Eguzki eklipse partziala ikusi ahalko da gaur goizean

08:57an izango da eklipsea ikusteko ordurik aproposena, orduan egongo baita baxuena eguzkia

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Eguzki eklipse partzial bat ikusi ahal izango da gaur Europan, Afrikako iparraldean eta Asia erdialdean. Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren parean jarriko da goizean, eta Eguzkiak bidalitako argi izpiak eklipsatu eta lurrera iristea galaraziko ditu. Neguko goizik ilunena izango da gaurkoa.

Euskal Herrian 07:49an hasiko da eklipsea. Eguzkia zerumugatik 08:40an aterako da; beraz, atera orduko eklipsatua izango da. Ilargiak ez du Eguzki osoa estaliko, eklipsearen magnitudea 0,635ekoa izango baita. Horrek Ilargiak Eguzkiaren azaleko %63,5 estaliko duela esan nahi du.

Eklipseak 08:57an hartuko du punturik gorena. Orduantxe, Eguzkia horizontetik 2 graduko altueran egongo da, zerumugatik oso hurbil. Eklipseak aurrera jarraituko du 10:14 arte. Ordu horretan, 12 graduko altueratik berotuko du Eguzkiak.

Eklipseak iraun bitartean oso behean egongo da Eguzkia. Hortaz, eklipsea ikusteko lekurik aproposena leku garai bat izango da. Zerumuga eraikinez eta zuhaitzez garbi egongo den leku batean ikustea aholkatzen dute.

Eguzki eklipsea ikusteko beharrezkoa da ikusmena babestea. Oso arriskutsua da Eguzkira begi hutsik begiratzea, are arriskutsuago prismatiko edo teleskopio batekin. Erretina erre dezakete eguzki izpiek, eta ikusmena larriki hondatu. Eklipsea ikusteko, betaurreko bereziak erabiltzea gomendatzen dute adituek. Horrelakorik erabiltzeko aukerarik izan ezean, Eguzkiaren irudia paper txuri batean prismatiko edo teleskopio bitartez proiektatzea aholkatzen dute.

Aukera paregabea ematen dute eklipseek argazki ikusgarriak ateratzeko, Eguzki eklipsatua eta lurreko paisaia ardatz hartuta.

Hasi berri den urteak beste hiru eguzki eklipse ikusteko aukera emango du. Horiek ordea ezin ikusi ahal izango dira Euskal Herritik. Ekainaren 1ean izango da hurrengoa, eta Ipar Amerikako eta Europako iparraldeko herrialdeetatik ikusi ahal izango da. Hilabete beranduago, uztailaren 1ean, Ozeano Antartikoa eta hego poloaren artean izango da eklipsea. Urteko azkenekoa azaroaren 25ean izango da, eta Afrikako hegoaldean etaZeelanda Berri inguruan ikusi ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.