EHUko ikasleei asko gustatu zaie 'Ihesaldia'-ren aurreneko atala

Lehen atala ikusteko eta galdera batzuei erantzuteko gonbita egin diete ehun ikasleri, eta gehienek oso balorazio ona egin dute

ETBko Ihesaldia telesailaren fotograma bat. Gaur hirugarren atala emango dute. PAUSOKA.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
EHUko Ikus-entzunezko Graduko ehun ikaslek —euskarazkoak zein gaztelaniazkoak— Ihesaldia telesailaren aurreneko atala ikusi dute, eta gehienek oso balorazio ona egin dute istorioari, gaiaren trataerari, pertsonaiei eta girotzeari buruz. «Gustura ikusi dute, eta gomendagarria iruditu zaie», ondorioztatu du EHUren Applika ikerketa taldeak. Pausoka ekoiztetxearekin elkarlanean, Ikustest inkesta egin zuten Leioako (Bizkaia) kazetaritza fakultatean, abenduaren 9an. 107 gaztek parte hartu zuten, eta 101 inkesta izan ziren baliagarriak. Era berean, talde eztabaidak antolatu zituzten, Libe Mimenza, Bea Narbaiza, Jon Iriarte eta Edorta Arana irakasleak moderatzaile zirela.

ETB1eko telesailaren lehen atala ikusi zuten ikasleen hamarretik bederatzik erantzun dute kontatzen den istorioa oso interesgarria edo guztiz interesgarria dela. Inork ez du esan interesik sortu ez dionik. Eztabaida taldeetan parte hartu duten guztiek adierazi dute telesaila gustatu zaiela. Gaiaren trataeraren egokitasunak ere oso erantzun onak izan ditu: %86 oso edo guztiz ados daude trataeraren egokitasunarekin, eta %12k egokitzat jo dute, bere horretan. Girotzea ere oso edo guztiz egoki eta erakargarria iruditu zaie ikasleen %88ri.

Eztabaida taldeetan elkartu ziren gazteen gehiengoari ez zaio astuna egin telesaila. Hala ere, «batzuetan moteltxoa» dela esan duenik bada. Nabarmentzekoa da, edonola ere, honako datu hau: ikasleen %93k adierazi dute hurrengo atala ikusteko gogoz gelditu dela. Bestalde, hamarretik zazpik ingurukoei gomendatuko liekete Ihesaldia ikustea. Soilik %7k ez lukete gomendatuko, «edo ez bereziki, behintzat».

«Dauden lekura jo behar»

Inkestak, bestalde, utzi ditu beste ondorio batzuk. Izan ere, EHUko ikasleek —19 eta 27 urte artekoak ziren guztiak— ez dute telebista tradizionala ikusten. «Haien artean fikzioarekiko zaletasun handia dute, baina bereziki euskarri digitaletan: doako zein ordainezko plataformetan», azaldu du Applika taldeko ikerlari Edorta Aranak. «Gazteek ohiko telebista pantailetatik harago dauden edukiak ikusten dituzte. Eta ezin da itxaron etor daitezen; dauden lekuetara joan beharra dago». Alde horretatik, ETBk eta Euskal Herriko ekoiztetxeek badute zer hobetua gazteengana iristeko estrategietan. «Ikus-entzunezkoak ekoitzi eta pantailaratzeaz gain, merkatu orokor honetan leku bat egiten trebatu behar dira ekoiztetxeak eta ETB».

Inkestan badira kezka piztu dezaketen datuak. Izan ere, EHUko ikasleen artean %7 baino ez dira euskarazko edukiak askotan edo egunero ikusten dituztenak. Inoiz ikusten ez dituztenak %44 dira, eta batzuetan ikusten dituztenak %48 dira. Ikasleen gehienek ez dute EITB Nahieran plataforma ezagutzen, eta, horregatik, ez dute erabiltzen. Baina, hain zuzen ere, gazteek diote telesaila ikusiko badute, izango dela Interneten ala plataforma digitalen batean pantailaratzen dutelako; ostegunean, Ihesaldia-ren bosgarren eta azken atala emango du ETB1ek, eta, horren ostean, bost atalak Nahieran zerbitzuan izango dira ikusgai.

Deigarria da, halaber, eztabaida taldeetan parte hartu dutenek ez zutela euskarazko telesailaren berri. «Fikzioen komunikazioa gazteengana iritsiko bada, sare sozialen bidez eginiko kanpaina baten ondorioz izango da. Telebista bidezko promozio hutsarekin ez da 25 urte baino gutxiagoko jendearengana iritsiko», azaldu dute EHUko ikerketa taldeko kideek. Aranaren iritziz, euskarazko ikus-entzunezkoen promozioa «oso beharrezkoa» da, euskaraz ez dakiten ala euskararen eragin eremuan mugitzen ez direnengana heltzeko. «Euskarazko edukiak erakargarriak egiten bazaizkio jendeari, bereziki gazteagoak direnei, hizkuntza ez da traba izango. Azpidatziekin edozein hizkuntzatan ikusteko ohitura daukate gazteek». Aipatzekoa da euskarazko edukiak ikusteko ohiturarik ez duten ikasleen artean harrera oso ona izan duela Ihesaldia-ren lehen atalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.