakontasunean murgildu nahi izan dut». Instagramen joan zen kantei eskainitako ilustrazioak sareratzen, hamarnaka. «Nire harridurarako, sekulako harrera izan dute ilustrazioek. Beraz, askok uste dutenaren aurka, euskaraz sortutakoa kontsumitzeko gosez dagoenik ere bada, eta hori eskertzekoa da».

Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariak uste du ilustrazio liburu horren bitartez euskal eszenari «omenalditxo bat» egiten zaiola. «Ez da urrutira joan behar kalitatezko bakarlari eta taldeez gozatu eta estilo ezberdinak dastatzeko. Musikariak babestea ezinbestekoa da». Liburuaren maketazioa Nagore Kochena da.

Kanten zerrenda, Spotifyn

Liburuko kanta aukeraketa entzuteko ere bada. Izan ere, abesti bakoitzaren testuaren azpian QR kode bat dago, eta sakelako telefonoa bertatik pasatuta, kanta horretara eramaten du irakurlea. Horrez gain, Gaztea irratiko Ainhoa Vitoria kazetariak Spotify-ko bere kontuan jarri du Kantu eskukadak zerrenda. Rodriguezek aukeratu dituen ehun abestiak daude zerrenda horretan entzungai; orotara, bost ordu eta 51 minutuko hari bat, euskal eszenaz gozatzeko. Aurretik entzun gabekoekin, agian, baina baita Pantxoa eta Peio, Benito Lertxundi eta Oskorriren kanta hautatuekin ere. Rodriguezen bizitzan «esanahi berezia» izan dutenekin.



Gartxot musikaria da liburuan agertzen direnetako bat, eta hari «oso polita» iruditu zaio Kantu eskukadak egitasmoa. «Diziplina desberdinak uztartzen ditu». Genero guztietako kantak daude zerrendan, eta hori nabarmendu du Gartxotek: «Emozioek ez dute generorik. Kantek ukitzen gaituzte ala ez». Ildo beretik, hala esan du Sara Zozaia musikariak: «Dena da hain likidoa gaur egun. Liburu honetan egotea da esatea hemen gaudela». Hor daudela euskal eszenako sortzaileak, alegia, zailtasun guztien aurrean.

Rodriguezek gogorarazi du proiektuak Instagramen jarraitzen duela, kanta gehiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.