Manolok zuzeneko finalean parte hartzearen errua haren ilobak du, Gaizka Larrañagak (Azkoitia, 1969). “Irailetik abendurako aste bakoitzeko hamar onenak zuzenean sailkatu ziren finalera. Ni ez nintzen sailkatu, baina jakin nuen gonbidapen bidez parte hartzeko aukera ere bazegoela. Idatzi egin nien, eta onartu egin ninduten”. Finalean parte hartzeko txartel bakarra zeukan Gaizkak, eta hura osabari ematea bururatu zitzaion. “Finaleko egunean bertan, hasi baino lehenago, parte hartuko nuela baieztatzera joan nintzen, eta galdetu nien ea nire gonbidapena osabari ematerik baneukan, nire ordez berak parte har zezan”. Ezezkoa eman zioten hasieran, nahikoa lan bazutela eta ez hasteko gauzak nahasten. “Baina, gero, begira jarri zitzaizkidan eta ikusi zutenean urte batzuk banituela, osabaren adinaz galdetu zidaten. 92 urte zituela esan nienean, harrituta gelditu ziren. Aplikazioan ibiltzen al zen galdetu zidaten, eta nik baietz, familiako taldea geneukala eta inori ez ziola ezer barkatzen”. Baiezkoa eman zioten azkenean.
Deitu zion osabari, eta, hark hasieran zalantza pixka bat egin zuen arren, plan hoberik ez zuela eta laster prestatu zen. “Autoa hartu, Azkoitira etorri, osaba hartu, eta Sanagustinera joan ginen, ti-ta batean”, kontatu du Gaizkak. Eguerdiarte atsegina pasatu zuten osaba-ilobek. “Ederki ibili ginen, baina ederra gertatu zitzaidan”, esan du Manolok. “Erantzun nituen hamar galderak, eta partidarik ez nuela jokatu azaltzen zitzaidan”. Arazo teknikoren bat egon zen nonbait, eta Manoloren eta beste parte hartzaile baten emaitzak ez zituzten kontuan hartu. “Ez dakit hamar onenen artean geldituko zen, baina ez zen urruti ibiliko; berez, nik baino emaitza hobeak lortu zituen orduan ere”, adierazi du Gaizkak.
«Hiru minutu nahikoa dira»
Tribial erako joko bat da Egunean Behin, eta, izenak berak dioen moduan, egunean partida bakarra joka dezakete erabiltzaileek. Hamar galdera egiten zaizkie, eta, haiek erantzuteko, bost minutu dituzte gehienez. Asmatutako erantzunen eta pasatutako denboraren arabera zehazten da lortutako puntuazioa, eta sailkapen orokorra egiten da parte hartzaile guztiekin. Bi sari banatzen dituzte astero: asteko onenari ematen diote bat, eta aste horretako zazpi partidak jokatu dituztenen artean zozkatzen dute bestea. Horrez gain, taldeka jokatzeko aukera ere ematen du aplikazioak, familiartekoekin, lankideekin, kuadrillakoekin, herri berekoekin… 14.500 talde aktibo daude aplikazioaren barruan. Sailkapen orokorretik kanpo, sariak ere banatzen dituzte talde horietako zenbaitetan.
Gaizkak uda aurretik izan zuen Egunean Behin aplikazioaren berri. “Ekaina edo uztaila izango zen; artean lehenengo denboraldia zen, behintzat”. Eta ilobaren bidez jakin zuen osabak. “Beti gustatu izan zait joko kontua, eta proba egitea erabaki nuen”, aitortu du Manolok. Egunero aritu da ordutik. “Erraz eta azkar egiten da, hiru minutu nahikoa dira, eta egunean behin ibil daitekeenez, gogoz gelditzen zara. Kateatu egiten du”. Iritzi berekoa da Gaizka: “Euskaraz da, erraza da, ez daukazu gainean egon beharrik, eta denbora gutxi kentzen du. Bat-batekotasun hori gustatzen zait; bertso bat aditzea bezala da”.
Egunean Behin aplikazioko sailkapen nagusian parte hartzeaz gain, familiartekoen taldea ere badute larrañagatarrek. Jokoaren inguruan “saltsa polita” sortzen dela adierazi dute osaba-ilobek, eta nor gehiago ibiltzen direla. “Maila handia” daukatela eta “broma gutxi” izaten dutela aitortu du Gaizkak, eta Manolo ez dela atzean gelditzen. “Hamarrekoa behin egin dut, eta bederatzikoa, pare bat alditan. Baina hurrengoan, agian, lau asmatuko ditut”, esan du Manolok, barrez.
92 urte izanagatik, sakelakoarekin “nahikoa ondo” moldatzen da, eta euskaraz irakurtzera ohituta dago. “BERRIAren harpideduna da, eta egunkaria euskaraz irakurtzen du”, zehaztu du Gaizkak. Aurretik ere bazuen euskararako joera. “Azkoitiko ikastolan diruzain aritu nintzenean, euskaraz egiten nituen kontu guztiak”. Herriko ikastolaren sortzaileetako bat izan zen Manolo.
Belodromorako prest
Otsailaren 3a noiz iritsiko dago orain, orduan hasiko baita Egunean Behin aplikazioaren hirugarren denboraldia. “Beti sartzen naiz, baina geldirik daude”. Lehendabiziko finalak izan zuen arrakasta ikusita, Kike Amonarriz aurkezleak, erdi brometan eta erdi serio, erronka bota zien antolatzaileei: “Hurrengoa, belodromoan”. Aukerarik balu joango ote litzatekeen galdetuta, ez du zalantza izpirik egin Manolok: “Eramaten banaute, bai”. Eta eramango dutela agindu dio ilobak. Gogoa baldin badago, adina ez baita izaten oztopo.