Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia ezeroso dabil karguan Jaurlaritza aldatuz geroztik. Urte amaierarako, Suriok berak Iñigo Urkullu lehendakariari adierazi zion ez zuela karguan «betikotu» nahi, eta lehentasunen artean jar zezala zuzendari berriaren aukeraketa. Hala, aldaketa aurki iritsiko den usaina hartuta, alderdi politikoak hasiak dira euren gogoetak egiten. Laura Mintegi EH Bilduko buruak adierazi du EAJrekin harremanetan jarri dela gaia lantzeko. Izen jakin batzuez hitz egin aurretik, ordea, EITBko zuzendari berriaren ezaugarriak adostu nahi ditu Mintegik jeltzaleekin. Izan ere, zuzendari berria Jaurlaritzak proposatuko du, baina Eusko Legebiltzarrak oniritzia eman behar dio. Gehiengo soila behar da: 38 legebiltzarkideren babesa. Hala, EAJk negoziatu beharra dauka. Mintegik nabarmendu du zuzendari berriak euskalduna behar duela izan, eta «euskara, euskal kultura, integrazio soziala eta herriaren eraikuntza» sustatuko dituena. PSE-EEk, berriz, ordezkoak «Surioren antzeko profila» behar duela dio; «profesionala eta independentea» izatea. Sozialistak ez dira EAJrekin harremanetan jarri gaiaz hitz egiteko, oraingoz.
Izenak, dantzan
EAJk kargu horretarako egun EITBn lan egiten duen norbait nahi duela eta, hainbat hedabidek aspaldi bertan den baten izena zabaldu dute: Mikel Agirre Arizmendi (Anberes, Flandria, 1955). ETBn 1984an sartu zen, eta, egun, ingeniaritza zuzendaria da —EAJko Andoni Ortuzarrrek izendatu zuen kargurako—. Euskalduna da, ekonomia ikasketak egina, eta Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako aurreneko lehendakariaren iloba.
Komunikazioa
EH Bilduk EITBko zuzendari berriaren ezaugarriak adostu nahi ditu EAJrekin
Hainbat hedabidetan aipatu da Mikel Agirre izan daitekeela Surioren ordezkoa; egun, alor teknikoaz arduratzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu