Sarri esaten dio bere buruari «zerbait utzi beharko zenuke» Nekane Berriotxoak (Urretxu, Gipuzkoa, 1949); ez du hala egiten, ordea. Irakasle izan zen Zumarragan eta Tolosan (Gipuzkoa), militante feminista da, Oneka emakume pentsiodunen taldeko bozeramailea da, eta TOPAn (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) ere aritzen da. «Pentsio duinak, berdintasuna, osasun publikoa, adinekoei eragiten dieten gaietan parte hartzea, eta zaintza publiko integrala» ditu aldarri. Elkarrizketa egin bitartean hainbat dei jaso ditu, bateko eta besteko bilerekin lotuta.
Ofizioz irakasle izan zinen. Nola hasi zinen irakaskuntzan?
Oposizioak egin nituen, eta Zumarragan hasi nintzen lanean, etagero Villabonan ere bai. Gizonak industrian aritzen ziren, eta ni, berriz, irakaskuntzan.
Nolakoa zen giroa Zumarragan?
Oso giro erdalduna zen, kanpoko jendea zen gehiena, Salamancaren edo Valladoliden [Espainia] moduko lekuetakoak. Nik euskara galdu egin nuen txikitan; ahizpa eskolan hasi zenean, etxean gaztelera sartu zen, eta galdu egin nuen.
Eta noiz berreskuratu zenuen?
Villabonara [Gipuzkoa] joandakoan. Pixkanaka, euskara ikastetxean sartzen hasi ginenean, eta kuadrillarekin hitz eginez. Euskaltegian hasi nintzen, eta ikastaro pila bat egin nuen. Irakasleak izanik, uda aprobetxatzen genuen ikastaroak egiteko. Gogoan dut hemen egin genituela batzuk [Tolosan], eta Kike Amonarriz eta Martxelo Otamendi izan ziren irakasleak. Gero, Donostian, Txillardegi, Koldo Aldalur... Halere, akats pila bat egiten dut.
Zergatik joan zinen Villabonara?
Ezkondu nintzenean, Villabonara etorri nintzen. Bi aukera izan nituen lanerako: Villabonara ala Tolosara joan nintekeen. Zalantza izan nuen, eta Villabonan geratu nintzen. Eta eskerrak, gero Tolosan arazo pila bat izan baitzen euskara zela-eta. Zatiketa egon zen. Villabonan, berriz, oso ondo konpondu ginen.
Hasieran, eskolak gazteleraz ematen zenituen, beraz.
Pixkanaka-pixkanaka hasi ginen euskaraz ematen. 30 urte egin nituen Villabonan. Azkenean, jende berria etorri zen, gaztea, euskalduna, eta oso ondo konpondu ginen. A eredutik abiatuta, gela bakoitzean euskaraz ordu bat ematen hasi ginen, orduan ez zegoelako legerik. 1977an-edo izango zen hori. Gogoratzen naiz batek zera esan zidala, gazteleraz: «Nire gelara ez zara euskara ematera sartuko». Eta, bueno, sartu nintzen. Hasieran, A eredua geneukan; gero, B eredua; eta, azkenik, D eredua ezartzea lortu genuen.
Zer irakasten zenuen?
Matematika ematen nuen nik; hizkuntzetan ez naiz ondo moldatzen. Gero ingelesarekin ere hasi nintzen, eta nahiz eta hainbat urte eman ditudan ingelesa ikasten, uste dut orain zerbait esango balidate blokeatuta geratuko nintzatekeela. Gero, erretiroa hartu nuen, oso goiz, arazoak izan nituelako. Pentsioa eman zidaten orduan.
Gazte erretiroa hartuta, zer egin zenuen?
Urte batzuk hor ibili nintzen, zer egin pentsatzen. Tolosara etorri nintzen orduan bizitzera, eta emakumeen taldean hasi nintzen. Nik neure burua feminismoan ikusten nuen. 20 urterekin-edo, Urretxun, taldetxo bat egin genuen kuadrillako eta inguruko emakumeek. Baina, noski, 1970ean, klandestinitatean egiten genituen bilerak. Gero, taldea desegin egin zen, jendea ezkondu zenean, bakoitza leku batera joan zelako bizitzera. Baina asko markatu ninduen esperientzia horrek.
Nolakoa zen feminismoa 1970ean?
Ez dizut esango oraingoa bezalakoa zenik, gai batzuk ez genituelako planteatu ere egiten. Gogoratzen naiz Simone de Beauvoirren liburua hartu genuela, eredu moduan. Gure artean eztabaidak egiten genituen, nahiz eta taldean egon, ikuspuntu desberdinak zeudelako. Abortua zen garai hartan gehien lantzen genuena, eta bakoitzaren pentsaera, kapitalismoarekin lotutako gaiak aztertu... Opusekoek antolatzen zituzten hitzaldietara ere joaten ginen, kontra egitera.
Pentsiodunen mugimenduan ere aritzen zara. Noiztik?
Hemen [Tolosan], pentsiodunen taldea 2017an antolatu zen. Taldetxo bat gara, eta astelehenero elkarretaratzeak egiten ditugu, besteak beste.
2018an, Oneka emakume pentsiodunen plataforma sortu zenuten. Zergatik?
Ikusi genuen emakumeen pentsioak oso baxuak direla. Iruditu zitzaigun emakume gisa antolatu egin behar genuela, emakumeen egoera ikusarazteko. Azkenean, bi lekutan aritzen gara: talde mistoetan eta Onekan.
Zein da, bada, emakume pentsiodunen egoera?
Emakume pila batek kobratzen du 600-700 euro arteko pentsioa, eta oso larri ibiltzen dira hilabete amaierara heltzeko. Zenbait gauza ezustean ordaindu behar badituzte, arazoak izaten dituzte. Eta ez gauza oso garestiak, e? Posible da jarabeak izatea arazoa. [Dei bat jaso du hitz egiten ari zela, eta bere gain hartu du jendeari antolatu duten bilera baten berri emateko ardura].
Ondo ikusita zegoen 1970 inguruan emakumeek dirua irabaztea lan egiteagatik?
Feminizatuta zeuden lanak beharbada onartuko ziren, baina industriaren moduko esparruetan, adibidez, nahikoa zaila zen. Orduan, ezkontzean, lana uzten zuten. Horrek ekartzen du gero ez daukazula ez eskubiderik, ez oporrik, ez gizarte segurantzarik, ez ezer. Beti gizonaren edo bikotearen babesean egon behar duzula, eta zaurgarria zarela. Gaur egun, zaintzagatik eskatzen dira lanaldi murrizketak edo baimenak ere, eta horrek pentsioetan eragiten du gero, noski.
Aldiz, doan egindako zaintza lan guztiak ordainduko balira...
Egin diren kalkuluen arabera, emakumeek egindako zaintza lanak ordaintzeak bilioika euroko kostua ekarriko luke.
Zahartzaroan ere egiten dituzte zaintza lanak?
Emakume helduak oso lotuta daude zaintzari, izan bilobengatik edo seme alabak lagundu behar dituztelako Lehengoan, Azpeitiko [Gipuzkoa] hitzaldi batzuetan, administrari batek esan zuenemakume helduei ezin diela hitzordurik eman 12:00 bueltan, umeak zaindu behar dituztelako, edo bazkaltzera haien etxera joaten direlako.
Adineko emakumeen indarkeria kasuak identifikatzeko ere lan egiten duzue Onekan?
Bai. Askotan, agian, ez da indarkeria fisikoa, baina familiak ere egiten du indarkeria. Azkenean, konturatzen zara irainak daudela, eta beharbada ez dira indarkeriatzat hartzen. Askotan ikusten dugu ere bai semeak amarekin bizi badira ama zamatzen dutela, ama denetarako dela.
Erraza da indarkeria kasuak identifikatzea?
Ez, oso zaila da, oso normalizatuta daudelako. Lehenik, konturatu egin behar duzu hori indarkeria dela. Oraindik, askotan, etxean gertatzen diren kasuak etxean geratzen dira. Horregatik aldarrikatzen dugu indarkeria sozializatu behar dela. Adinekook frankismo garaiko heziketa daukagu, eta nahiz eta gauzak aldatu diren, barneratuta dauzkazu gauza batzuk, eta oso zaila da hortik ateratzea.
TOPAn ere aritzen zara.
11 urte edo izango dira TOPA sortu zela. Hasieran, jende pila bat zegoen, eta, orain, hamabi lagun inguru elkartzen gara asteartero. Azken bolada honetan, presio handia egin dugu, eta, maiatzaren 6an, manifestazioa egin genuen; espero baino jende gehiago etorri zen. Uste dut nahikoa eragin duela gai honek hauteskundeetan.
Zer eskatzen duzue?
Askotan eskatu dugu klinika publifikatzea. Klinika edo ospitale berria egiteko asmoa dago, baina ikusten dugu asmoa dela anbulatorioa Bereizmen handiko klinika deitzen den hori bihurtzea. Hori anbulatorio osatuago bat da, baina ez du bat egiten guk daukagun ospitalearen ideiarekin. BadirudiAsuncion klinikak berdin-berdin jarraituko duela, programetan hori ikusi dugu. Eta, bitartean, lanak egiten ari dira, baina guk ez dakigu zertarako.
Erakundeak nahikoa kezkatzen dira adinekoez?
Iruditzen zait ez direla kezkatzen; haiek badaukate herrian emakumeak zer egoeratan bizi diren jakiteko informazioa. Niri, adibidez, deitu zidaten COVIDa nuenean, ea zer moduz nengoen galdetzeko. Baina hori ez da egin behar COVIDa dela-eta bakarrik: jarraipena egunero egin behar da. Ez baldin bazara gerturatzen udaletxera edo gizarte etxeetara, ez zara existitzen erakundeentzat. Informazio falta handia dago.
Baliabide gehiago behar dira, orduan?
Gizarte langileen aldetik kontrol handiagoa behar da. Horrek eskatzen du jende gehiago egotea lanean, dudarik gabe. Baina ikusten ari gara 2030eko hamarkadan ehun pertsonatik 26 izango garela 70 urtetik gorakoak. Beraz, baliabideak beharko dira.
Bigarren mailan geratzen dira adinekoen aldarrikapenak?
Zalantzarik gabe, arlo guztietan. Berdintasun legean aldarrikatu genuen ez direla aipatu ere egiten adineko emakumeak. Hor sartzen gara, zaku horretan, baina adin bakoitzean behar desberdinak dauzkazu. Iaz Maite Iturralde medikua ere ekarri genuen, hitzaldi bat ematera, eta esan zuen emakumeoi proba gutxiago egiten dizkigutela gizonei baino. Adinaren arabera ere proba gutxiago egiten dira: pentsatzen dute segun zer adinetan inbertsio bat egiteak ez duela merezi.
Erraza da zuen adineko jendea batzea?
Adin batetik aurrera, jendea ez dago prest lanerako, eta horren falta sumatzen dugu. Baina hor jarraituko dugu, pentsio duinak, berdintasuna, osasun publikoa, eragiten diguten gaietan parte hartzea eta zaintza publiko integrala eskatzen.
Nekane Berriotxoa. Oneka emakume pentsiodunen taldeko kidea
«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»
Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu