Jokoak

Egunean Behin jokoaren sasoi berria hasiko da astelehenean

Zortzi aste iraungo du seigarren sasoiak, Aste Santura arte. Aurrekoan 60.000 lagunetik gora jokatu zuten egunero.

Egunean Behin jokoaren lehen finala, 2019ko abenduaren 14an. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko urtarrilaren 28a
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Sasoi motza izango da Egunean Behin jokoaren seigarrena: zortzi aste, otsailaren 1etik, hau da, astelehenetik, Aste Santura arte. Sakelakorako dagoen euskarazko aplikaziorik arrakastatsuena da, eta dozenaka milaka jokalari batu ditu egunero aurreko sasoietan.

Izan ere, irailetik eta abendura bitarte jokatu zen aurreko sasoian, eta 60.000 pertsona baino gehiago aritu ziren egunero jokatzen. «Ea eusten diogun arrakasta maila horri 2021ean ere. Pandemiaren giroan jokoa babestera animatu direnei eskerrak eman nahi dizkiegu, sariak jarriko dituzte astero-astero, irabazleentzat zein zozketaz aukeratutako jokalarientzat», adierazi dute jokoaren arduradun Codesyntax enpresakoek.

Babesle horietako bat Elkar da, eta hainbat sari jarriko ditu. Esaterako, jokoa hasi eta zortzi astera, sailkapeneko lehen hirurek 150, 100 eta 50 euroko bonuak jasoko dituzte, Elkar dendetan erosteko. 50 euroko beste bi bonu zozkatuko dituzte.

Babesleen artean daude, besteak beste, Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboa, Txepetxa gurpilak, Munduko Hizkuntzen Unesco Katedra, Mondragon Unibertsitatea, Euskal Alien Nazioa ihes-gela (Euskararen Etxean, Bilbon), Danobatgroup eta Lurgida app.

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten «maltzurragoak» izango dira matematikaren inguruko galderak.

Sakelakoan jokatzen da Egunean Behin. Trivial estiloko hamar galderari erantzun behar diote jokalariek, hiru erantzunetatik bat aukeratuta, eta bakarrik egunean behin joka daiteke. Codesyntax enpresak 2019an sortu zuen, eta arrakasta handia lortu du.

2019ko abenduan jokatu zen lehenengo finala, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.