EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publiko bidez aukeratzea proposatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, horrek edozein hedabide publikotan «funtsezkoak diren objektibotasuna, neutraltasun politikoa eta gobernuarekiko independentzia» bermatzeko modua egingo lukeelakoan. Jasone Agirre koalizioko legebiltzarkideak Andoni Aldekoaren hautagaitza bertan behera uzteko eskatu die EAJri eta PSE-EEri. «Garaiz gaude gauzak ondo egiteko, EITB ezin da gobernuaren irrati-telebista izan. EITBk guztiona izan behar du, eta guztiok gurea dela sentitu behar dugu, baina hori ezinezkoa izango da EAJk bere organo politiko bat balitz bezala tratatzen jarraitzen badu», adierazi du Agirrek. Aldekoaren inguruan, EH Bilduk esan du profil politiko horretako hautagai bat planteatzea «eskandalu bat» dela.
EITBrentzat eredu berri baten alde egin du Agirrek: «EITBren gobernantza eredua aldatu behar da, bere zuzendaritza ezin delako irizpide eta interes politikoen arabera aukeratu; eredu horrek mendekotasunean kokatzen ditu telebista eta irrati publikoak, alderdi baten interesen menpe». EH Bilduren arabera, EITBko zuzendaritza ezin da «beste behin ere» gobernuan dauden alderdien bulegoetan erabaki.
EH Bilduk nahi du EITBko zuzendaria lehiaketa bidez aukeratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu