Euskal Herriko Nekazaritza Ekologikoen Elkarteen Kolektiboaren (Ehko) helburuak dira bertako nekazaritza ekologikoa eta agroekologia definitzea; Iparraldeko zein Hegoaldeko nekazarien arteko harremanak indartzea, sustatzea eta gizarteratzea; eta identifikatzeko moduak bilatzea.
EHKOlektiboa proiektuaren bazkideak ENEEK eta Biharko Lurraren Elkartea (BLE) dira. Kolektiboaren sorkuntzan beste ekoizle eta kontsumitzaile ekologikoen elkarteak ere lanean ari dira: Biolur, Lurreko, Bionekazaritza eta Landare. Bertako identifikazio komun bat sortzeko proiektu hau Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) kofinantzatuta dago, POCTEFA programaren bitartez.
Urte hasieratik hona, esne behidunen taldea, baratzezain eta hazi-landare ekoizleena, sendabelarren taldea, erlezainak, haragi ekoizleak, monogastrikoena eta abar elkartu dira jardunaldi batean, EHKOlektiboaren definizioa lantzeaz gain beste probintzietako baserritarrak ezagutzeko. Are gehiago, jardunaldiak konfiantza sustatzeko eta egiten-jakitea partekatzeko aukera eman du.
Talde guztietan, bilkura hauen egitaraua antzekoa izan da. Goizeko lehen zatian, baserri baten bisitarekin hasi dira, baserritarrak nola lan egiten duen azaldu du, galdera ugari egiteko eta ezagutzak partekatzeko tartea ukan da. Momentu horiek kolektiboaren sarea egiteko eta indartzeko oso garrantzitsuak dira. Izan ere, halako topaketetan motibazioa sustatzen da, eta ildo berean doan taldearen babesak norbanakoaren proiektuari ere bultzada ematen dio!
Bisitaren ostean, eta kolektiboaren identifikazioarekin lanean hasi baino lehen, mahai baten inguruan eta piknik eran, bakoitzak etxetik ekarritakoa banatu dugu indarrak hartzeko.
Lantaldeen bilera hauek bi helburu nagusi dituzte: a) Jardunaldiaren helburu orokorra, Euskal Herriko baserritarren harremanak eta elkar ezagutza ahalbidetzea eta erraztea, egiten-jakitea partekatuz eta trukeak sustatuz; b) Arratsaldeko lanaren helburua, EHKOlektiboaren definizioa eta noranzkoa erabakitzeko materiala sortzea, lehen ideiak jasoz (Europako legediari buruzko gogoetak; Etxalde agroekologiko ideala zein izango litzatekeen, ekoizpenaren arabera; ikuspuntu soziala; bertakotasuna).
Horiek izan dira azken taldeetan gehien errepikatu diren hausnarketa orokorrak: 1) Etxaldeen autonomia maila handia bermatu behar da; 2) Bertakoa zer den definitu behar da, bai ekoizpenean, bai ekoizleen eta herritarren arteko harremanetan. Elaborazioan, produktua bere ibilbide osoan izan dadila bertakoa; 3) Informazio eta komunikazio beharra, bai egungo etxaldeak laguntzeko, bai instalatu berri direnentzat. Adib; nork-zer-non dauka, lehengai eta makinerian; 4) Lan baldintza duinak lortzeko, etxalde bakoitzaren lan sistema eta landutako eremua aztertzea, orekatua izan dadin; 5) Baserri kontzeptuak bertako haziak eta animaliak bildu behar ditu, beren funtzioa eta garrantzi handia; 6) Berotegi eta plastikoa, laguntza tresna gisa ikustea, eta ez oinarri. Haien erabilera denborarekin mugatuz joatea; 7) Ekoizpena ingurumenari egokitzea eta ez ingurumena ekoizpenari.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
EHKOlektiboaren lantaldeen bilerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu