Eguzkiak urtzen ez duen izotza

Egunetako lana izan dute Cirque du Soleil konpainiakoek Nafarroa Arenan 'Crystal' ikuskizuna emateko. Ia ehun lagun ari dira. Izotz gaineko patinajea eta zirkua nahastu dituzte ikuskizun berrian, eta igandera arte ikusgai da Iruñean. Atzeko lanak bukatuta, atzo izan zen lehen saioa.

1. Zintzilik. Bi artista zinta gorrietatik zintzilik, azken entseguan, kazetariak begira dituztela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Hotz egiten du Nafarroa Arenan. Krask, krask, krask. Beltzez jantzita dauden muntatzaileen urratsak aditzen dira pista zeharkatzen dutenean. Krask, krask, krask. Kranpoiak dituzte zapatetan, herenegundik izotz pista bihurtu baita Iruñeko pabiloia. Zist! Bat-batean bost patinatzaile sartu dira oholtza hormatuan, jauzi eta itzulika. Azken entrenamenduak dira; ordu gutxiren buruan harmaila bete begirada izanen dute gainean. Zirkua iritsi da Iruñera: Cirque du Soleil. Dagoeneko egin dute lehen saioa, baina igandera arte eskainiko dute Crystal ikuskizuna.


 

Kanpoan dauden kamioietan ikuskizunaren irudia eta konpainiaren izena daude inprimaturik. 23 ibilgailu dira, ikuskizuneko material guziak batetik bestera eramaten dituztenak. Barruan sumatzen da urduritasun puntu bat. «Gaurkoa eromena da; lehen egunean dena ongi dabilela egiaztatu behar dugu, dena bere tokian dagoela ikusi, eta denak prest gaudela ziurtatu», esan du Robert Tannion zuzendari artistikoak.

Pista zabal bat du atzean. Sabaitik zintzilik hamaika bozgorailu, proiektore eta foku. Hondoan hamar metroko izotzezko jauregiak janzten du pista. Koreografia bat entseatzeari ekin diote bi lagunek. Haietako bat sabaitik jaisten diren bi zinta gorritik behera zintzilik dago; bestea izotz pistan, patinatzen. Bals batekin hasi dira. Gero, akrobazia eder batzuk, eta izotz dantza alde batera utzi dute, eta airean hegan egin. Bukatzean, koreografoa gerturatu zaie zuzenketa txikiak egiteko, azken detailea ere zizelkatu nahian.

Entrenatzeko beharra dute, izotz pista berria baita, eta agertoki berriari egokitu behar zaizkio. Bi egun behar izaten dituzte izotza egiteko. Gero, egunaren arabera aldatzen da pista, kanpoko tenperaturek ere eragiten baitute. Ikuskizunean zehar ere aldatzen da tenperatura: -10 graduan hasten dira, baina tenperaturak gora egiten du ikuskizunak aurrera egin ahala. Hala ere, artista batzuek bigunago nahiago dute, besteek gogorrago, eta haiei egokitzen ere saiatzen dira.

Entrenamenduen ondoren, izotz pista ongi mantentzeaz arduratzen diren langileak pasatu dira agertokiaren gainetik. Patinetako ahoek izotzean egindako zuloak eskuz estali ditu batek, eta zorua ongi lisatzeko Pinguini makina pasatu du beste batek.

Zirkua eta izotz gaineko irristaketa nahastu ditu Cirque du Soleil konpainiaren azken lanak. Batzuk irristaketan dira adituak, besteak zirkuko diziplinetan. Nahasketa «aberasgarria» izan da Tannionen aburuz: «Erronka beti zera da: zer egin dezakegu guk bi diziplina hauek nahastuta? Eta hori muturrera eraman». Akrobata batzuek ez zekiten patinatzen; beraz, ikasi behar izan dute ikuskizunerako. «Ez daude zirku saio batzuk eta patinaje saio batzuk. Saioen nahasketa handia izan da. Bi diziplinak elkarrekin landuta Crystal-en kultura aberastu dute». Haien eskola propioa dute patinatzen ez zekitenentzat. Gainera, patinatzaile profesionalen artean Olinpiar Jokoetako txapeldunak ere badirela esan du Christine Achampong ikuskizuneko publizitate arduradunak.

Ia ehun lagun

Oholtza gainean 44 artista aritzen dira, 25 herrialdetakoak. Hemezortzi hizkuntza aditu daitezke kamerinoetan, baina ingelesa erabiltzen dute elkar ulertzeko. Hala ere, orotara ia ehun lagun aritzen dira lanean jendeak ikuskizunaz goza dezan. Logistikoa da erronka nagusia, zuzendari artistikoaren aburuz: «Izotza muntatzeko bi egun, gaineko guzia muntatzeko hamabost ordu eta backstage guzia. Gero bederatzi saioetatik hiru larunbatean dira, eta hori erronka mental handia da artistentzat. Desmuntaketa ere sekulako lana da».

Izotzezko jauregiko ateak ireki eta ixten direla egiaztatu du beltzez jantzitako langile batek. Ondoren, sabaitik zintzilik dagoen trapezio bat hartu, eseri eta pistaren erdiraino arazorik gabe mugitzen dela ikusi du. Pistaren albo batean ordenagailuz inguraturik daude teknikariak, dena ongi doala begiratzen. Oholtzaren atzealdean ikuskizunean erabiltzen duten atrezzo guzia dago 20 metroko aretoan sakabanaturik: egongela bat, eskolako mahai eta aulkiak, izotzezko zuhaitzak...

Bitartean, artistak ez daude geldirik. Batzuk gimnasioko makinetan, beste batzuk lurrean luzaketak egiten. Musika jotzeko dena prest dute ere. Zuzenekoa eta grabatutakoa nahasten dute. Nafarroa Arenan hiru lagun arduratzen dira zortzi musika tresna jotzeaz. Piano luzearen atzean, tinbal moduko baten gainean dago malabarista bat, pilotak gora beharrean behera botatzen, eta haietako bakoitzarekin erredoble luze baten kolpe bakoitza egiten. Magiazko mundu bat sortzeko prestatzen ari dira.

Alboko aretoetan garbigailu lerro bat bueltaka dabil, eta korridorean zapata eta patin guziak daude lerro-lerro, nor bere izenarekin ongi gordeak. Zapatek iltzeak dituzte, patinatzen ez duten malabaristak-eta ez daitezen irristatu. Jantzien gelan ere jo eta su ari dira: ileordeak prestatzen, jantziak lisatzen, zapatak konpontzen... Montrealen eginak dira denak (Kanada): 600 jantzi eta 40 ileorde. «Jantziak aldatzeko errazak izan behar dira, batzuetan 5-15 segundoan egin behar dutelako; horregatik dituzte kremailerak alboetan», esan du Achampongek. Striper-en antzera, kolpe batez ken daitezke.

Dena abiadura delako ikuskizunean; ez dago segundo bat ere galtzeko. Eta segundo horien gainean dantzan, orekan, saltoka eta biraka aritzen dira akrobatak eta patinatzaileak. Ez dute inor hotz utzi nahi, baina ikusleei berokia eramatea gomendatu diete. Ordu eta erdiko makillaje saioa, neurrira egindako jantziak, argiak eta musika Crystalek dir-dir egin dezan pistaren gainean. Eguzkiak urtu ezin duen izotzaren gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.