Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako egunik garrantzitsuena izan da gaurkoa, jaiei izena ematen dien Ama Birjinaren egun handia: Andre Maria Zuriaren eguna, hain zuzen. Baserritar jantzia eta arrantzaleen zapia edo zapi gorria janzten dituzte gasteiztarrek lehen aldiz, eta ez dituzte kentzen jaiak bukatu bitartean. Kuadrillen eguna ere deitzen zaio; izan ere, blusa eta nesken kuadrillek are garrantzi handiagoa izan dute gaur, haien egun handia izan baita. Lehen eguneko ajeari aurre egin, eta egun osoa eman dute festan. Omenaldietatik hasi, eta festa lehertzeraino.
Bi gasteiztar mota daude abuztuaren 5ean: katxia oraindik eskuan dutela oheratu nahi ez dutenak, eta hiriko zaindariarekin konprometitutako goiztiarrak. Bigarrenek goizeko zazpietan hasi dute egunsentiko arrosarioaren prozesioa, eta Alde Zaharreko kaleetan egin dute ibilbidea, zortzietako meza hasi arte. Andre Maria Zuriaren omenez, izen bereko plaza lepo bete da.
Meza amaituta, Ama Birjina eta falta diren senideak omentzeko loreak jartzeko prest zeuden Andre Maria Zuriaren irudian, San Migel elizaren sarreran. Negarra, urduritasuna eta poza nabaritu zaizkie bertaratuetako askori. Lore eskaintza hastear zela, kuadrillak iritsi dira, txarangen doinuek lagunduta.
Plaza, poliki-poliki, blusaz eta neskaz betetzen hasi da. Akelarre izan da goiztiarrena. Erlojuak 08:50 ere ez zituen markatzen, eta lore sorta jartzen ari ziren ordurako. Urtero, oroitarazteko momentua da lore eskaintza, eta ez dute ahazten. Erritu antzeko bat izan da kuadrilla gehienentzat, blokean igaro baitira horma hobiaren aurretik.
«Zugatik, lagun! Gurekin dago ikusten ez dugun arren, eta harengatik dena eman behar dugu gaur»
UNAI IBAÑEZBasatiak kuadrillako blusa
Basatiak kuadrillak —jendetsuenetako batek— egin du Andre Maria Zuriaren horma hobiaren aurrean lore eskaintza hunkigarrienetako bat. Argazkia atera diote Unai Ibañez blusari, han goian, eta oihu egin du lehenbizi. «Gora Gasteizko jaiak! Gora Andre Maria Zuriaren jaiak! Gora Euskal Herria!». Hitz batzuk esan ditu ondoren. «Zugatik, lagun! Gurekin dago ikusten ez dugun arren, eta harengatik dena eman behar dugu gaur», amaitu du, hunkituta. Kuadrilla bereko beste kide batek aurreskua dantzatu du gero, txistu eta danbolinekin. Beste aldi batzuetan ez bezala, euskara hutsean egin dute horma hobira igo diren blusa eta neska gehienek.
Jaiak etenik ez
Omenaldiaren ondoren, kalimotxoarekin eta garagardoarekin hoztu dute eztarria kuadrilletako lagunek. Txarangek, dultzainek eta txistulariek alaitu dute kaleko giroa. Blusek eta neskek, palestinarrei elkartasuna adierazteko zapi solidarioak eramateaz gain, banderak ere eraman dituzte. «Gu jai giroan murgilduta ibili arren, ezin ditugu palestinarrak ahaztu. Haiekin gaudela adierazteko modu bat da», esan du blusa batek, bizkor. Kuadrillarekin kalejiran dantzan jarraitu du ondoren.
Eguerdiko hamabietan, Gasteizko zortzikoa dantzatu dute Plaza Berrian. Plazaren barrualdea hesitu egin dute, eta ikusleak hesien inguruan pilatu dira. Txistulariak sartu dira plazan lehenbizi, eta dantzari beteranoak aurrena eta gazteak ondoren, binaka eta eskutik helduta desfilea eginez. Ikurrinaren omenaldia egin dute ondoren. Plaza Berria goraino bete da, Algara dantza taldearen dantza ikuskizuna ikusteko.
Parrandak ez du etenik izan egun osoan. Jaiek iraun bitartean egunero egingo duten bezala, gaur ere 16:30ean kuadrillek, federazioak lehenago eta batzordeak ondoren, joan-etorriak egin dituzte hiriko erdigunea gurutzatuz; aurten, berritasun moduan, Gaupazaleak kuadrilla agertu da lehen aldiz. Behin batu eta sekula banatzen ez den familia bat bezalakoa da blusa eta nesken kuadrilla bat.
Agur, Txomin
Ezusteko tristea ere gertatu da gaur goizean. Txomin Cantero Los Bainas kuadrillako blusa historikoa zendu da, 74 urte zituela, Andre Maria Zuriari lore sorta eman ondoren. Gaur bertan omenaldia egin diote kuadrillako kideek Canterori. Mateo Moraza kalean egindako ekitaldi inprobisatu batekin omendu dute. Blusek eta neskek zirkulu bat sortu dute, eta txaranga bat arduratu da Agur jaunak jotzeaz. Musikarekin batera, Fede Reguero egungo presidenteak lore sorta bat jarri du erdian. Jarraian, gainerako kideek blusak, gerrikoak, musuzapiak eta beste utzi dituzte. Canteroren heriotzak beste kuadrilla askotako kideak ere hunkitu ditu, Gasteizen oso pertsona ezagun eta maitatua baitzen.