ATZEKOZ AURRERA

Egun tristea eskolan

Haur nahikorik ez dagoela argudiatuta, Murietako eskola itxi du Nafarroako Gobernuak. Gurasoak aurka egon arren, azken eskola eguna izan zuten atzo.

Murietako eskola hutsik egonen da aurrerantzean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Murieta
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ez genuen espero. Familiei eta irakasleei ez digute beste irtenbide bat aurkitzeko aukerarik eman», adierazi du Maria Espinosa Garcia Murietako eskolako (Nafarroa) zuzendariak. Azken eskola eguna izan zuten atzo. Egun tristea. «Ikasturtea bukatzen uzteko eskatu diogu gobernuari, baina ezetz erantzun digute», zehaztu du, etsita, zuzendariak.

Giro goibel eta euritsua zegoenMurietan atzo. Inor gutxi zebilen herriko kaleetan. Herriko eskolako atarian, Murieta bizirik bere eskolarekin leloa idatzia zuen pankarta eskegita ageri zen, baina inor ez atzean. Eskolan ziren irakasleak eta eskolak zituen bi haur bakarrak. Euriagatik, bi ikasleek ez zuten aukerarik izan eskolako atari ederrera ateratzeko. Atsedenaldia eta hamaiketakoa eskola barruan egin behar izan zuten bi neskatoek.

Barruan ziren zuzendaria eta Iker Imaz euskara irakaslea ere. «Egun arraroa izan da. Ez diet klaserik eman. Nahi zutena egin dugu, haiekin egongo naizen azken eguna delako», azaldu du Imazek; aurrerantzean, Antzinera joango da eskolak ematera, kilometro gutxira dagoen herri batera.

G eta A eredua eskaintzen dituzte eskolan. Sei irakasle dira, horietako lau ibiltariak. Estellerrian dauden landa eremuetako bederatzi eskoletan irakasten dute, eta eguna herri batetik bestera ematen dute. «Etsituta gaude. Ez naiz inoiz egon horrelako egoera batean», dio zuzendariak. Izan ere, astelehenetik aurrera ez dakite zer gertatuko den haien lanpostuekin, ezta lanera nora bidaliko dituzten ere.

Josteta eta agurren eguna

Azken bi asteak «eromena» izan dira Espinosarentzat. Atzo bertan, goiza komunikabideen deiak erantzuten pasatu behar izan zuen. Ikuskaritzak aginduta, gela barruko argazkiak ere ezin izan zituzten egin. «Matematikako klasea ematen aritu beharko nuke», azaldu du, goibel. 8 eta 6 urteko bi ikasleak marrazki bizidunen film bat ikusten ari dira, eta puzzleak egiten, eskolako gela nagusian. «Ongi hornitutako eskola da: liburutegia, informatika gela, komunak, gelak, atari handia... baina haurrak falta zaizkigu», esan du, etsipenez.

Eskolako azken eguna izanik, haurrei jolasten utzi die. «Oraindik ez dut sinesten itxiko denik, baina badakit haurrak ez ditudala gehiago ikusiko. Agur esateko baliatu nahi dut eguna».

Joan den asteartean esan zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Ikuskaritzak ikastetxea itxiko zutela. Ikasturte hasieran, lau haur zituzten matrikulatuak, horietako bi atzerritarrak. Matrikulatuta jarraitu arren, ez dira eskolara joan, eta Hezkuntzak argudiatu du bi haurrekin eskola ezin dela irekia mantendu: «Pedagogikoki eta ekonomikoki ez du zentzurik bi neskato eskola batean bakarrik izateak».

Irakasleak ez eze, ikasleen gurasoak ere etsita daude. Salatu dute egun batetik bestera izan dutela erabaki horren berri. Ikasturtea hasita egonda erabakia onartezina dela diote. Haurrak eskolan ziren bitartean, gurasoak David Herrero Hezkuntza zuzendariarekin bildu ziren, baina alferrik. «Esan digu ez dagoela deus egiterik», esan du Marisol Rodriguezek, eskolan ikasten ari diren bi haurretako baten amak.

Murietako eskola itxita, Lizarrako eskola publikora bidali nahi ditu bi haurrak Nafarroako Gobernuak. Horretan, baina, Ingelesez Ikasteko Programa dute, eta gurasoek ez dute halakorik nahi. «Nahitaez astelehenean Lizarrara joan beharko dugula esan digute, baina ez dakit zer eginen dudan», zehaztu du Rodriguezek. Haurrek herrian ikastea nahi dute. «Jantokia eta garraioa ordainduko dizkigutela esan digute, baina ez nago gustura erabakiarekin. Haurrak herrian nahi ditugu».

Haurrak badira

Herrian ere eman du zeresana eskolaren itxierak. 350 biztanle ditu herriak, eta eskola adinean dauden hogeita hamarren bat ikasle daude, baina gehienak Lizarrara joaten dira egunero ikastera, hamabi kilometro eginda. D eredura, edo itunpeko ikastetxeetara. «Herritarrak kexu dira, baina haurrak Lizarrara eramaten dituzte. Oso erraza da haurrak goizean goiz autobusean sartu eta bueltan arratsaldeko bostetan jasotzea», esan du izenik eman nahi ez duen gizon batek. Bere bi haurrak eskolan ikasitakoak direla dio, eta eskola ixtea tristea dela uste du. «Ume asko daude, baina asteburuetan bakarrik ikusten ditugu herrian».

Erabakiak ustekabean hartu du udala ere. «Bat-bateko kontua izan da, eta oso gogorra. Diru franko inbertitu dugu eskolan. Azpiegitura onak ditugu», esan su Emilio Ruiz Rekalde alkateak. «Pena handia da». Alkatea heldu den asteazkenean biltzekoa da Hezkuntza zuzendariarekin, baina eskola itxirik dago jada. Atzo 13:50ean bukatu ziren eskolak, eta astelehenean ez da haurrik itzuliko gelara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.