Gabonetan jo zuen goia Egunean Behin jokoak. Asterik aste gero eta erabiltzaile gehiago erakarri zituen galdera-erantzunen aplikazioak, baina iazko urte amaieran iritsi ziren 62.000 jokalariren langa gainditzera. 2019ko udaberrian jarri zuen martxan aplikazioa Codesyntax teknologia enpresak, eta uda arte 10.000 pertsonak jokatu zuten astero partidaren bat. Irailean hasi zen bigarrena, eta Gabonetarako sabaian amaitu zuten. Alegia, sei aldiz biderkatu zuten jokalari kopurua denboraldi horretan. Astelehenean abiatuko dute hirugarrena, eta Josu Azpillaga Codesyntaxeko ingeniariak jakin nahi du ea 60.000 erabiltzaile horiek berriz ere martxan jarriko ote diren. «Orain arte lortu dugun hedapenarekin oso gustura gaude, batez ere ahoz aho zabaldu delako». Aste honetan sare sozialetan iragarri dute jokoa berriz itzuliko dela, eta erabiltzaile askok azaldu dute euren irrika. Itxaronaldia luzea egin zaien seinale. «Ikusi beharko da zein erantzun izango duen denboraldi berri honek».
Jokoa funtsean ez da aldatuko, baina aldaketak izango ditu. Hau da, oinarri bera izaten jarraituko du: egunean hamar galderari erantzun beharko zaie ahalik eta denbora tarte txikienean —minutu bat inguru—. Puntuazioak batzean hasiko da lehia sailkapen orokorrean, eta lagunen arteko taldeetan, eta aste amaieran ikusiko da nor moldatu den hobekien. Horraino orain arteko moldean egingo da Egunean Behin. Baina horrez gain, denboraldi osoko sailkapen bat ere egingo dutela azaldu du Azpillagak: «Zortzi asteko denboraldia izango da, aurrekoekin alderatuta laburragoa, eta horietatik erabiltzaile bakoitzak jokatu dituen lau aste onenak hartuko dira kontuan». Hau da, sailkapen orokorrean egoteko ez direla zertan zortzi asteetako partida denak jokatu.
Sailkapen horretan lehen 100 onenen artean geratzen direnak zuzeneko final batera sailkatuko dira. «Oraindik zehaztu gabe daukagu non eta noiz egingo dugun, baina lotzen ari gara». Joan den abenduaren 14an egin zuten lehen finala Azpeitian (Gipuzkoa), eta Azpillagak esan du lehen esperientzia horrekin oso gustura geratu zirela. Zuzeneko emanaldi horretarako ere teknologia garatu zuten, eta saio hura proba bat izan zen. «Ongi atera zen, eta orain esperientzia hori errepikatuko dugu».
Onarpen handiagoa
Egunean Behin aplikazioak orain arte astez asteko iragarle bat eduki du, eta hark eman ditu aste bakoitzeko irabazlearentzako eta beste erabiltzaile batentzako sariak. Hirugarrenean ere ildo horri eutsiko diote, baina, horrez gain, babesle orokor bat izango du jokoak: Laboral Kutxa. Hau da, denboraldi osoaren babeslea izango da finantza erakundea, astez asteko babesleekin batera. «Aste guztietako iragarleak lotuta dauzkagu dagoeneko». Hori ere izan liteke jokoak lortu duen arrakastaren beste neurgailu bat: iragarle gehiago izango baitituzte. Onarpena erabiltzaile kopuruaren hazkundetik bakarrik ez, iragarleen aldetik ere iritsi zaiela esan daiteke, beraz.
Horrez gain, atzo bertan Argia aldizkariak urtero banatzen dituen sarietan Internetekoa eman zion Egunean Behin jokoari. Iazko udaberrian sortu eta hain denbora tarte txikian erabiltzaile kopurua ugaritu izana, eta horiek jokora lotzeko izan duten gaitasuna nabarmendu zuten sari banaketan. Azpillaga pozik azaldu zen aitortza horrekin ere.
Galdera eta modu berriak
Jokoaren oinarria galderetan dago, eta Codesyntaxeko ingeniariaren arabera, hor dago arrakastaren gakoetako bat. Eurek, ordea, apenas idazten duten galderarik, gehienak ordenagailuen bidez sortzen dituzte, jabetza publikoko webguneetatik informazioa jasoz. Denboraldi berrian galderen atal hori ere indartuko dute, bide ezberdinetatik. Batetik, eurek sortutako galdera motak zabaldu egin dituzte, «eta sorta berriak sortu ere bai». Baina, horrez gain, erabiltzaileek ere euren galderak bidaltzeko aukera ere izango dute. «Orain arte, eta guk hala eskatu gabe, erabiltzaile batzuek jokorako galderak bidali izan dizkigute, eta batzuetan sartu izan ditugu; izan ere, guk ez ditugu gustu eta ikuspegi guztiak betetzen, eta pentsatu dugu aukera hori zabaltzea polita izan litekeela». Horretarako, atari bat egokitu dute—labur.eus/galdebehin— eta bertatik hala nahi duenak bere galderak idatzi ahalko ditu. Hori bai, horretarako baldintza batzuk bete beharko direla ere azaldu du: ahal dela argazkia norberak ateratakoa izan behar du, eta, erantzunetarako, hiru aukera eman beharko dira.
Galdera horiek automatikoki ez: eskuz sartuko lituzkete jokoan Codesyntaxeko kideek: «Orain arte ere, historiako edo gisa horietako galdera batzuk sartzen genituenean, guk idatzi eta igotzen genituen jokora; era horretako galderak ordenagailuarekin automatikoki sortzea oso zaila izaten baita».
Galderak sortzeko prozesu horretan, beste pauso bat emango dute, azkenik: EHUko Informatika fakultatearekin eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzarekin elkarlanean galderak sortzeko sistema automatikoen lehiaketa bat antolatuko dute ikasleen artean. «Guk orain arte galderak sortzeko zein bide erabili ditugun erakutsiko diegu, eta ondoren euren artean lehia apur bat sortuko dugu; ikusi nahi dugu gazteek ere zein bide erabiltzen duten galderak automatikoki sortzeko prozesu horretan». Jokoa berriz hasiko da etzi, eta oinarrian berdina izango den arren, handiagoa izango da.
Eguneroko partida, berriz
Astelehenean hasiko du Egunean Behin jokoak hirugarren denboraldia. Galdera berriak izango ditu, erabiltzaileek galderak bidali ahalko dituzte, eta denboraldiko sailkapena ere egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu