Telebista

Egungo erronkak aztertu dituzte 39. Circom biltzarrean

Danimarkako TV2 Nord kateak jaso du Gran Prix saria, Donostian. Ukrainako ‘Hromdaske’ hedabideko bi kazetarik hitzaldia eman dute.

Circom sariak banatu dituzte Donostian. ETB
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 2a
17:03
Entzun

Europako Zerbitzu Publikoko Eskualde Hedabideen 39. Biltzarra egin dute bi egunez, Donostian. Circom elkarteko bazkideak elkartzeko balio izan du, askotariko gaiez hitz egiteko, eta horrez gain,Circom 2023 sariak banatu dituzte. Gran Prix sari nagusia Danimarkako TD2 kateko Stand up med Tourettes programari eman diote. Atzo arratsaldean egin zuten sariak banatzeko ekitaldia Tabakaleran, Nerea Reparaz ETBko kazetaria aurkezle zela.

Ekitaldian, Kukai dantza taldeak eta Neomak musika taldeak parte hartu zuten. Ikerketa kazetaritzako saria Irlandako TG4 kateak eraman zuen; Entretenimendua eta Drama kategoriko saria Galiziako TVGko Motel Valkirias telesailarentzat izan zen; dokumental onenaren saria Poloniako Nam nie wolno bylo plakac lanak (TVP3 Krakow) jaso zuen; eta saiorik originalena eta berritzaileena izendatu zuten Kataluniako telebista publikoko InfoK Especial Tutankhamon lana. Sari bana jaso zuten baita ereSuediako SVTk, Herbehereetako Omrop Fryslan-ek, Errumaniako TVR Cluj kateak, Frantziako France3k eta Errumaniako TVR Timisoarak.

Ukrainako kazetarien lana
EITB taldea izan da Circomen 39. biltzarraren anfitrioia. Eta Donostiako Kursaalean emandako hitzaldien artean, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak euskal gizartearentzat balioa sortu duten egitasmoez hitz egin du.

Gaur goizean, bestalde, Ukrainako Hromdaske hedabideko ordezkariek eman dute hitzaldia. Kursaalean bertan izan dira Aliona Nevmerzhitska zuzendaria eta Victoriia Beha editore burua, Mikel Reparaz ETBko kazetariak gidatuta. Duela hamar urte sortu zuten hedabide hori, eta azkenaldian beren hartzaile kopuruak gorantz egin du. Nevmerzhitskak azaldu duenez, Youtuben hilero 15-20 milioi bisita inguru dituzte; miloi bat jarraitzaile dituzte Twitterren, eta beste hainbeste Facebooken. «Gure bideoek inpaktua eragiten dute gizartean», esan zuen hedabidearen zuzendariak.

Max Levin argazkilaria gogoan izan du Nevmerzhitskak. Argazkilari horrek Hromdaske-rentzat eta beste hedabide batzuentzat lan egiten zuen, eta Errusiako tropek hil zuten iazko martxoan. Beha hunkituta mintzatu zen, era berean, gerran hil diren kazetarien inguruan. «Gerrako giza tragedia eta kostua dokumentatzen ari gara». Eta nabarmendu zuen kazetarien lanaren garrantzia agerian gelditzen ari dela.

Kievetik bideo konferentzia bidez mintzatu dira hedabide bereko Oleksandr Holmakoy eta Oleksandr Nazarok. Aipatu dute algoritmoen faktoreak ere eragina izaten duela haien lana zabaltzeko orduan. «Edonola ere, milioika jarraitzaile batu dira azkeneko urtean gure edukiak ikustera, Ukrainan zer gertatzen ari den jakiteko», adierazi zuen Holmakoyk. Ukrainerazko eduki guztiak ingelesezko azpidatziekin zabaltzen dituzte.

Biltzarreko azken hitzaldian, Ida Anna Haugen Norvegiako telebista publikoko estrategia arduradunak hitz egin du. Arrakastarako gako batzuk aipatu ditu, besteak beste, egitasmoen hasieran baliabideak jartzea, esploratzeko askatasuna izatea eta formatu berriekin esperimentatzea. Estrategiaren oinarrian, bestalde, «itxaropena» jarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.