Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zunda duela hilabete bat heldu zen lehen aldiz Eguzkiaren periheliora, hau da, izarraren inguruko orbitan punturik hurbilenera. Hurbildu ahala, izarrari argazkiak ateratzen aritu zaio, inoizko hurbilenenak. Horiek aztertzean, orain arte ikusi gabeko fenomeno bat behatu dute astrofisikariek: Eguzkia suzko bola erraldoi bat baldin bada, hura su txikiz osaturik dago. Txiki horrek komatxo artean behar du, noski, su horietako batzuk Lur planetako herrialde oso baten tamaina dutelako.
Orain arte ezin izan da halakorik ikusi, eta horrek erakutsiko luke, ESAren arabera, orbitadoreak zientziari zelako ekarpena egin diezaiokeen.
«Lehen irudiak dira, eta, dagoeneko, fenomeno berri interesgarriak ikusten ari gara», esan du Daniel Mueller egitasmoaren zientzialari buruak. Gaineratu duenez, ez zuten espero hasieratik lortzea halako emaitza onak.
ESA Solar Orbiter
Zientzialarion arabera, su txiki horiek edonon daude Eguzkian. «Lurretik ikusten ditugun Eguzki erupzioen senide txikiak dira, halako milioi bat edo milaka milioi txikiagoak», esan du David Berghmans orbitadorearen bereizmen handiko EUI kameren arduradunak, ESAk zabalduriko ohar batean. «Eguzkiak egonkor eman dezake, lehen begiradan; baina, xehe begiratuta, erupzio txiki horiek edonon ikus ditzakegu».
Izarretik 77 milioi kilometrora dago orbitadorea. Lurretik Eguzkira 149.600.000 kilometro daude; beraz, Solar Orbiter, erdibideraino heldu da.
Zundak hamar zientzia tresna dauzka, eta guztiak piztuta egon dira azken aste osoan, periheliora hurbildu ahala. Izarraren eremu magnetikoa eta eguzki haizea deiturikoa neurtu ditu —Eguzkiaren goi atmosferatik isurtzen diren partikulak dira—. Horrez gain, izarraren azaleko argazkiak atera ditu zundak, inoizko hurbilenenak eta zehatzenak.
«Inoiz ez dugu Eguzkiaren argazkirik hartu horren gertutik», esan du Daniel Mueller Solar Orbiter egitasmoko zientzialariak, ESAk zabalduriko ohar batean. «Bereizmen handiagokoak hartu ditu, esaterako, Daniel K. Inouye teleskopioak Hawaiitik», onartu du Muellerrek, «baina Lurretik, atmosfera teleskopioaren eta Lurraren artean egonik, bakarrik Eguzkiaren espektroaren zati txiki bat ikus daiteke, espaziotik ikus daitekeena baino txikiagoa».
Eta probatan besterik ez da ari. Berehala hasiko dira zunda Eguzkira are gehiago hurbiltzeko maniobratan. 2021eko azarora arte arituko dira horretan: bi ziaboga bat egingo ditu Artizarraren inguruan, eta beste bat Lurraren inguruan, noranzkoa aldatzeko, eta, horren bidez, Eguzkitik 42 milioi kilometrora hurbilduko da, hau da, Merkurio planeta baino hurbilago (Merkurio izarretik 58 milioi kilometrora dago, batez bestean).
Grabitazio ziabogei esker, zundak lehen aldiz ganoraz ikusi ahalko ditu izarraren poloak. Horri esker, zientzialariek hobeto ulertuko dituzte Eguzkiaren eremu magnetikoa, eta eguzki haizea; horrek eragina handia du Eguzki Sistema osoan, besteak beste Lurreko aurora borealetan, eta planetako telekomunikazioen interferentzietan.
[youtube]https://youtu.be/xAGynN98UZU[/youtube]