EH Bilduk ikus-entzunezko hedabideen kontseilua eskatu du

Koalizioak lege proposamena aurkeztu du. Sektoreko zenbait aditurekin egin du lanketa

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea, atzo, lege proposamena aurkezten. RAUL BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua sortzeko lege proposamena aurkeztu du EH Bilduk. Jasone Agirre koalizioko legebiltzarkideak atzo Gasteizen adierazi zuenez, «anomalia bat» da Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian erakunde hori ez existitzea, «Europako Batzordeak berak sustatzen baitu horrelako organo independenteak sortzea ikus-entzunezko komunikabideak eraldatzeko estrategian».

Katalunian eta Andaluzian (Espainia) martxan daude kontseiluak, eta Valentzian (Herrialde Katalanak) lege bat onartu dute halako kontseilu bat sortzeko. Frantziak ere badu ikus-entzunezkoen kontseilua, baita Europako beste zenbait herrialdek ere. EH Bilduk proposatu duen legea ikus-entzunezkoen arloko hainbat aditurekin eginiko kontraste eta lanketa baten emaitza da.

Proposamen hau egin du EH Bilduk: «Kontseilu horrek erakunde independente bat izan beharko luke, eta haren helburua euskal esparruko ikus-entzunezko edukiak arautzea izango da, bai eta zigor arauak ezartzea ere, komunikabide publiko zein pribatuetan eta gainontzeko ikus-entzunezkoetan, eta, era berean, erakunde aholkularia eta proposatzailea ere izango da».

EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu zuen kontseilua independentea izango litzatekeela, eta, azaldu zuenez, arauak ezartzeko boterea izango luke euskal ikus-entzunezko komunikazioaren esparru osoan: bai telebistan, bai irratian, bai Interneten.

Kontseiluaren helburuei dagokienez, hauek aipatu zituen Agirrek: «Ikus-entzunezkoen komunikazioaren askatasuna, informazioaren aniztasuna, neutraltasuna eta baliabide publikoen independentzia eta inpartzialtasuna bermatzea, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin akordioak egiten laguntzea, adin tarte guztietan Interneterako sarbidea bermatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte hartzea sustatzea».

Halaber, koalizio abertzaleak azaldu zuen kontseiluaren zereginetako bat ikus-entzuleen defentsa bulegoa sortzea eta kudeatzea izango litzatekeela. Bulego horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irrati eta telebistetan ematen diren programazio eta publizitatearen inguruko herritarren kexak jaso, bidali eta erantzungo lituzke.

Agirrek kontseilua eratu beharra aldarrikatu zuen: «Gaur egungo euskal komunikazio esparruan ikus-entzunezkoek ez dituzte inondik inora asetzen geure beharrak herri gisa, eta kanpoko parametroetara, kanpoko hizkuntza, kultura, identitateetara ari gara egokitzen». Pandemiarekin, ikus-entzunezkoen kontsumoa gehiago handitu da, eta Agirrek ohartarazi du gaur egun jokaleku horretan egiten dela gizarte balioen transmisioa, batez ere gazteen artean. «Horregatik, berebiziko garrantzia dauka ikus-entzunezkoen espazioa ikuskatu eta arautuko duen erakunde independente bat izateak».

Jaurlaritzaren irizpenaren ostean, lege proposamena ekainaren amaieran edo irailean bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.