Urrats txikien baturak egiten du bide luzea. Metroz metro kilometroa. Herenegun Azpeitian egin ziren milaka klik keinu txikik erraldoi egin zuten Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. 100.000 klik inguru guztira. Urola Kostako herri horretara bildu zen jende uholdeak gainezka egingo zuela zirudien, baina, azkenean, ekaitzak festa giroan egin zuen eztanda.
Orain dela 11 urteko Kilometroen oroitzapena buruan zutela —euria goian behean egin zuen urte hartan—, eguzkiari erreguka pasa zituzten aurreko asteak antolakuntzako kideek. Eguzkiak erantzun, eta hura gurtzeko aukera eman zien guztiei. Gurtzeko, edo urtzeko; beroak erruz jo baitzuen, jende andana gerizpean babestera behartuz.
Beroa, baina, ezin zen aitzakia izan, eta, egiari zor, jendeak ez zuen aitzakia gisa erabili. Bost gunetan banatuta zegoen ia sei kilometroko ibilbidea, eta lepo bete zen. Goiz-goizetik, gainera. Betagarrik eman behar zuen kontzertua ordu erdi aurreratu zuten, eta 11:00etan Garmendipeko oholtza gainera igo zirenerako milaka gazte zituzten esperoan.
Eztarriak berotuta, Realaren eta Athleticen arteko derbiaren ordua iritsi zen. Hasiera batean oztopo izan zitekeen, baina akuilu bihurtzen asmatu zuten antolatzaileek. Kilometroetako kamisetez aparte, elastiko txuri-urdin eta zuri-gorri mordoa ikus zitezkeen Azpeitian. Garmendipeko pantaila handian zein beste guneetan jarri ziren telebistetan ikusi zuten partida.
Garmendipeko bigarren gune horrek bildu zuen jende gehien. 14-24 urte bitarteko gazte ugari egon ziren musika, futbola, alkohola eta festa erruz nahasten. Baina beste urteetan gertatzen ez den bezala, nahikoa sakabanatu zen jendetza. Antolakuntzak kontzertuak gune askotan prestatu zituen. Musika emanaldiez gozatzeko, Betagarri ikustera lehenengo gunera joan zen jendea, Lauroba ikustera hirugarrengora eta Ze Esatek! taldea ikustera, berriz, bosgarrenera.
Irrien Lagunek etxeko gaztetxoak alaitu zituzten lehenengo gunean, eta dantza, bertso eta herri kirolen saioak izan ziren laugarren guneko ardatz.
Auzolanaren eredu bihurtu zen igandean Azpeitia. Herriaren eta Urola Kosta osoaren babesa jaso zuen Ikasberrik, eta 1.300 boluntario inguruk musu truk lan egin zuten dena ondo ateratzeko. Haiekin batera, ondo pasatzera joan zen jendea ere proiektuaren alde agertu zen, eta pertsona gehienen eskumuturrean ikus zitezkeen sarreran ikastola diruz laguntzeagatik ematen zituzten eskumuturrekoak.
Agintarien presentzia ere izan zen. Goizeko hasiera ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olano ahaldun nagusi ohiak eta Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako lehendakariak.
Lekukoa, Andoainera
Igandekoa bezain egun arrakastatsua izateko asmoarekin hartu zuen lekukoa Andoaingo Aita Larramendi ikastolak. Eguerdian egin zuten lekukoa eskuz aldatzeko ekitaldia, eta 20:00 aldera egin zioten harrera Andoaingo udaletxean. Zentroa handitzeko helburua du Aita Larramendi ikastolako zuzendaritzak, txiki geratu baita azken urteetan, ikasle batzuk kanpoan gelditu baitira aurtengo ikasturtean. 1990ean ere antolatu zuten festa.
Ezarian. Kilometroak
Eguzkiak berotutako festa
Eguraldia lagun, 100.000 lagunek parte hartu dute, Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatutako Kilometroak festan. Antolakuntzaren iragarpenak gainditu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu