EHBE elkarteko bikoiztaileek amaitutzat jo dute lanuztea

Bieusek, berriz, dio salneurrien beherakada «amaigabea» izango dela lanbidea arautzen ez bada

SOS Bikoizketa Euskaraz mugimenduaren manifestazio bat, Donostian, 2013an. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Duela hilabete, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak uko egin zion Mixer enpresan ETBrako lan guztiak egiteari, gaztelaniazko lan bat salbu. 2018an, Mixerrek bi urterako kontratua sinatu zuen ETBrekin, bikoizketa lanerako; ondotik, urtebete luzatu zuen, eta abuztura arte dauka. EHBE elkartekoak kexu ziren baldintzekin. Haien lanuztearen arrazoiak jaso zituen BERRIAk, asteazkenean: «Bikoizketako langileok erabaki dugu lanuztea egitea, ordainsari duinak nahi ditugulako, eta etengabeko gainbeherari galga jarri, Euskal Herriko bikoizketari etorkizunerako irtenbideak eman behar zaizkiolako». Lanuzteari amaiera eman diote orain, eskatutakoa lortu dutela iritzita, eta lanera itzuli dira. EHBEk ez du beste adierazpenik egin nahi izan.

Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartekoek, berriz, 2018ko irailean hasi zuten greba, eta greban daude oraindik. Lanuzteei ekin zietenean, EHBE elkartekoek lanean jarraitu zuten, bereziki Mixer enpresan (Bilbo). EHBEko bikoiztaileak lanera itzuli direla jakin ostean, Bieuse elkarteko zuzendaritzak hau adierazi du: «Lanuztea hondatu duen langile talderik edo eskirolik egon ez denez, berehala lortu dute, dirudienez, salneurri igoera bat, 2018ko jaitsiera ere konpentsatzen ez duena. Beraz, bi urteren ondoren, lanuztea egin genuenei, Bieuse elkarteko kideei arrazoia eman eta planto egin ondoren, 2018. urteko tarifa jaitsiera konpentsatu ere egin gabe lanera itzultzea onartu dute. Alegia, 2018. urtean egindako jaitsieraren zati bat onartu egiten dute, eta horren aurrekoak ere bai, noski».

Bikoiztaile Euskaldunen Elkartekoek argi dute aurrera egingo dute lanuztearekin, elkartea sortu izanaren arrazoia lanbidea arautuko duen hitzarmen kolektibo bat lortzea delakoan. «Erkidegoan legez lanbidea arautzen ez den bitartean, lan baldintzen eta salneurrien beherakada amaigabea izango da. Hala izan da azken hogei urteetan. Lanera itzuli diren horiek enpresekin egindako hitzarmenak baliatzen dituzte, tokian tokiko salneurriak jaso eta gutxienekorik bermatu gabe lanean jarraitzeko. Oraintxe bertan, EITBri gainerako bezeroei baino salneurri altuagoa eskatzen ari dira, beste enpresetan edo dauden horretan (Mixer enpresa) gaztelerazko lana merkeago eginaz, eta, modu horretan, sektore guztia murriztuz». Honako galdera hauek egin ditu Bieusek: «Zer dela eta ordaindu behar luke EITBk beste edozein bezerok baino gehiago? Edo gutxiago? Euskaraz bikoizteagatik?».

Azkeneko hamarkadetan jaitsi egin da euskarazko bikoizketa orduen kopurua: 1991n, 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu, eta 2013an, 132 ordu. Azken datu horren bueltan dabil azkeneko urteetan ere. EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak iragarri du iazko aurrekontuetan baino 113.000 euro gehiago bideratuko direla bi hizkuntzetako bikoizketa lanetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.