ATZEKOZ AURRERA. Antton Aranburu. Musikaria

«Egun, disko doblea ateratzea suizidio komertziala da»

Aranburuk irailetik aurrera eraman nahi ditu taulara 'Kaos#Kosmos' proiektuko kantak eta ipuinak, dela ohiko kontzertu moduan, dela espazio txikietarako «kontzertu literario» gisa.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Antton Aranburuk (Bilbo, 1979) musikatik eta literaturatik edan du azken lanean: Kaos#Kosmos. Hogei kanta eta beste horrenbeste ipuin bildu ditu hor. Ipuinak abestien «hitzaurre» gisa idatzi ditu, «kantugintzaren generoari ikuspegi zabalagoa emateko». Bi disko balira bezala irudikatu du proiektua: haren webgunean musu truk jaitsi daiteke, baita euskarri digitalean entzun ere. ARTgia aretoan aurkeztu du azken emaitza, berriki.

Zergatik erabaki duzu euskarri digitalean baino ez ateratzea?

Euskarri fisikoek ez dute zentzu handirik gaur egun. Gitarra eskolak ematen ditut, eta ikasleek ez dute inoiz CD edo binilo bat erosi. Horregatik erabaki nuen jendearengana jotzea era altruista batean. Edonola ere, eskola zaharrekoa naiz, eta txartel moduko USB memorietan ere gorde dut, lagunen artean banatzeko.

Euskarri fisikoa baztertzeak aldaketa dakar musika ogibide moduan ulertzeko ereduan?

Aldaketak maila guztietan gertatu dira. Adibidez, diskoak grabatzea guztiz aldatu da. Pertsona askok hartu dute parte Kaos#Kosmos-en, baina ez dugu derrigor bildu behar izan: pista bat grabatu, norbaiti bidali... Jendea ez doa estudio handietara dena batera grabatzeko.

Nola eragiten du horrek?

Batetik, norbera bere lanaren jabe da, eta, bestetik, merkeagoa da. Baina ikasketa prozesua behar da: akats asko egiten dira, eta bidea egin ahala ikasi behar da. Etekin ekonomikoa ateratzea ezinezkoa iruditzen zait. Egun, suizidio komertziala da disko doblea ateratzea. Ez dut etekinik nahi: barruko behar baten ondorioz atera dut guztia, eta jendearen eskura jarri.

Disko honetan ipuinak gehitu dituzu. Lehen aldia duzu?

Ipuingintzan, nolabait, ari naiz. Ipuinen antzerki musikalak egiten ditut: haurren liburutegietan, Kolore Anitzak proiektuan... Kaos#Kosmos proiektuan beste modu batean aritu naiz; lehen aldiz egin dut horrela, eta, agian, azkenekoz.

Ipuin askotan bidaiez ari zara, edo atzerriko lekuetan girotu dituzu: Txile, Kuba, Frantzia...

Aita izan arte asko bidaiatzen nuen: motxilarekin, bizikletan askotan... Kaos#Kosmos diskoen ipuinetan islatzen dira azken urteetan bizitakoak. Ez dira errealitatean oinarritzen, baina errealitatetik edaten dute, nolabait.

Bizipen pertsonal horiekin lotuta al dago proiektuaren izena, kaosa eta kosmosa?

Izen horiek metafora psikologiko batera eraman ditut: barruko kaosa eta barruko kosmosa. Musika estiloan nabaritzen da hori.

Nola eramango duzu proiektua zuzeneko emanaldietara?

Bi modu ditut buruan: batetik, bandarekin, orain arte bezala; eta, bestetik, kontzertu literarioagoetan, lankide dudan aktore batekin. Azken formatu hori irudikatu dut arte galeria, liburutegi eta halako espazioetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.