Jokoak

Egunean Behin jokoaren katalanezko bertsioa egin dute

Datorren astelehenean abiatuko dute Un Cop Al Dia jokoaren lehen denboraldia. Codesyntaxek garatu du.

'Un Cop Al Dia' jokoaren irudiak. CODESYNTAX
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 24a
11:52
Entzun

Aurki, euskarak bezala, katalanak ere bere jokoa izango du. Codesyntax euskal enpresak Egunean Behin aplikazio arrakastatsua itzuli du, eta Un Cop Al Diasortu. Datorren astelehenean hasiko du estreinako denboraldia, eta hamar aste iraungo du.

Bi bertsioak berdinak dira mekanikan —egunero, hamar galderari erantzun beharko diote jokalariek, eta ahalik eta gehien asmatzen saiatu puntuaziorik handiena lortzeko—. Edukian dago desberdintasuna, nola ez: galderen erdiak Herrialde Katalanetako kulturan eta hizkuntzan oinarritu dituzte. Codesyntaxek garatu du Un Cop Al Dia, eta Aritz Galarraga idazle eta itzultzaileak ere parte hartu du horretan.

Galesen ere, egunero

Katalanezkoa ez da sortu duten lehen bertsioa. Iazko urrian, Cwis Bob Dydd kaleratu zuen Codesyntaxek, Egunean Behin-en galesezko bertsioa. S4C Galesko telebista publikoak eskatu zion hura garatzeko, eta Tinint bertako ekoiztetxearekin elkarlanean sortu zuen.

Hain justu, joan den igandean amaitu zen lehen denboraldia, jokoa estreinatu eta lau hilabetera. Aled Parry Tininteko ekoizlearen arabera, «erronka bat» izan da jendeak aplikazioa jaistea, baina «ahoz ahokoak» bultzada eman dio. Jende andanak parte hartu du lehen denboraldian: 7.000 lagunek. Galesezko Egunean Behin jokalarien «egunerokoaren parte bihurtu da».

Jokoaren sortzaileak hurrengo denboraldiari begira dira jada, baina badute zer aztertu: «arrakastatsua» izan dena eta «hain ondo funtzionatu» ez duena. Izan ere, «galesegia» izan daitekeelako ustea du Parryk, egunero erantzun beharreko galdera asko historian eta hizkuntzan oinarritzen baitira; «eta zera nahi dugu, beren hizkuntzarekin agian hain seguru ez dauden horiek erakarri». Funtsean, apurka-apurka galesaren erabilera «areagotzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.