Elikadura. Eko-tik

EHKO: Euskal Herri agroekologikoa helburu

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hilabeteak generamatzan euskal nekazaritza ekologikorentzat oso pozgarria izan den albistea emateko gogoz. Heldu da garaia: jaio da EHkolektiboa! Euskal Herrian bertoko ekoizpen agroekologikoaren eredua ezberdintzeko sortua da EHkolektiboa, eta nekazaritza ekologikoaren sektoreak eta kontsumitzaileek nahi dugun agroekologiaren ezaugarriak zehaztuko ditu, lehen fase batean. Iparraldeko BLEren (Biharko Lurraren Elkartea) eta ENEEKren (Euskadiko nekazaritza ekologikoaren kontseilua) bitartez Europar Batasuneko Interreg laguntza jaso du proiektuak, «mugaz gaindiko» proiektu kolektiboentzat ematen dena. BLE eta ENEEK dira proiektuaren kudeatzaileak, baina, proiektuaren zuzendaritzan, ekoizpen eta kontsumo ekologikoaren alde lan egiten duten beste euskal elkarte interesatuak ere biltzen dira: Nafarroako Landare, Gipuzkoako Biolur, Bizkaiko Lurreko eta Arabako Bionekazaritza. Datozen 18 hilabeteetan, batzuen zein besteon lana izango da EHkolektiboaren oinarri fundazionalak ezartzea; ekoizpenerako arau teknikoak zehaztea; komunikazio plangintza egitea; eta identifikazio moldea zein ziurtapenerako erabaki gunea erabakitzea.

Nekazaritza ekoizpen ekologikoa, biologikoa edo organikoa duela 50 urte jaio zen lan eredu bat da. Euskal Herrian, jadanik 20 urtetik gora lanean diharduten nekazari gutxi batzuek hasi zuten dena. Hamarkada hauetan, korronte agrokimiko indartsu batetik irten eta ur lasaiagoetan bizitzea erabaki zuten naturazale haien ernamuina sakabanatuz joan da. Ingurumen hondamendiak eta elikadura-eskandaluek hauspotuta, azken urteotan ekoizpen ekologikoa indartu egin da, jendartearen eskari gero eta ozenagoari jarraituz. Hala, gaur egun Europa osoarentzat balio duen araudia dago, eta esan genezake ekoizpen eredu ekologikoa globalizazioaren eskutik normalizatzeko bidean dela.

Hazkundea azkarra izan da, eta pentsamolde «ekologikoaren» baitan dauden zenbait gai alboan geratu dira, ekoizpena eta kontsumoaren itzaletan. Sasoitasuna, bertokotasuna, landa-eremuaren garapen jasangarria, tokian tokiko ekonomia (tokian tokiko ekoizpen eta kontsumoa), lan-baldintza duinak, herrigintza. Ezaugarri horiek, eta gehiago, pentsamolde ekologikoari atxikitzen zaizkio, baina ezin liteke berdina esan ekologiko moduan ziurtatutako elikagai guztiei buruz. EHkolektiboa gai horri erantzuna emateko sortu da, Euskal Herriko agroekologiaren nortasuna identifikatzeko helburu garbiarekin.

Interreg proiektuaren baitan, EHKOn bildutako produktuen ezaugarriak komunikatzeko moduak aztertuko dira. Argi dagoena da EHKO izenpedura ustiategiaren osotasunean joango dela. Alegia, jarduera bere osotasunean aztertuz hartuko da. Jendarteari EHKO zer den azaltzeko lanketa kolektiboa beharrezkoa izango da. Gerora erabakiko da identifikazio moldea zein izango den…

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.