Internet

Egunean behin jokoak 12. sasoia hasiko du astelehenean

Bederatzi aste iraungo du denboraldiak, uztailaren 16ra arte, eta oraindik ez dute erabaki finalik egingo duten edo ez

22. Korrikaren amaiera festaren barruan, Egunean Behinen partida kolektiboa jokatu zuten, iazko martxoaren 10ean. IDOIA ZABALETA / FOKU
2023ko maiatzaren 11
15:54
Entzun

Martxoaren 31n jokatu zuten Egunean Behin jokoaren finala, Donostiako Teknologia Parkean. Aurreko igandean amaitu zen 11. sasoia, eta, geroztik, abstinentzia sindromea izango zuen Egunean Behin-en zale batek baino gehiagok. Amaitu da Garizuma horientzat. Astelehenetik aurrera, galdera jokoaren 12. sasoia jokatu ahalko dute.

Aurreko denboraldian 65.000 pertsona aritu ziren jokatzen, Egunean Behin plazaratu eta kudeatzen duen Codesyntax enpresaren zenbakien arabera.

Astelehenetik aurrera eta uztailaren 16ra arte antzeko jokalari kopurua batzea espero dutela adierazi dute.

Aurreko denboraldia martxoaren 31ko zuzeneko finalarekin amaitu zen, baina oraindik ez dakite uztailan ere halakorik egingo ote duten. «Ez dugu erabaki oraindik; ikusiko dugu».

Elkar izango da 12. sasoiaren babeslea. Argitaletxe eta banatzaileak jarri ditu sariak. Lehenengo sailkatuak 150 euroko erosketa bonu bat jasoko du; bigarrenak, 100 euroko bat; eta hirugarrenak, 50eko bat. Horrez gain, 50 euroko beste bi bonu zozkatu dituzte parte hartzaile guztien artean.

Euskal Herrian arrakasta handia izan du jokoak duela lau urte sortu zutenetik. Denera, 35 milioi partida jokatu dituzte, eta 350 milioi galdera erantzun dituzte jokalariek.

Arrakasta horrek atzerrira eraman du jokoa. Euskarazko bertsioaz gain, beste bi garatu dituzte. Cwis bob dydd (proba bat egunean) du izena galesezko bertsioak, eta iazko urrian abiatu zuten. Lehenengo sasoian 7.000 erabiltzaile lortu zituzten. S4C telebista galestar publikoak eskatu zuen, eta Codesyntaxek eta Tinopolis Galesko ekoiztetxeak garatu zuten, elkarlanean.

Beste bertsioa katalanezkoa da: Un cop al dia. Otsailaren 27tik maiatzaren 7ra arte jokatu zuten lehenengo sasoia.

Jokoa ez da errenta, baina astelehenera arte itxaroterik ez dutenentzat gogora daiteke badela beste joko bat oraintxe bertan jokatzeko moduan, webgune honetan bertan: Berbaxerka.

Ausazko zazpi hizkirekin hitzak topatzea da erronka. 2022ko urtarrilaren hasieran euskarara ekarri zuten Marc Font informatikariak eta Gorka Salces irakasleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.