Euskaraz ez dakidanez, Good morning». Horrela abiatu zuen aurtengo ikasturteaMario Fabo Martzillako alkateak (Nafarroa). Uxue Barkos lehendakariari mintzatu zitzaion Nafarroako ikasturte hasierako ekitaldian, baina lehendakaria ez zen isilik geratu: «Ez da euskara jakin beharrik egun on esateko; are, good morning esatea baino errazagoa da gehienontzat». Bada, ikasturtea egun on hitzekin bukatu du Sortzen elkarteak. Urte osoan erabili duen leloa da, baita igandean ospatutako bestarena ere. Milaka lagun joan ziren Iruñeko Antoniutti parkera «auzo bizi onaren eskola» babestu eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzera.
Biharamunean, kontent agertu da Sergio Iribarren Sortzen elkarteko ordezkaria: «Gustura egon ginen; egun polita atera zen, eta auzolana ongi atera zen. Benetan, jende asko behar da hau antolatzeko». Bigarren urtea da Sortzen elkarteak bestaren eredua aldatu zuenez geroztik, eta badirudi gurpila itzulika hasi dela. Lehen, eskola batek izaten zuen besta antolatzeko ardura, baina, iaztik, Sortzen-eko kide guzien ardura da. «Zure eskolak antolatzen badu, inplikazio handiagoa lortzen da». Baina eredu berriak baditu bere alde onak: parte hartzea sustatu nahi izan dute modu horretan, eta komunitatea sortu.
Afera ez da soilik barran edo dendan txanda egitea. Igandean hainbat tailer eta kalejira antolatzeko ardura hartu zuten boluntarioek. Gehienbat Iruñerriko eskolak engaiatzen dira bestan, Iruñean denez gero, baina dagoeneko hasi dira bestaren eredu berria barneratzen. Iaz azken uneko alarma deia egin zuten, txandak betetzeko jende aski ez zutelako. Aurten ez da alarmaren beharrik izan. «Pozik gaude parte hartzearekin», azaldu du Iribarrenek.
Hamaiketan abiatu zen igandeko besta, Sortzen elkartearen mezua irakurriz. Baina, horren aurretik, euskararen ofizialtasunaren aldeko kalejira egin zuten. Udaletxe plazatik abiatu zen, eta besta gunean bukatu. Egun on zioen mezu handiak egin zien harrera bertaratu ziren guziei. Mintzaldiaren ondotik hasi ziren tailerrak, jolasak, animazioa, dantzak, bertsolariak eta kontzertuak. Haurrentzako hainbat jarduera antolatu zituzten, eta parkeko jolastokia ere aprobetxatu zuten.
Egun osoan eguzkia lagun izan zuten Antoniuttira bertaratu zirenek, baina arratsaldean hodeiak mehatxuka ibili ziren. Azkenerako, eguraldiak ez zuen besta hondatu. Euria egin zuen, bai, baina dantzaldia bukatzean. Horri ere alde onik ikusi dio Sortzen-eko ordezkariak: «Ingurua pixka bat garbitu zuen».
Atzokoa urte osoko lanari txapela jartzeko modua izan zela azaldu du Sortzen-ek. Matrikulazio kanpainarekin abiatu zuten Egun on dinamika, batik bat legeak eremu ez-euskalduntzat jotzen duen zonan beldurrak uxatu nahian. Besarkatu egitasmoa egin zuten gero, apirilean, eremu horretan D eredua hautatu duten familiei eskerrak eman eta zoriontzeko. «Igandeko jaia beste inflexio puntu bat da».
Euskarari bide emanez
Egun on aldarrikatu zuten igandean. Bi hitz dira, baina atzean esanahi zabala duten bi hitz. Seme-alabek esnatzerakoan aditu beharko lituzketen hitzak dira, gurasoak erdaldunak badira ere. «Oso erraza da», dio Iribarrenek. «Egun on hitzarekin ere esan nahi dugu euskarak ofiziala izan behar duela Nafarroa osoan». Haren aburuz, bi eredu kontrajarri daude mahai gainean: «Elkarbizitzaren alde» egiten duena, D eredua, edo «hizki zoparekin» jarraitu nahi duena. «Elkarbizitzaren alde egiten duen eredu bakarra D eredua da. UPNren garai beltza atzean utzi nahi dugu».
Izan ere, D ereduan ikasten duten haurrek hainbat hizkuntza ikasten dituztela gogorarazi du. D ereduko haurrak beste ereduetan ikasten duten haurrekin elkartzen badira, gai dira haiei erdaraz mintzatzeko, baina alderantziz ez da hori gertatzen. Horregatik esan du D eredua ezarri beharra dagoela, gainerako ereduak gaindituta.
Antoniuttiko bestak, aldarrikapen horiek egiteko ez ezik, Euskal Herrian Euskaraz gida praktikoa aurkezteko ere balio izan du. Diman (Bizkaia) eta Donostian proba pilotu bana egin dute, haurrak euskalduntzeko behar den hizkuntza proiektuak nolakoa izan behar duen aztertzeko. Bost urteko ikerketa da aurkeztu duten gida hori. Iribarrenek azaldu duenez, ezinbestekoa da auzo edo herri bakoitzeko egoerari egokitutako hizkuntza proiektua erabiltzea. Toki batzuetan, eskolan sartzen diren haur gehienak euskaldunak dira; beste batzuetan, berriz, erdaldunak dira nagusi. Beraz, egoerak modu ezberdinean kudeatzeko beharra azpimarratu du Sortzen-eko ordezkariak: «Hori da euskarazko murgiltze ereduak aurrean dituen erronketako bat».
'Egun on!' Antoniutti parkean
Milaka lagun bildu dira Iruñeko Antoniutti parkean Sortzen elkartearen urteroko bestan, «auzo bizi onaren eskola» aldarrikatzeko. Bigarrenez, antolaketa ez da izan eskola bakar baten ardura, eta komunitatea egiteko aprobetxatu dute. Euskararen ofizialtasuna ere aldarrikatu du elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu