Lehengora itzuliko da Egunean Behin: lehen denboraldiarekin egin bezala, lehiaketako 11. denboraldiko finala aurrez aurre egingo dute martxoaren 31n, Donostiako Miramongo parke teknologikoan. 18:00etan ekingo diote saioari, eta Kike Amonarrizek gidatuko du.
Denboraldi honetako ehun jokalari onenak lehiatu ahalko dira hilaren amaieran. Urtarrilaren 30ean hasi zen, eta amaitzeko dago oraindik: igande honetan jakingo dute zeintzuk sailkatu diren finalerako. Izena eman beharko dute horiek. Dena dela, hutsunerik balego ere, itxaron zerrenda batean izena emateko aukera eman diete gainontzeko jokalariei.
Lau txandako finala izango da, eta «hutsetik hasiko dira» finalistak. Finalerako lehen postuan edo azkenean sailkatuta ere, edonork irabaz dezake. 25 sari baino gehiagoko sorta prestatu dute.
Egunean minutu bat eskatzen duen joko bat da Egunean Behin; Codesyntax etxeak garatu du. Aurten lau urte beteko dira galdera-erantzunen jokoa kaleratu zutenetik; 2019 hondarrean egin zuten, hain zuzen, lehen denboraldiaren lehen finala, Azpeitiko San Agustin kulturgunean (Gipuzkoa). Pandemia tarteko, ezin izan dute halako final zabalik antolatu gaurdaino —besteak beste, Youtube eta ETB1 bidez egin dituzte zuzenekoak—.