Euskal arkeologiaren kristalezko sabaia induskatu zuten emakumezko aitzindarien artean dago Ana Benito (Donostia, 1956). Haren berezitasuna izan da itsaspetik egindakoa izan dela sabaiaren induskatze lana. Euskal kostaldeko urpeko ondarearen peskizan eta dibulgazioan espezialista, eta ur azaleko kai eta lurmuturren ikerketan aditua. Kontaezinak dira haren artikuluak eta lanak. Lagin bat baino ez da hau. Haren ibilbidean murgiltzeko gonbita, ur uherrik gabe.
Donostiarra zara jaiotzez?
Gurasoek Gaztelatik [Espainia] emigratu zuten Euskal Herrira. Salamancakoak ziren jatorriz, baina Extremaduran ezagutu zuten elkar, Las Hurdes inguruan, Pinofranqueado izeneko herrian. Han ezkondu ziren. Garai gogorrak ziren. Ama, ordea, oso ausarta zen. Ikusi zuen han ez zegoela aukerarik, eta emigratu egin zuten. Suitzara, Alemaniara... joaten zen garai hartan jendea handik. Haiek honaino iritsi ziren. Aita beldurtiagoa zen amaren aldean. Apurtzailea zen ama; aurreratua garai hartarako. Aitari ausartegia iruditu zitzaion Irungo [Gipuzkoa] muga zeharkatzea, eta alde honetan gelditu ziren, Donostian. Eta Donostian jaio nintzen ni.
Non?
Ategorrietan. Garai hartan jendea jaiotzen zen toki horretan. Nire belaunaldiko jende guztia han jaio zen. Eraikin erraldoi bat zen.
Zer-nolako haurtzaroa izan zenuen?
Zoriontsua, oso zoriontsua. Urte batzuetan Donostian bizi izan ginen, baina etxebizitza lortzea ez zen batere erraza —orain bezala—, eta Errenteriara [Gipuzkoa] etorri ginen. Gaztaño auzoan jarri ginen bizitzen. Trenbidea zeharkatuta iristen da bertara. Herri txiki bat bezalakoa da. Nik beti esan izan dut herri txikietan bizi izandakoa naizela. Eta herri txiki horretan zoriontsua nintzen. Oraindik ere txikia da, asko hazi den arren. Jada ez naiz han bizi. Duela hogei urte utzi nuen, nik beti nahi izan nuelako etxe bat eduki lur eremu batekin, eta lurra zapaldu, lurra landu, baratzea zaindu. Horregatik joan nintzen Zamalbidera.
«Errenteriako Gaztaño auzo hartan piztu zen hondakin, hondar, historia eta arkeologiarekiko nire ilusio eta interes guztia».
Anai-arreba asko zineten?
Hiru: ni zaharrena, eta beste bi anaia. Auzo hartan eta haurtzaroan hasi zen nolabait nire ibilbidea. Beti izan naiz irudimen eta fantasia handikoa, eta auzo hura ezin egokiagoa zen horretarako. Arramendiko kaskoa geneukan bertan. Karlisten fuerte bat zen; hondakinak baino ez dira gelditzen. Han piztu zen hondakin, hondar, historia eta arkeologiarekiko nire ilusio eta interes guztia. Han jolasten ginen, fuertera igota. Auzoko etxeak xumeak ziren, baina ia denek terraza bat zuten komunitatean. Terraza horiek haurrontzat, niretzat behintzat, transatlantikoak ziren, edo izan zitezkeen urpekoak ere. Gezurra dirudi. Orduan ere itsasoarekin lotutako kontuak. Badirudi orduan hasi nintzela landatzen gerora nire bizitza izan dena, nahi gabe.
Non ikasi zenuen?
Errenterian, ikastetxe publikoan, Biterin. Donostian, Amarako institutuan.
Ikasle ona zinen?
Ez nintzen bikain horietakoa, ez nituen sekulako notak ateratzen, baina beti aprobatzen nuen. Eta oso ongi eta bikain batzuk ere ateratzen nituen.
Baduzu irakasleren bat gogoan?
Oso urduria eta lotsatia nintzen, eta gelan asko sufritzen nuen. Akordatzen naiz historiako irakaslearekin —kasualitatea izango da—, eta fisikakoarekin eta kimikakoarekin ere bai. Latinekoa beldurgarria zen, eta matematikakoak izua eragiten zidan. Hautazkoetan marrazketa aukeratu nuen, eta sekulako zortea izan nuen. Neska gazte bat zen, asko erakutsi zidan: artea, margolaritza... Margotu izan dut, arkeologiako nire lehen marrazkiak ere orduan ikasitako teknikari esker egin nituen. Harekin ikasi nuen hori guztia. Eta izan nuen beste irakasle oso ezagun bat ere!
Nor?
Jesus Altunak Biologia eman zidan. Sekulakoa izan zen hori. Liluratuta geunden harekin. Oso ongi marrazten zuen arbelean. Gozamena zen. Biologia ematen zigun, baina bera ordurako indusketetan-eta zebilen. Afrikan ibilitakoa zen. Hitz egiten zigun bere indusketei buruz, nahiz eta biologiarekin ez zeukan zerikusi handirik. Hori zen pasioz bizi zuena, eta gu hura ezin sinetsita.
«Itsasoari eta erromatarrei lotutako gaiekin katigatu nintzen. Urpekariek parez pare ireki zizkidaten ateak».
Unibertsitatean, arkitektura ikasten hasi zinen?
Bai. Hemen ez zegoen oraindik karrerarik, eta Valladoliden [Espainia] hasi nintzen. Etxean esan zidaten ekonomikoki ahalegina egiteko prest zeudela. Kontua da oso inozentea izan nintzela; gazteegia. Saiatu nintzen lehen urtean ikasgai guztiak aprobatzen, eta hori sekulako akatsa izan zen. Garai hartan, inork ez zuen aurrenekoan lehen maila gainditzen; are gutxiago, ikasgai guztiak aprobatu. Ikasgaiak bakarka hartzen zituzten, eta aprobatzen saiatu. Nik, ordea, huts egin nuen horretan, eta neure burua asko estutu nuen: nire gurasoek ezin zuten ikasketa haiek ordaintzen jarraitu. Utzi egin nuen, eta etxe ondoan begira hasi nintzen.
Historia topatu zenuen?
Deustuko Unibertsitatean. Hura ere dirua zen, baina Donostian zegoen. Valladoliden apur bat ezagutu nuen unibertsitarioen bizitza nolakoa zen. Donostian, etxean egonda, ez zen halakorik. Dena dela, nik ikasketena oso serio hartu izan dut beti, banekielako zer-nolako balioa zeukan, eta etxean zer-nolako ahalegina ari ziren egiten. Damuren bat izan dut gerora: gehixeago aprobetxatu behar nuen bizimodu hura.
Arkeologia noiz agertu zen ibilbide horretan?
Espezialitatea deitzen den hori egin nuen, eta, beste bi ikaskiderekin batera, Aranzadi elkartera joan nintzen, Romana Enparanekin eta Belen Aldasororekin. Nire erreferentzia Jesus Altuna zen, institutuan Biologia eman zigunetik: miretsi egiten nuen. San Telmon zegoen orduan Aranzadi. Egurrezko zoruak krak-krak egiten zuen korridore ilun haietan. Han agertu ginen hiru neska lizentziatu berriak. Galdetu genuen Jesus Altunarengatik, eta oso abegikor egin zigun harrera. «Historiaurrean sartu nahi dugu», esan genion. «Sentitzen dut, benetan, baina taldea jada osatuta daukat. Ezin da beste inor sartu», erantzun zigun. Ulertzekoa da, berak oso talde sendoa zeukan, eta gu ez ginen inor. Baina esan zigun: «Agian, lagun diezaiokezue bakarrik dagoen mutil bati. Arkeologia Historikoaren saila antolatu nahian dabil». Guk: «Bale. Aurrera. Historiaurrera gentozen, baina, Arkeologia Historikora joan behar badugu, goazen».
Eta nor zen mutil hura?
Jaime Rodriguez Salis. Oiasso museoaren aita izan zena gerora, besteak beste. Harekin hasi ginen San Telmon, gelaxka ziztrin batean, kaxa grisez inguratuta... Ignacio Barandiaranekin eta Manolo Martin Buenorekin induskatzen aritutakoa zen Jaime. Santa Elenan, Juncalen... Oso xaloa eta ona zen. Oso gogoan daukat. Esan zigun: «Hemen material eta kaxa asko daude sailkatu gabekoak, garbitu gabekoak... eta hasi horrekin, nahi baduzue». Gu, zoriontsu. Santa Elenan egindako lehen erakusketa geuk egin genuen. Eskoriatzako [Gipuzkoa] indusketetan ere parte hartu genuen. Jaimeren bidez sartu nintzen erromatarren munduan. Batez ere, zeramikan.
«Iturritxiki nire bizitzako proiektua izan da: onena eta gogorrena. Ez zen erraza izan, ez zizkidaten gauzak erraz jarri».
Noiz agertu zen itsas arkeologia?
Erromatarren mundu horretan dago abiapuntua. Aranzadik beka bat sortu zuen. 1985. urtearen bueltan izango zen. Bidasoa inguruan, Higer lurmuturrean, hainbat urpekarik jasotako materiala sailkatzeko zen beka: anforak, sigillatak... Jaimek esan zidan: «Zu zara horretarako aproposena». Nik guztiari baietz esan izan diot beti. Oharra egin zidan: «Kontuz ibili behar duzu, zeren urpekari horietako batzuk oso gonazaleak dira». Ni oso gaztea nintzen haien aldean.
Hara joan zinen zu.
Tomas Hernandorenarekin harremanetan jartzeko esan zidaten. Kosta zitzaidan. Itsasontzi asko zeuzkan, eta batean eta bestean ibiltzen zen. Lortu nuen, halako batean. Hondarribian [Gipuzkoa] egin genuen hitzordua, haren etxean. Ganbara bat zeukan, eta materiala ateratzen hasi zen: kaxa bat bestearen atzetik. Guk San Telmon Higerri buruz geneukana baino askoz material gehiago zegoen han. Hura zen hura emozioa! Sekulako adiskidetasuna sortu zen han. Duela bost urte hil zen Tomas. Autodidakta zen erabat, baina bazeukan seigarren edo zazpigarren zentzumen bat gauza hauetarako. Euskal Herriko urpekaritzan aitzindarietako bat izan zen. Pertsona zoragarria. Harekin hasi nintzen, haren materiala marrazten, argazkiak ateratzen, eta inbentarioa egiten.
Itsasoari itsatsita ordutik?
Hori da. Itsasoari eta erromatarrei lotutako gaiekin katigatu nintzen. Hernandorenak beste hainbat urpekarirekin jarri ninduen harremanetan. Asko ezagutzen zituen, eta haietako askoren irakaslea izan zen. Parez pare ireki zizkidaten ateak.
Eta zeuk noiz jarri zenituen bonbonak lehen aldiz?
Bonbonak ez! Botilak dira! Bonbonek gasa dute, eta lehertu egiten dira. Gureek aire konprimatua dute [barrez].
Barkatu ezjakintasuna. Hau jarri beharrekoa da elkarrizketan.
Bai, jar ezazu, zeren oso garrantzitsua da bereiztea.
Urpekari titulua atera zenuen?
Erromatarren munduarekin jarraitzen nuen, baina itsasoarekin lotura zeukan geroz eta material gehiago iristen zitzaidan. 1987an, Iñaki Gutierrez eta Inazio Etxeberria agertu ziren Aranzadira. Maria Pilar orduko idazkariari esan zioten: «Hau aurkitu dugu. Honekin zer egin daiteke?». Kobrezko lingote batzuk ziren. Ez zuten argibide gehiegi eman nahi. Itsasotik zetozen, Getariatik [Gipuzkoa]. Pentsatuko zuten: «Nori erakutsiko dizkiogu?». Eta Ana Benitori erakutsi zizkioten, hura zelako garai hartan itsasoarekin lotura zeukan materiala jasotzen zuena, nahiz eta itsas hondoan sekula egon gabekoa izan. Urpekari ikastaroa egin nuen, eta orduan sartu nintzen lehen aldiz itsas hondoan. Orduan abiatu genuelako Iturritxikiko indusketa, beste hainbat urpekari gazterekin batera. Tartean, Javier Mazpule, hemen aldamenean dudana, orduan lankidea baino ez zena eta gerora bikotekide bihurtu dena [batera etorri dira elkarrizketara]. Elkarrekin egin ditugu euskal kostaldeko naufragioei buruzko azken ikerketak, liburuak eta erakusketak.
«Ez naiz emakumezko bakar sentitu gizonen mundu batean. Horrek ez nau inoiz baldintzatu. Ez dut arazorik izan».
Gizonezkoen izenak baino ez dira agertu zure ibilbide horretan...
Hala da, baina ni ez naiz inoiz emakumezko bakar sentitu gizonen mundu batean. Amaren gisan, apurtzailea izan naiz horretan, eta ez nau baldintzatu. Gizonezkoak izan dira ia beti nire lankideak, baina ez dut inoiz arazorik izan haiekin. Iturritxiki eta halakoetan, ni nintzen gazteena, baina ni nintzen erantzulea. Nik nekien zenbaterainoko diru laguntza geneukan, zenbat egunez lan egin genezakeen, eta nola genbiltzan larri, eta nola ezin genuen egunik eta ordurik galdu. Oso estu hartzen nituen taldekoak, egia esan.
Iturritxiki zer izan da zuretzat?
Dena. Nire bizitzako proiektua. Guztiekin gogoberotu izan naiz, hori hala da. Ezin baitut egin hunkitzen ez nauen ezer. Urratsez urrats egindako ibilbide bat izan da, eta onena eta gogorrena Iturritxiki izan da, dudarik gabe. Ez zen erraza izan, eta ez zizkidaten gauzak erraz jarri.
Badago oraindik zer deskubritua?
Ziur nago baietz. Ondare garaikidea ere existitzen baita. Javier Mazpulek ikusarazi dit hori. Prehistorian aritu nahi nuen lehenengo, gero erromatarren garaian, gero XVI. mendean... Baina XX. mendea ere hor dago. «Baina hori niri ez zait interesatzen. Hori oraingoa da», esaten nion Javierri. Eta berak erantzun: «Oraingoa? Bada, 50-60 urte dauzka!». Alde horretatik, egundoko ondarea dago oraindik hor azpian, itsas hondoan. Eta segitzen dugu ur gainera ateratzen [Naufragios en la costa vasca 1976-2016 liburua ondu zuten elkarrekin, eta bigarrenarekin ari dira orain].
Nola egiten duzue?
Informazioarekin eta datuekin. Gerrak, naufragioak... horiek guztiak hor azpian daude, Kantauri itsasoan. Frantziako, Ingalaterrako, Alemaniako urpeko ontziak, merkantzia ontziak... Batzuek besteenak hondoratzen zituzten, eta besteek batzuenak. Batzuen berri jaso dugu, baina askoz gehiago dago. Landa lan asko dago egiteko; ikaragarri.
Eta nork egingo du?
Gu dibulgazio eta ikerketa lanean ari gara. Pasaiako itsas eskolarekin harreman handia daukagu, eta urpekaritza irakasle askorekin ere bai. Sekulako profesionalak dira: 80-90 metroraino jaisten dira, eta egundoko ekipoak dituzte. Asko ezagutzen ditugu. Guk jada ez daukagunez indarrik horretarako, koordenatuak eta erreferentziak bidaltzen dizkiegu, eta haiek bueltan bideoak-eta bidaltzen dizkigute hau edo beste ikusi dutela esanez. Maite dute urpekaritza, eta barruraino sartzen dira. Guri landa lana egiten digute, eta informazio asko eman.
Noiz hartuko duzu erretiroa?
Ez daukat inolako asmorik. Hunkitzen nau lan honek.