Carlina acanthifolia ikertu, landatu eta saltzen dute Txema Arresek (Iruñea, 1988) eta Mikel Pascualek (Bilbo, 1976). Izen horrekin agian ez, baina eguzki lorea aski ezaguna da Euskal Herri osoan. Zain Eguzkilore proiektua sortu zuten orain hiru urte, eta, lorea saltzeaz gain, haziak eta landareak ere saltzen dituzte. Pascualek kontatu du nola hasi zuten egitasmoa.
Noiz abiatu zen Zain Eguzkilore?
2022an hasi ginen proiektuarekin. Txema eta biok asko maite dugu mendira joatea, eta eguzki loreak topatu genituen behin. Landarea ezagutzen genuen, oso ederra iruditzen zitzaigun, eta Txemari bururatu zitzaion landarea ekoiztea. Proposamena airean geratu zen, baina Txemak ez zuen baztertu ideia. Azkenean, proiektua martxan jartzea erabaki zuen; niri ere asko gustatzen zait landareen mundua, eta animatu nintzen.
Erraza izan zen landatzeko baimena lortzea?
Lehenik, hazia legezko iturri batetik eskuratu behar da, eguzki lorea landare babestua baita. Nekazaritza Sailean memoria bat aurkeztu behar da, eta haiek erabakitzen dute proiektua onartu edo ez. Txemak aurkeztu zuen memoria, esperientzia baitzuen beste landare batzuekin. Bazekien nora jo; bestela, prozesua oso luzea izaten da.
Zertan datza eguzki loreak ekoizteko prozesua?
Lehenik, haziak hartu eta landatu behar dira. Landarea abuztuaren bukaeran edo irailaren hasieran loratzen da, eta orduan ematen ditu haziak. Baina haziak emankorrak izateko denbora igaro behar da. Abendura arte edo urtarrilera arte itxaron behar da, haziak helduak izan arte.
Eta lehortzeko prozesua?
Lorea atera denean eta jada osorik dagoenean has daiteke lehortzeko prozesuarekin. Horretarako, behetik moztu behar da, zurtoina dagoen tokitik. Ilunpean utzi behar da, bi edo hiru astez, guztiz lehortu arte. Argiak emanez gero, hostoek kolore berdea galtzen dute, eta horixka jartzen dira. Denborarekin berdin-berdin gertatzen da hori, baina argiarekin, askoz azkarrago. Horizontalean eta kartoi baten gainean jartzea komeni da; horrela zuzenago geratzen dira, ez dira makurtzen, eta kartoiak hezetasuna xurgatzen du.
Non aurki daitezke eguzki loreak?
Eguzki loreak 800 metrotik gora agertzen dira. Hori da lorea hazteko eremu egokiena. Pirinioetan eta Urbasa aldean asko daude.
Zuen eguzki loreek erosleen etxea babesteko balio al dute?
Bai, noski. Kondairak dio espirituek iluntasuna behar dutela maltzurkeriatan ibiltzeko. Eguzki loreei esker, jendeak lortzen zuen etxeko atarian beti argia izatea, eta, nahiz eta gaua izan, eguzki loreen argiak izpiritu guztiak kanporatzen zituen. Eguzki lorea Euskal Herriko tradizioko eta kulturako ikur nagusietako bat da, eta garrantzitsuenetakoa.
«Ikerketa prozesu bat da, batez ere. Proiektua aurrera eraman ahal izateko saltzen ditugu, eta laborantza gastuei aurre egiteko»
Euskal Herritik kanpo ba al dago horri lotutako tradiziorik?
Espainia iparraldean ere ohitura handia daukate. Asturias eta Kantabria aldean ikusi izan ditut. Galiziatik ere eskari asko jaso ditugu. Gero, landareari dagokionez, Espainia hegoaldean, Andaluzian, eguzki lore komunitate txiki batzuk daude. Ez daudenez mitologiari eta tradizioari lotuta, ez dira oso ezagunak jendearentzat. Europa iparraldean argi loreak ateratzen dira, batik bat.
Zer dira argi loreak?
Eguzki loreen familia berekoak dira: oso antzekoak dira, baina ezaugarri desberdin batzuk dituzte. Argi loreak txikiagoak dira, eta lorea ere txikiagoa dute. Eguzki loreak horiak dira; argi loreak, berriz, zilar kolorekoak dira, eta ez dute hainbeste hostorik. Eremu garaiagoetan ateratzen dira, 1200-1500 metrotan.
Zer saltzen duzue gehien?
Prozesua ziklikoa da, naturak markatzen du. Orain, adibidez, ez dago landarerik, neguan ez baitira ateratzen. Baina, badagoenean, asko saltzen da. Jendeari asko gustatzen zaio hutsetik hasi eta hazia landatzea, prozesu guztia eurek egiteko. Hala ere, batzuk beldur izaten dira, eta argibideak eskatzen dituzte. Horretarako, landatzeko kita prestatu dugu: beharrezko material guztiak ditu, eta prozesu osoa egiteko argibideak, pausoz pauso. Lorea urritik aurrera izaten dugu bakarrik. Garaiaren arabera, zerbait eros daiteke. Kantitateari erreparatuta, esango nuke landareak saltzen direla gehien.
Sare sozialen bitartez saltzen dituzue, batez ere.
Bai. Orain webgunea txukuntzen ari naiz. Hala ere, ikerketa prozesu bat da, batez ere. Proiektua aurrera eraman ahal izateko saltzen ditugu, eta laborantza gastuei aurre egiteko. Etorkizunean errentagarria bada, ongi etorria izanen da, baina, gaur-gaurkoz, helburu nagusia ez da hori.
Eta bertatik bertara erosteko aukera dago?
Bai. Orain argazki erakusketa bat dago Iruñeko Curia kaleko Cannaenea lokalean. Haziak eta eguzki lore batzuk ere salgai daude dendan. Eskari bat egitea gustatuko litzaidake, herrietako, instituzioetako eta elkarteetako jendeari. Azokak antolatzen badituzte eta gure produktuetan interesa badute, gu oso pozik bertaratuko gara. Azokak bereziak izaten dira, eta soilik gonbidapenarekin sar zaitezke. Guri asko gustatuko litzaiguke jendearekin aurrez aurre hitz egitea, eta zalantzak argitzea.
Galdera-Erantzuna
Baduzu eguzki lorerik etxean? Bai, noski. Bi ditut.
Non daude? Bat etxeko atarian, eta bestea, zilar kolorekoa, nire logelan.
Beste landare bat aukeran?Aloe vera.