Zientzia

Eguzkiaren koroa zergatik den horren beroa azaldu dute

Izarraren atmosferan milioika graduko tenperaturak sortzen dira, baina orain arte ez zekiten nola. Zientzialariek lehen aldiz behatu dituzte bero horren atzean leudekeen «nanozurrusta» deituriko fenomenoak.

Nanozurrusta ekaitz bat Eguzkiaren koroan. ST ANDREWS UNIBERTSITTEA
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 6a
15:16
Entzun

Eguzkiaren azala beroa da, noski: 5.800 kelvin inguru ditu. Baina, izarraren atmosferaren kanpoaldea —koroa deiturikoa— askoz beroagoa da: milioika kelvin baino gehiago ditu. Nola liteke Eguzkiaren nukleotik, hau da, nolabait esateko, haren labetik, urrunago dagoen partea azala baino ehunka aldiz beroagoa izatea? Astrofisikariek gogoan ibili dute galdera hamarkada luzez. Orain, badirudi erantzuna aurkitu dutela: nazioarteko zientzialari talde batek adierazi du bero horren eragilea den mekanismoa behatu duela: Eguzkiaren koroako nanozurrusta ekaitzak.

Aspaldi proposatu zuten hipotesia: halako beroa milaka energia isuri magnetiko txikien ondorioa izango da. Nanozurrusta deitzen diete astrofisikariek isuri horietako bakoitzari. Baina hipotesiak bazuen arazo bat: inork ez zuen halako nanozurrustarik behatu. Ingalaterrako Northumbria eta Eskoziako St Andrews unibertsitateko ikertzaileak NASArekin elkarlanean aritu dira, bereizmen handiko irudiak aztertzen, eta, lehen aldiz, halako nanozurrusta «ezinago azkar eta bortitzak» aurkitu dituztela adierazi dute, Natur aldizkarian argitaraturiko artikulu batean.

Behatzeaz gain, zurrusta horiek nola sortzen diren azaldu dute, eredu matematikoen bitartez.

Eguzkiaren azaletik eremu magnetikoak sortzen dira etengabe. Batzuetan eremu horien lerroak elkarrekin lotzen dira, eta berriz askatzen. Apurtu eta berriz lotzen direnean sortzen dira nanozurrustak, eta horien energiak berotzen du horrenbeste Eguzkiaren koroa.

Astrofisikarako Harvard-Smithsonian Centerreko (AEB) eta Palermoko (Italia) Behatoki Astronomiko eta Unibertsitateko ikertzaileek ere hartu dute parte ikerketan.
Taldeak behaturiko nanozurrusta ekaitzak hamabost bat minutu iraun zuen. Tarte horretan, koroaren inguru hori milioika gradura berotu zela ikusi zuten.

St Andrewseko ikertzaile Paolo Paganok nabarmendu du Eguzkiaren koroa «oso gune dinamikoa» dela, eta eremu magnetikoak etengabe sortzen eta apurtzen ari direla han, eta horien bidez askatzen da milioika graduko tenperaturak mantentzeko adina energia.

Azken hilabeteotan ikerketa garrantzitsuak ari dira argitaratzen, Eguzkiaren izaera eta dinamika ulertzen laguntzeko. Uztailean, Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zunda duela hilabete bat heldu zen lehen aldiz Eguzkiaren periheliora, hau da, izarraren inguruko orbitan punturik hurbilenera. Hurbildu ahala, izarrari argazkiak ateratzen aritu zaio, inoizko hurbilenenak. Horiek aztertzean, ordura arte ikusi gabeko fenomeno bat behatu zuten astrofisikariek: Eguzkia suzko bola erraldoi bat baldin bada, hura su txikiz osaturik dagoela ikusi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.