Bihar hasiko dira Laudioko (Araba) San Roke patroiaren jaiak. Festa luzeak dituzte, hamabi egun iraungo baitute. Jaiak bihar hasiko dira pregoiarekin, baina etzi botako dute suziria. Bihar gauean, Laudioko joaldun taldeak kalejira egingo du herriko kale eta plazetan barrena. Datorren asteko igandera arte, kultura eta aisialdiko ekintza ugari antolatu ditu Laudioko Udalak.
Suziriarekin bat egin eta festetako bigarren egunean zabalduko dituzte txosnak. Horrekin batera, hasiera emango zaio askotariko musika estiloz osaturiko kontzertuen egitarau zabalari. Honat taldeak estreinatuko du txosnetako oholtza jaietako bigarren egunean. Bertatik talde ugari pasatuko dira: besteak beste, EH Sukarra, Willis Drummond, DJ Funi eta Itziarren Semeak. Hip hop gaua ere izango dute. Txosnetan antolaturiko kontzertuez gain, beste erritmo batzuekin dantzatzeko aukera ere izango da kalean. Kun Kun perkusio taldeak danborren erritmoan berotuko du giroa, Laudioko kaleetan barrena ibilita. Herriko plazan Harresian Zulo, Mariatxiak, Los Cinco Bilbainos eta Laudioko musika taldeek eskainiko dituzte musika ekitaldiak, besteak beste. Bongo Botrako eta Bebe izango dira jaietako kontzertu nagusiak, bi taldeek Zumalakarregi etorbideko rokodromoan joko dute.
Mota orotako lehiaketek ere tarte bat izango dute San Roke jaietan. Ostegunean, festetako bigarren egunean alegia, aire zabaleko pintura lehiaketa egingo dute. Irabazlearen eta gainontzeko parte hartzaileen marrazkiak ikusteko aukera egongo da. Irabazleak egunean bertan jasoko du saria. Euskal dantzen maitaleek ere izango dute euren dantzarako trebetasuna erakusteko aukera, aurresku eta arin-arin lehiaketan. Baina lehiaketak ez dira soilik helduentzat izango. Etxeko txikienek ere gastronomia lehiaketan errezetarik onenak praktikan jartzeko aukera izango dute.
Umeentzat jolas parke bat ere egongo da Lamuza parkean. Familia giroan Laudiora biltzen direnentzat, buruhandi eta erraldoiek kalejira egingo dute txistularien laguntzaz. Herriko plazan, adin guztietako jendearentzat antolaturiko ekitaldi eta ikuskizunak egongo dira. Familiako Antzerkia, pailazoak eta txotxongiloak izango dira ikusgai, besteak beste. Deabru Beltza konpainiak Su Danborrak ikuskizuna eskainiko du. Antzerki talde bizkaitarra Europan zehar ibili da antzezlan horrekin. Euskal Herriko zenbait herritako jaietan izan ondoren, Laudion egingo du hurrengo emanaldia, ostiralean.
Zezen plazan, entzierroetan eta bigantxetan parte hartzeko aukera izango dute 16 urtetik gorako guztiek. Horrez gain, jaietarako beste zenbait ikuskizun antolatu dituzte zezen plazan. Esaterako, Crazy Beach boleibol jaia, zaldien ikuskizunak eta perkusio talde batekin kalejira.
Jaietako azken egunean, hilaren 25ean, Zumalakarregi etorbidean kalejira egingo dute. Kalejira horretan jaietako maskota, Erroketxu txakurra, izango da protagonista nagusia. Ostean, jaietako maskotari su emango zaio aurtengo San Roke jaiei amaiera emateko. Egan taldearen eskutik, herriko plazan azken dantzak egingo dituzte.
Jaiak. Sanrokeak Laudion
EH Sukarra eta Bongo Botrakoren erritmoan
Deabru Beltzak antzerki taldeak 'Su danborrak' ikuskizuna eskainiko du jaietako hirugarren egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu